ELKARRIZKETA

«Baratzeak beti eskatzen du gainean egotea, lanean segi eta segi aritzea»

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 28a, 07:59
Edurne Jauregi Ordiziako Azokan. I. GARCIA LANDA

Bizitza erdia baino gehiago eman du Edurne Jauregik Ordiziako Azokan asteazkenero, bere baratzeko produktuak saltzen. Azokei eta baratzezaintzari etorkizun iluna ikusten dio baliarraindarrak.

Aurtengo uztailean 42 urte bete behar zituen Edurne Jauregik (Baliarrain, 1952) Ordiziako Azokan asteazkenero postua jarriz, eta berak landu eta jasotako barazkiak salduz. 2023ko azken asteazkenean egon zen postuan azken aldiz. Baliarraingo Irabiazpi baserrian jaioa, bertako lurrak lantzen aritu da Jauregi urte luzez, bezeroei produktu onenak eskaintzeko. Baratzean jarraituko du lanean, baina etxekoentzat izango da uzta. Aurreko asteko asteazkenean izan zen berriro ere azokan, lagunei bisita egitera. Hainbat bezerok ere kasu egin zioten bisita egiten ari zela; 40 urte luzez postu baten atzean egoteak bere eragina sortzen baitu inguruan.



Nola bizitu duzu Ordiziako Azokara egindako bisita?

Oso arraroa izan da. Gainera hutsune handia bilatu dut, beste batzuk ere falta zirelako. Jende gutxi zegoela iruditu zait, agian goiz zelako, eta postu gutxiago zeudelako. Postuetan zeudenak ere esan didate jende gutxiago zebilela. Egia esan, sasoi baxuena izaten da jenero aldetik, baina jan behar den kontu horrekin, beti saltzen da. Ni egoten nintzenean betiko bezeroak, asteroko bezeroak, izaten ziren, eta haiek oso fin etortzen ziren.



Azokako postuen artean giro ona dago, edota lehia da nagusi?

Harreman ona dago, bestela ez genuke hainbeste urte iraungo. Gainera, norbaiti ez bazaio gustatzen postu bateko jeneroa, eta besteak hobea badu, normala da bestera joatea. Nik, behintzat, ez nuen gaizki hartzen.

Postukoekin hitz egin duzunean zer komentatu dizute?

Ba barazki gutxi ikusten dela orain; beste postu batzuk daude: gaztak, ogiak eta horrelako gauza gehiago ikusten dira. Lehen dena egoten zen berduraz josita, baina orain iruditzen zait gutxiago dagoela. Neguan egoteak eragiten du, eta negutegirik ez baduzu nabaritu egiten da. Eta hori negu nahiko onak egiten dituela. Pentsatu garai batean zer-nolako izotzak egiten zituen. Letxugak ere ez zenituen aldatzen, alferrik izaten zen, denak izorratu egiten zirelako. Azkenaldiko klima honekin, epeltasun gehiago dago, negu eskasagoak izaten dira eta letxugak aldatu egiten nituen, eta koskorragoak baziren ere, atera egiten ziren.

Eta zuri zer esan dizute?

Orain hobeto biziko naizela. Baina oraindik ondo asimilatu gabe dut egoera. Ez dakit astelehena edo asteartea edo zer egun den. Postura etortzen nintzenean astelehenetan hasten nintzen porruak ateratzen eta zuritzen; lana ematen du horrek. Asteartetan moztekoak biltzen nituen. Gustatzen zitzaigun produktuak ahalik eta freskoenak eramatea. Egun bakoitza zertarako zen hartuta nuen, eta orain batetik lasaitasuna, baina bestetik nahastuta sentitzen naiz, eta ohitzen ari naiz egoera berrira. Egun bakoitza azokaren egunaren arabera antolatuta izaten nuen, konpromisoa nuelako bertara joateko.



Nolakoa izan zen postua azken aldiz jarri zenuen eguna?

Gabonetako Azoka Berezia izan zen. Gauzak jaso nituenean hunkigarria izan zen; familiakoak-eta etorri ziren despedida egitera lora sortarekin. Ez nuen espero eta hunkigarria izan zen. Baserritarrak ere etorri zitzaizkidan agur esatera, eta bezeroek ere triste, «guk orain zer egin behar dugu?» esaten zidaten.

Hemendik aurrera ere tarteka joango zara azokara?

Bai, noski, joango naiz. Niretzako Ordizia oso kuttuna da. Txikitatik amarekin etortzen nintzen. Orduan denok etorri nahi izaten genuen, baina ez zegoen denontzako tokia. Aurrena astoarekin Altzagaratetik bueltan joaten ziren, amaren garaian; gero herriko bat taxi-gidari jarri zen, eta harekin joaten ziren. Aurretik autobusean ere bai; astoarekin Legorretara jaitsi eta handik autobusean. Orduan errepiderik ez zegoen baserrietaraino; gero, errepideak egindakoan, kotxea ekarri eta kotxearekin ibiltzen ginen. Pentsatu zenbat aldaketa izan diren!

Ia 42 urte eman dituzu Ordiziako azokara joaten astero. Aurretik ere, esan duzunez, joaten zinen amarekin.

