ELKARRIZKETA

«Arkeologiak berri onak ekarri ditzake edo arazoak sortu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 18a, 08:00
Karlos Olaetxea Elosegi. J. ARTUTXA

Karlos Olaetxea berastegiarrak betidanik izan ditu gustuko arkeologia eta historia; gaur egun, Gordailuko zerbitzuen eta museoen burua eta zentroko zuzendaria da.

Gipuzkoako ondare arkeologikoaren altxorra behar bezala gordetzeaz arduratzen den pertsonetako bat da Karlos Olaetxea Elosegi (Berastegi, 1962). Ikasketak medio, Berastegitik Tolosara eta Donostiatik Madrilera joan zen. Urte luzez liburuzain izan ondoren, Lurralde Arkeologoa izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta 2016az geroztik, Gordailua zentroko zuzendaria da. Iaz eszedentzia eskatu zuen urtebeterako eta urrian itzuliko da lanera. Ondare arkeologikoarekiko interes eta kontzientzia falta dagoela nabarmendu du, baina ez du zalantzarik Irulegikoa aztarnategi oso aberatsa izango dela.

Wikipedian orrialde bat daukazu, eta hori ez du edonork. Bertan dioenez, gipuzkoar ikertzailea, arkeologoa eta historiaurrean aditua zara. Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Nire fazeta ezagunena arkeologiari lotutakoa da. Horretan aritu naiz bizitzako zati handienean. Hala ere, urte luzez liburuzaina ere izan nintzen, Tolosako eta Donostiako liburutegietan, Gipuzkoako Foru Aldundian goi teknikari kargua eskuratu arte. Arkeologo bezala, ikerketa-mailan urte batzuk egin nituen, baina gerora, lan administratiboan aritu naiz, arkeologiari lotuta, eta ikerketak alde batera utzi nituen. 2016an, arkeologo bezala lanean ari nintzela, Gordailua zentroko eta museoetako zerbitzu buru izendatu ninduten.



Betidanik gustatu izan zaizkizu arkeologia eta historia? Nondik datorkizu zaletasuna?

Bai. Unibertsitate-ikasketak aukeratzerako orduan zalantzaren bat izan nuen, baina azkenean Historia ikastea erabaki nuen. 18 urterekin gutxi gorabehera, Aranzadira jo nuen, Jexux Altunarengana, eta hortik aurrera arkeologiara bideratu nuen nire ibilbidea. Ikasketak amaitu ondoren, historiaurrearen arloan doktoretza tesia egitea erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa? Nola bizi zineten Berastegin?

Orduko Berastegi ez zen hain herri txikia; gaur egun adina biztanle zituen. Herriko bizitza egiten genuen, beti kalean geunden, lagunekin. Eskolako oroitzapenak ere baditut. Gu euskaldunak izanda, guztiz erdalduna zen; nahiko arrotza izaten zen guretzat. Kanpotik etortzen ziren irakasleak, Palentziatik edota Toledotik, esaterako. Bestela, haurtzaro zoriontsua izan zen. Mendira joaten nintzen, lagunekin nahiz senideekin. 7 urterekin, ikasketengatik, Tolosara jaitsi ginen; Eskolapioetan ikasi nuen. Bizitzako etapa berri baten hasiera izan zen, aldaketa izugarria, bertako bizimodura ohitu behar izan genuelako.

Garai hartan etxea zen euskararen arnasgunea?

Bai, kalea ere bai. Ia ez zegoen erdaldunik. Eskolaz kanpo, guztia euskaraz egiten genuen. Nik banekien gaztelaniaz zerbait, telebistan entzuten nuenagatik, baina baziren zailtasun handia zuten haurrak, ez zutelako ulertzen irakasleek esaten zietena, eta irakasleak, gainera, oso gogorrak ziren hizkuntzarekin.



Tolosan bizi zinetela, nerabezaroan sartzearekin batera, Frankismoaren azken urteak izan ziren. Nola gogoratzen duzu?

