Dantza-borroka senegaldarra, Berastegiko Gazte Festetan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 14a, 17:14
Mikel Sarmiento berastegiarrak eskaini zuen iaz, bakarrizketa, Xabi Barriola eta Mireia Garaibururekin batera.

Gazte Festetako ekitaldi nagusiak ostiralean eta larunbatean izango dira; Berrobiko antzerki taldeak ‘Aingerutxoak’ lana eskainiko du larunbatean

Pasa den asteburuan hasi zituzten Gazte Festak Berastegin, baina ekitaldi nagusiak datorrenean izango dira. Berotzen joateko Frontenis Txapelketako finalak egin zituzten pasa den asteburuan eta sagardotegira irteera ere egin zuten. Sagardotegira 35 lagun joan zirela esan du jaiak antolatzeko ardura duen Urepele Biltokiko Jon Iparragirre lehendakariak. Frontenis Txapelketan nesketan Mireia Barriolak eta Eneritz Lasartek irabazi zuten, bitarikoen artean Aiora Lasarte eta Iban Garaiburuk, mutiletan banaka Xabi Zubiriak eta binaka Iker Saizarrek eta Julen Garaiburuk.

Ohikoa eta gehiago
Ostiral eta larunbat honetan izango dira ekitaldi gehienak, dena den. Urteroko moduan futbola, musa, musika eta dantza izango dira protagonistak eta bi izango dira ekitaldi bereziak Iparragirrek esan duenez. Batetik, Berrobiko antzerki taldea gonbidatu dute eta Aingerutxoak lana eskainiko dute. Urtero izaten dute antzezlanen bat, iaz hiru berastegiar izan ziren taula gainean bakarrizketak eskaintzen eta aurten Berrobikoei deitzea adostu zuten.

Berrobiko antzerki taldearen estreineko antzezlana da hain zuzen, Berastegin ikusi ahal izango dena eta orain gutxi Antzezmotz lehiaketan eskaini du taldeko Arantzazu Rodasek. Berrobitarra finalera pasa zen, baina ez du saririk eskuratu. Aingerutxoak euskarazko lan onenaren eta zuzendaritza onenaren saria eskuratzeko aukera ere izan zuen, baina horiek ere ez dituzte etxeratu. Antzezlana larunbatean ikusi ahal izango da, 17:30ean. Eta antzezlana eta gero ikusi ahal izango da beste berrikuntza, LAMB dantza-borroka erakustaldia. Biltokiko lehendakariak esan duenez, Tolosan bizi den senegaldar talde batek eskainiko du, «ez dakigu oso ondo zer izango den, iaz capoeira ikusteko aukera izan genuen, eta hau ere ildo berekoa izango dela pentsatzen dugu, ea zer eskaintzen diguten».

Gazte Festetako urteroko hitzordua da ere herri afariarena, ostiralez egiten dute beti, eta hor herrian bizi diren eta kanpora joandako 16 urtetik gorako gazteak biltzen direla esan du Iparragirrek. Aurten 125 txartel saldu dituzte jada.

Berastegiko Gazte Festak

Martxoak 17

  • 18:00.  Futbol partida herriko neska-mutilen artean. Bitartean, martxoaren 19ko galdeketarako aurretiazko bozka emateko aukera egongo da. Ondoren, triki-poteoa egingo dute.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 00:30. Erokomeri erromeri taldearen emanaldia, goizaldera arte.

Martxoak 18

  • 15:00.  Mus Txapelketako
  • finalak.
  • 17:30. Aingerutxoak Berrobiko antzerki taldearen antzezlana. Ondoren, sagardo dastatzea eta LAMB dantza-borroka erakustaldia Tolosalko senegaldarren eskutik.
  • 00:30. Bihozkada taldearen kontzertua eta eta Fan&Go erromeri taldea goizaldera arte.

Martxoak 19

  • 09:00-20.00. Gure Esku Dagoren galdeketa eguna. Botoa emateko aukera egongo da aparkaleku berritik Kale Nagusirako pasabidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!