Ni 16 urterekin neskame joan nintzen Tolosara. Han bost urte egon nintzen, eta gero amak istripua izan zuen eta etxera bueltatu nintzen, berak ezin zuelako mugitu. Gero ahizpa hasi zen postura joaten eta hari laguntzera joaten nintzen. Handik bi urtera ezkondu egin nintzen eta Azpeitira joan nintzen bizitzera. Han zazpi urte pasa nituen. Senide guztiak kanpora ezkondu ziren, eta gurasoak eta osaba genituen, eta ezin bakarrik utzi, eta ni etorri nintzen etxera. Oso kontraste handia izan zen kaletik baserrira bueltatzea. Han ohituta nengoen egunero ateratzera eta lagunekin kafetxoa-eta hartzera, eta gero baserrira etorri eta atera gabe lana, lana eta lana... Oso txoke handia izan zen. Orain oso gustura bizi naiz, herri polita dugu.


Edurne Jauregi Baliarraingo bere baratzean 2010ean. I.G.L.


Beraz, Baliarrainera itzuli, eta hortik aurrera Ordiziako postura joatea ere tokatu zitzaizun.

Bai, hasi nintzen postuaren ardura izaten. Umea txikia zen, orduan bakarra nuen, eta gero etorri zen bestea. Baliarrainen ez zegoen eskola txikirik, eta Alegiara joaten ziren. Gero Alegiakoa bukatzerakoan, Tolosara joan ziren, eta ez zen Baliarrainera autobusik igotzen. Oso goiz jaitsi behar izaten zen Ikaztegietara, eta gero berriz igo eta txikia prestatu. Ez zegoen orain bezainbesteko garraio publikorik. Egia esan ez dut asko erabili ere, baserri batean bizita kotxerik gabe ezin baita egon. Orain eskatu daiteke garraioa, eta igo egiten zaitu; lehen ez zegoen, eta buelta gehiago ematen zenituen. Azoka egunetan amonarekin utzi eta berak autobusera ateratzen zuen haurra, edo beste batzuekin jaisten zen; ahal zen bezala moldatuz.

Nola sentitu zinen postuaren ardura hartu zenuenean?

Orain askoz ere erosoagoa dago, mahaiekin-eta. Orduan lurrean jartzen ziren kaxak; amaren garaian oso berdura gutxi izaten zen. Orduan babarrunak, arrautzak, oilaskoak... izaten ziren. Oiloak-eta beste kale batean jartzen zien, Oilo kalea deitzen zitzaion. Plazan arrautzak, porru batzuk, azak eta horrelakoak ziren, ez zegoen gaur egungo barietaterik. Baserrietan lehen babarrunei ematen zitzaien garrantzia. Lekariak izaten ziren, hiru kilo horietakoak, eta orduan lurrean jartzen ziren; bi banku izaten ziren, eta hor jartzen ginen. Gero hasi ginen kaxetan jartzen, eta berdura gehiago jartzen; ondoren mahaiak jartzen hasi ziren eta orduan mantelak-eta jartzen genituen. Oso arraro sentitzen ginen mahaiekin, baina oso txukun edukitzen genuen, azpian kaxak eta gainean saltzekoak jarriz. Orain hobeto dago alde horretatik, txukunago.

Nolatan joaten ziren familiakoak Ordiziako Azokara?

Amak esaten zuen beti, bere aitarekin, nire aitonarekin, hasi zela 8 urterekin joaten. Birramona ere joango zen... Nik ez nuen ezagutu, ezta amona ere. Birramona Lazkomendikoa zen, eta horregatik joango zen bera ere azokara.

Tolosako Azokara ere joaten ziren?

Garai batean joaten ginen, baina aspaldi ez nintzela joan. Larunbatero joaten zen ama Tolosara, eta Donostiara ere joaten zen, Bretxara. Irunera ere joan izaten ginen, trenean. Handik orgazain bat azaltzen zen jeneroa eramateko. Sagarra saltzen zen, eta sagar garaian joaten ginen; kilotan saltzen zen Irunen, eta Donostian eta Ordizian dozenaka saltzen zen. Irunera frantsesak joaten ziren erostera, eta oso azoka polita izaten zen. Ni neu ere Tolosara joaten nintzen tarteka, jenero asko nuenean; baina gero utzi egin behar izan nuen. Bi azoketara joateko lan gehiago egin behar zelako baratzean. Senideek-eta laguntzen zidaten, baina lana berdin egin behar zen, eta Ordiziara joatearekin nahikoa nuen eta Tolosara ez joatea erabaki nuen. Ordizian ostiral arratsaldetan ere egiten hasi ziren azoka, eta bi urtez joan nintzen, baina hori ere utzi egin behar izan nuen, lan handia zelako; gainera, gehienek asteazkenetan erosten zuten eta ostiraletan gutxiago saltzen zen.

 

«Ni neu ere Tolosara joaten nintzen tarteka, jenero asko nuenean»



Ez du inork jarraituko zure postuarekin, Irabiazpiko produktuekin?