Garai oso gatazkatsua izan zen, batez ere, Tolosan. Eskolapioak herriaren erdigunean zeuden, Trianguloa plazan, eta bertatik ateratzen ginenean, maiz izaten ziren istiluak eta grebak. Gogoan dut poliziaren edo Guardia Zibilaren presentziaren aurrean, etxeetan gorde behar izaten genuela. Dena den, asteburuetan Berastegira etortzen ginen, lasaitasun bila.

Gero, Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu zinen, Historian. Hala ere, esan duzunez, zalantza egin zenuen.

Hasieran zalantza izan nuen, Historia edo Zuzenbidea ikasi, baina gerora ez; batez ere, orduan, Historia ikasi ondoren, lan aukerak ez zirelako batere onak. Oso zaila zen historialari aritzea. Nire kasuan, zortea izan nuen, ikasten hasi baino lehen lanean ari nintzelako Tolosako liburutegian, eta beraz, ikasketak amaitu ondoren bide horretatik topatu nuen nire ogibidea. Azkenean, benetan gustuko nuena aukeratu nuen, historiaurreko edukiak lehen urtean lantzen direlako, eta zuzenean Aranzadirekin harremanetan jartzen hasi nintzelako. Horri esker, indusketa lanetara joaten hasi nintzen.

Historiaurrea ere gai oso zabala da. Orduan, Aranzadin espezialitate bat aukeratu behar zuen bakoitzak, eta Burdin Aroaren ikerketarena hautatu nuen. Orduan, Angel Armendariz, Xabier Peñalber eta Joxean Mujikarekin aritzen nintzen. Gipuzkoan oso gutxi aztertua zegoen, pentsatzen zelako ez zegoela garai hartako herrixkarik. Araban, adibidez, indusketa gune oso aberatsak zituzten.


Karlo Olaetxea Gordailuan, Zaharberritzaile Kongresu bateko bisitariekin. GORDAILUA


Euskal Herritik Madrilera joan zinen gero, bertako Complutense Unibertsitatean aurkeztu baitzenuen doktore tesia, Euskal Herriko protohistoriako zeramikari buruzkoa. Nolako esperientzia izan zen?

Egia esateko, oso modu berezian egin nuen tesia, eta nahiko berandu. 1985ean lizentziatu nintzen Historian eta 1999ko urtarrilean irakurri nuen tesia. Hasiera batean, Euskal Herriko Unibertsitatean egitea pentsatzen nuen, baina ez nuen tesia zuzentzeko inor topatu. Gaiak nahiko astuna zirudien, eta gainera, gauza berezi bat egitea zen nire asmoa, hain justu, zeramikaren teknologia aztertzea. Horretarako, laborategietan lan asko egin behar ziren. Kasualitatez, Martin Almagrok, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Historiaurreko departamenduko zuzendariak, nire tesia zuzenduko zuela esan zidan. Oso jatorra izan zen nirekin, eta erraztasun handia eman zidan, une horretan Tolosako liburutegian lanean ari nintzelako eta ezin nuelako utzi. Lanean jarraitu nuen, eta klaseak presentzialak baziren ere, tesia hemendik egin ahal izan nuen. Ez nintzen erabat Madrilen egon; oso noizbehinka joaten nintzen. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak emandako beka bati esker, maizago joan ahal izan nintzen Madrilera.



Zertarako balio izan zizuten unibertsitate-ikasketek eta tesiak?

Berez, doktoretza tesiak bereziki zuzenduta daude unibertsitatean irakasle izateko. Nire kasuan, tesia egin ondoren, artikuluak argitaratzen eta unibertsitateko Geologiako departamenduarekin elkarlanean jarraitu nuen. Hala ere, ez zidan gehiagorako balio izan, liburutegian lanean jarraitzen nuelako. 2002an, Gipuzkoako Foru Aldundian goi teknikari izendatu nindutenean, oposizioetarako puntuak eskuratzeko balio izan zidan.

