Pozik jasotako sariekin?
Bai, oso pozik gaude.
Lehenengo aldia da sariren bat jasotzen duzuela?
Bai, hala da. Iaz hasi nintzen Idiazabal gazta ekoizten kopuru handietan. Gazpio marka orduan sortu genuen, iazko udazkenean. Aurreneko aldia da lehiaketara aurkeztu garela, eta saria jaso dugu.
Nolatan hasi zinen iaz gazta kopuru handiagoetan egiten?
Ardiekin-eta lehendik banenbilen. Fabrikara lanera joaten nintzen eta ardiekin ere aritzen nintzen. Orain hiru urte Armuino artegia alokatu genuen, eta iaz erabaki nuen ezin nuela jarraitu bi lekuetara lanera joanez; eszedentzia hartu nuen eta buru belarri gazta ekoizten hasi nintzen.
Zenbat gazta mota egiten duzue?
Idiazabal gazta ekoizten dugu, eta naturala, ketua eta gazta zaharra ere egiten ditugu. Gaztak dituen hilabeteen arabera, aukera jartzen dugu berriagoa edo zaharragoa erosteko.
Zer kopuru egiten duzue gutxi gorabehera?
Iaz 5.000 kilo pasatxo egin genituen.
Gustura zaude gazta egitera dedikazio osoz aritzeko hartutako erabakiarekin?
Bai, oso gustura. Txiki-txikitatik hori amesten nuen. Egun batean iritsi zen aukera eta aurrera egin dugu. Sektorea ez dago oso ondo ere, baina lana eginez eta pixka bat sakrifikatuz ea aurrera egiteko aukera dugun.
Horrelako sariak iritsi badira, lana ondo egiten ari zaren seinale izango da, ezta?
Bai, hala esango nuke. Jendeari ere gazta gustatzen hasi zaio. Bestea Bilboko lehiaketara aurkeztu nuen, eta izan zen goi samarrean geratu zen lehenengoa. Lehiakide guztien artean zortzigarren geratu zen, puntuazio oso politarekin. Lehenengo urtetik hor azaltzen hastea lana ondo egiten dugun seinale izango da.
Sari hauek balio dute zuen izena eta zuen gazta ezagutarazteko, ezta?
Bai, hala izaten da. Datorren urtean ere asmoa dugu Munduko Txapelketara aurkezteko. Aurkeztu, denetara aurkezten gara.