Argitalpenak aipatu dituzu. 1993an, Xabier Peñalverrekin batera, 'Azken brontze aroa eta burdin aroa Euskal Herrian' liburua argitaratu zenuen.

Historiaurreari buruz euskaraz idatzi genuen lehen liburua zen; laburpen bat izan zen. Garai horretan, Burdin Aroa oso gutxi ezagutzen zen Gipuzkoan eta Bizkaian. Lehen ikerketekin hasi ginenean, aukera hori suertatu zen, Ediciones Mensajero argitaletxearen bitartez. Hala ere, hori idatzi genuenetik aldaketa handiak egon dira egin diren indusketa- eta ikerketa-lanetan. Nahikoa atzerakoia geratu da liburua.

2012an, talde batekin, Debako Praileaitz kobazuloko barrunbe karstikoetan trazatzaile batekin egindako entseguen inguruko artikulu bat argitaratu zenuten, Espainiako Geologia Elkartearen 'Geogaceta' aldizkarian.

Honek zerikusi handiagoa du nire lan profesionalarekin. Foru aldundian arkeologo nintzela, Praileaitzeko gatazkan egotea egokitu zitzaidan. Zenbait froga, ikerketa eta analitika egin genituen, kobazuloa noraino zabaltzen zen eta eragina zuen ingurua noraino heltzen zen jakiteko. Lan horiek hidrogeologoek egin zituzten eta niri sinatzea egokitu zitzaidan; esperimentua aurrera eramaten lagundu nuen. Oso interesgarria izan zen, eta gerora, aipamen asko izan zituen artikuluak.

Eta 2017an, 'Andoain Burdin Aroan' artikulua idatzi zenuen Andoaingo ikerketa historikoen aldizkarirako, Aranzadin zeundela, Buruntzako herri-harresituko indusketetan egindako lanari buruz.

Arkeologo bezala egin dudan lan garrantzitsuenetakoa izan da Buruntzakoa, nire ibilbidean egin dudan indusketa-lan nagusiena. Lehenik, miaketa lan batzuk egin nituen Gipuzkoan zehar, Burdin Aroko herrixka batzuk deskubritu nituen, lankide gehiagorekin batera. Buruntzakoa nik deskubritu nuen, eta gerora, baimena eskatu nuen indusketa arkeologikoa egiteko. Udaran aritzen ginen lanean, eta bizpahiru urtez luzatu zen. Emaitza onak ematen hasi zen, besteak beste, zeramikako pieza ederrak. Azkenean, Andoainen ezagutzen ez zen herrixka bat aurkitu genuen. Gaur egun, Gipuzkoan hamar bat herrixka daude.

 

«Nire ibilbidean egin dudan indusketa-lan nagusiena izan da Buruntzakoa»



Ikerketa arkeologiko gehiago ere egin izan dituzu, Gipuzkoako Burdin Aroan gehien bat.

Guztiak ziren berriak eta oso interesgarriak guretzat. Anoetako Basagain deskubritzea ederra izan zen; harresiaren hondakinetan zegoen errotarri handi batekin egin genuen topo. Arrasaten ere, antenaz betetako mendi batean Murugain herrixka deskubritu genuen. Aurrerago, ikerketak alde batera utzi nituen, eta arlo administratiboan lan egitera igaro nintzen. Baina ikerketetan aritzeak abantaila eman zidan ikerlari guztiekin harremana izateko, eta Gipuzkoan uneoro zer deskubritzen ari ziren jakiteko. Oso aurkikuntza garrantzitsuak egon dira, besteak beste, Labar-artearekin lotutakoak, niretzako benetan harrigarriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamenduko goi teknikari arkeologoa izan zinen, hamahiru bat urtez. Zertan aritu zinen?

Lurralde arkeologoa izan nintzen. Ikerketa proiektuetarako baimen guztiak nire eskuetatik igarotzen ziren. Obra batzuetan, aztarnategi arkeologiko bat dagoenaren susmoa dagoenean, eraikitzaileak eta lurren jabeak behartuta daude indusketa edo miaketa arkeologikoak egitera, eta kasu horietan, baimenak nik jasotzen nituen. Baimenak emateaz gain, proiektuen diru laguntzak ere kudeatzen nituen.

Nire espezialitatetik atera, atzerago jarri, eta arkeologiaren ikuspegi zabalagoa edukitzeko balio izan zidan, baita aztarnategiak bisitatu eta indusketa-lanak nola egiten zituzten bertatik bertara ikusteko ere. Askotan, badira kontraesanak; arkeologiak berri onak ekarri ditzake edo arazoak sortu. Horren adibide nagusiena Praileaitzeko gatazkarena da. Bertan egotea eta bertako gatazka bizitzea egokitu zitzaidan, eta oso gogorra izan zen. Enpresarekin izan genuen harremana ez zen onena izan, eta haitzuloa ikertzeko edota babesteko zailtasun handiak izan genituen. Prozesu oso luzea izan zen.

2016an, Gordailuako zerbitzuen eta museoen burua eta zentroko zuzendari izendatu zintuzten.

Garai horretan, Denis Itxaso orduko Kultura diputatuak, garrantzia eman nahi izan zion Gordailua eta museoak hartzen zituen zerbitzu berri bat sortzeari, zentroari bultzada bat emateko, eta beraz, postu berri bat sortzea erabaki zuten. Espero gabe heldu zitzaidan aukera. Nahikoa zailak diren baldintzak bete behar dira postu horretan lan egiteko. Lehiaketa bat egin zuten, baina ni bakarrik aurkeztu nintzen. Orain arteko urteetan bultzada handia eman zaio Gordailuari. Aldaketa nabarmenak izan dira, eta politikarien aldetik diru laguntza handiagoak eman zaizkigu. Oro har, hazkunde handia izan du.

Zer egiten duzue Gordailuan?

Hasieran, Gipuzkoako ondarearen kutxa bilakatu nahi genuen. Izenak esaten duen bezala, Gipuzkoako artelan etnografikoak, ondare industrialeko lan garrantzitsuenak, gordetzeko tokia da, segurtasun handiarekin eta etorkizunean erabilgarri egoteko. Baina ez dugu nahi bakarrik bertan ondo gordeta eta zainduta geratzea, noizbehinka kalera atera eta jendeak ikustea baizik. Gordailua bera ez da museo bat, baina museoak Gordailuaren erakusleiho dira. Horregatik sortzen da harremana museoekin, batez ere, Donostiako San Telmorekin, gure bazkide nagusienarekin. Bertan ez daukate biltegirik, lanak gordetzeko lekurik, eta guztia hemen gordetzen dugu. Erakusketak sortzen ditugu urtero, eta piezak atera eta berriro itzultzen dira.

 

«Gordailua bera ez da museo bat, baina museoak Gordailuaren erakusleiho dira»



Bestetik, zenbait bilduma pribatu Gordailuara erakartzea lortu dugu, bertan esku partikularretan baino hobeto gorde eta kontserbatzen direlako. Horrez gain, artisten familiekin harremana izatea lortzen dugu, eta sortzen diren sinergiak aprobetxatzen ditugu. Besteak beste, erakusketetarako, komisarioek Gordailuan dauzkate bilduma askotako obra guztiak, eta toki berean egonda, aukera handia dute hautaketa on bat egiteko.

Garrantzia handia du, gainera, Gordailuan dagoen Gipuzkoako depositu arkeologikoak. Indusketa-lan guztietan aurkitutako materiala Gordailura eraman behar dute, bertan ikertzeko. Ni, adibidez, tesia egin nuenean, Gasteizko deposituan aritu nintzen lanean, eta orain, Gordailuara etortzen dira mundu guztiko ikertzaileak, piezak aztertzera. Instalazio onak eta txukunak dauzkagu, baldintza onenetan.

Herritarrak benetan al dira kontziente zentroak duen dimentsioaz eta garrantziaz? Zer nabarmenduko zenuke bertatik?

100.000 pieza etnografiko eta artelan ditugu, baita 100.000 pieza arkeologiko ere. Tamaina aldetik, 9.000 metro koadro ditu. Tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko makinak ditugu, plagarik edo onddorik ez sortzeko, baita itsasoko piezentzako igerileku bat eta erregistro eta zaharberritze gelak ere. Urte onenetan, 800 pieza ateratzen ditugu erakusketetarako, eta guzti hori nola atera eta nola sartzen den kontrolatzeko ezinbestekoa da giza-baliabide onenak izatea. Bertara joaten direnak txundituta geratzen dira, baina askok esaten dute ez dela toki ezaguna. Gu saiatzen gara herritarrak erakartzen; horretarako, bisita gidatuak antolatzen ditugu.

 

«100.000 pieza etnografiko eta artelan ditugu, baita 100.000 pieza arkeologiko»



Nola erabakitzen duzue Gordailuan zer gorde eta zer ez?

Nahiko erabaki zaila izaten da, baina batzorde bat dugu horretarako. Dohaintzan pieza asko jasotzen ditugu, eta ederrak eta garrantzitsuak izaten dira gehienak. Askori, ordea, zerbait ekartzera etortzen direnean, ezezkoa eman behar izaten diegu, gehienetan piezak errepikatu egiten direlako. Duela urte batzuk arte, piezak pilatzen joan ginen, eta orduan, bildumak osorik erosten genituen. Orain jabetu gara askotan bilduma handiek ez dutela behar bezainbesteko garrantzia. Elementu eta mota guztiak ordezkatuta dituen bilduma bat eduki nahi dugu, baina kalitatea da lortu nahi duguna, kopuruaren gainetik. Esaterako, 300 giltza zahar edukitzea ez da horren garrantzitsua, batez ere, ez badakigu zein etxetakoak diren, baina giltza bat etxe jakin batekoa dela edo momentu jakin batean erabili zela jakinez gero, beste 300 giltzak baino garrantzitsuagoa bihurtzen da. Hutsuneak betetzen joango gara, baina errepikatu gabe.



Eta zenbat dira kanpoan geratu diren piezak?

Asko. Sortu dira aukerak bilduma izugarriak ekartzeko, baina ez dira ekarri. Elementu asko ondo ordezkatuta daude, eta ez ditugu gehiago behar. Askotan esan behar izaten dugu ezezkoa. Aitortuak izan diren gipuzkoar artisten artelan bana edo bina gorde nahi ditugu; beste guztiek ez dute interesik guretzat.

Gaur egun zein da arkeologiaren eta ikerketa lanen inguruan duzun ikuspegia, oro har? Badira gazteak gai hauen inguruan interesa dutenak?

Historiako ikasketekin gertatzen denak zerikusia du honetan. Ikasle asko izaten dira ikasketetako lehen urteetan, baina gerora, ofiziorako zailtasuna oso handia da. Esaterako, indusketa-lanetara unibertsitatean dauden ikasle asko joaten dira boluntario modura, gustuko dutelako, baina ondoren, ikerketa-karrera batekin jarraitzeko aukera oso txikiak izaten dituzte. Unibertsitateko plazak oso mugatuak dira, bertako irakasleak baitira gehienetan ikerketa lanetan aritzeko aukera dutenak. Ikerketa arkeologikoetan lan egiten dutenek modu prekarioan aritu behar izaten dute. Inbutu bat bezala funtzionatzen du. Asko dira lehen urtetan interesa azaltzen dutenak, baina gero bakar batzuk gara aurrera jarraitzea erabakitzen dugunak, eta errealista izanik, ez zait iruditzen aurrerantzean gehiago zabalduko denik.

Adibidez, nola lagundu dezake Irulegiko eskua bezalako aurkikuntza batek?

Horrelako aurkikuntzek interes maila areagotzen dute, prentsaren laguntzari esker, eta erakundeek ematen dituzten diru laguntzetan ere nabaritzen da. Irulegin egoteko aukera izan nuen, eta Mattin [Aiestaran] bera ezagutzen dut. Nire bizitza osoan ez dut antzekorik ikusi. Pieza asko aurkitzen ari dira, eta ez dut zalantzarik aztarnategi oso aberatsa izango dela.

Eremu horretan zerbait gehiago aurkitu dezaketela uste duzu?

Bai. Hizkuntza desberdinetan, hala nola, euskaraz, iberiarrez edo grekoz idatzitako testu bat aurkitzea izango litzake onena. Aurrerapen handia izango zen euskararentzat, itzulpen lanak egiten lagunduko lukeelako. Orain irakurtzen badakigu, baina ez dakigu itzultzen.

Duela urte batzuk elkarrizketa batean esan zenuen ondare arkeologikoaren balioaz kontzientziazioa falta zela eta ezagutza falta handia zegoela ere bai. Zein da zure iritzia orain?

Niri iruditzen zait gazte garaian kontzientzia ekologikoa ondarearekiko kontzientzia baino askoz gehiago hedatu zela. Ondarearekiko kontzientzia badago, baina askotan talde txikiak izaten dira, noizbehinka dei bat egiten dutenak. Oro har, ezagutza faltagatik, askori zaila egiten zaio ulertzea zerbait babestu egin behar dela, aurrera jarraitu eta berritu ordez, eta aztarnategi arkeologiko bat aurkitzen bada, hori mantentzeko zerbait berria ez eraikitzea kostu handiegia dela iruditzen zaio. Beraz, gure ondarea mantendu eta ikerketa lanak babesteko kontzientzia falta handia dago oraindik.

«Gure ondarea mantendu eta babesteko kontzientzia falta handia dago»

 

MOTZEAN

Berastegin eta Donostian bizi izan zara, baina kostaldea edo landa-eremua, zer duzu nahiago?

Garaian garaikoa. Gaur egun, gusturago nago Berastegin.

Bertako txoko kuttun bat?

Uli mendi aldera ia egunero joaten naiz orain. Nire ibilbide eta toki kuttunenetako bat da.

Museo bat.

Gustatuko litzaidake Gipuzkoan arkeologiari lotutako museo bat egotea, baina bat aukeratzekotan, Donostiako San Telmo museoarekin geratzen naiz. Etnografia, artea eta arkeologia aldetik, gipuzkoarron historia osoa bertan dago laburtuta.

Aurkikuntza arkeologiko bat.

Irulegiko eskua. Azken ehun urteetan egin den aurkikuntza garrantzitsuena iruditzen zait.

Historiaurreko garai garrantzitsuena?

Guztiak dira garrantzitsuak, baina Burdin Aroa dut kuttunena.

Eskutan izan duzun piezarik bitxiena?

18 edo 19 urte nituela, Zestoako Amaldako haitzuloan, limaza deitzen dioten bare itxurako neandertal garaiko pieza bat atera zuen lankide batek. Zoragarria zen, suharri zurian egindakoa. Emozio handiko unea izan zen niretzat.

Eta inoiz eduki ez eta edukitzea gustatuko litzaizukeena?

Burdin Aroko aztarnategi batean brontze baten gainean euskaraz idatzitako testu bat. Irulegiko eskuaren antzekoa, baina oraindik garatuagoa.

Gordailuan dagoen pieza bereziena?

Arrasateko Lezetxikin aurkitu zuten neandertal zaharraren besahezurra. Badirudi emakume batena dela, duela 180.000 urtekoa.

Arkeologoa edo ikertzailea ez bazina…

Historialari izatea gustatuko litzaidake, artxiboetan dokumentu zaharrak irakurtzen ikasteko eta Erdi Aroa aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!