Momentuz ez behintzat. Bere lana ere baduelako; ez bada inor azaltzen behintzat. Familiako belaunaldi asko izan dira bertara joaten, baina orain gelditu egin da. Nik uste dut beste postuekin ere hori gertatuko dela. Pandemiarekin askok utzi egin diote joateari, eta gero TicketBai kontuarekin ere gertatu da hori.

Eta nola iritsi zen uzteko erabakia?

Azokan 40 urte egiterakoan uztekoa nintzen, baina segitu egin nuen, eta azkenean iritsi da uzteko garaia. Gainera ez naiz orain lehen bezala moldatzen. Bakarrik motz geratzen naiz; senideek laguntzen dute, baina horiek ere bere lanak dituzte. Baratzeak beti eskatzen du gainean egotea, lanean segi eta segi aritzea.

Zer botako duzu faltan gehien Ordiziako Azokatik?

Jendea. Familia bat bezala sentitu ditut, eta konfiantza dut beraiekin. Denekin nik harreman ona dut. Horregatik tarteka joango naiz bisitan; lehengoko ohitura horiek ez ditut galduko.

 

«[Ordiziako Azokatik] jendea botako dut faltan; familia bat bezala sentitu ditut»



Eta nola izaten zen postuan egotea? Denbora guztia zutik...

Bai, zutik egoten zara, baina ohitu egiten zara azkenerako, ibilian zaudelako. 06:30ak ingururako azokan izaten ginen, eta gero 14:00ak inguru arte egoten nintzen, ia azkenekoa izaten nintzen. Orain 12:30erako hasten dira jasotzen; orduan dendak 13:00etan ixterakoan joaten zen norbait, eta orain ere izaten zen baten bat. Inguruko herrietatik ere joaten dira. Ordiziako Azoka oso garrantzitsua izan da, eta bertako prezioak aste guztian zehar mantentzen ziren.

Nola zehazten zenituen prezioak? Beste postuei begiratzen zenioten?

Bai, begiratzen genien; batzuk garestiago zirela eta besteak merkeago izatea ez zitzaizun gustatzen. Hori bai, jeneroaren aldea ere badago; leken garaian, adibidez, zakarragoa edo leunagoa izan... Gogoratzen naiz orain dela urte asko etorri zitzaidala emakume bat leken prezioa galdetuz; ez dakit zehazki zer esan nion, baina hiru euroan-edo esango nion, eta berak esan beste postu batean bi euroan zegoela, eta ea prezio horretan salduko ote nion, eta nik ezetz, nire preziotik behera ez niola salduko. Nik esan nion lasai ibiltzeko, eta prezio hobea topatu bazuen hari erosteko. Alde egin zuen, baina atzera bueltan etorri zen. Nahi zuen beste postuaren prezioan niri erosi; bestean zakarragoa izango zen, eta nik orduan leunagoak nituela-eta, merkeago erosi nahi zituen.

Garai batean prezioarekin tratu gehiago egiten zen?

Bai, lehen gehiago egiten zen, eta amaren garaian zer esanik ez. Orduan ia jenero guztiaren inguruan izaten zen prezioarekin tratua. Garai hartan jende asko joaten zen erostera goizeko seietako trenean. Errekarderak deitzen zitzaien, dendak-eta zituztenak, eta Donostiatik eta Errenteriatik etortzen ziren erostera. Zakuka erosten zituzten, lekak-eta; baserritarrentzat hainbeste jenero kentzea asko zen orduan, kontuan izanik baserritar gehiago zeudela orduan. Horiek merkeago eramaten zuten, asko eramaten zutelako.

Azkenaldian jendeak ez du prezioa galdetzen aurretik; hori asko aldatu da urteetan zehar. Saiatzen zara ahal duzun produktu onenak eramaten, baina batzuetan ez da erraza, negutegirik ez baduzu. Jendeak baloratu egiten du naturalak direla, zaporean eta denean. Borraja batzuek ere zer usain botatzen duten baloratu egiten dute. Beste batzuek, berriz, ez dakite barazkien garaiak noiz diren, eta neguan lekak eskatuko dizkizu inork ez dituenean. Supermerkatuan beti ikusten dituzte, eta galdetu egiten dute. Tomateak negu-neguan ezin dira eduki.

Aipamen berezi asko jaso dituzu Ordiziako Azokan.


Edurne Jauregi. T. MADINABEITIA


Asko izan dira bai, urtero ematen zidaten. Azkenekoa irailean jaso nuen. Ahal duzun gehien saiatzen zara postua txukun izaten. Niretzako ohore bat izaten zen aipamen berezia jasotzea; lau postu onenei ematen zitzaien-eta. Askotan ezin zen denetik eduki, baina behitzat saiatzen ginen. Idiazabal gaztaren kofrade ere egin ninduten, eta baita ama ere. Azokak 500 urte egin zituenean ere sari bat eman zidaten. Ordiziako herria nahiko ondo portatu da, eta nik uste dut nik ere nahikoa egin dudala.


Urtero aipamen bereziak jaso zituen Jauregik Ordiziako Azokan; irudian 2004koa. J. ASTIBIA


Zer etorkizun du Ordiziako Azokak?

Nik uste dut azokak galtzen ari direla. Adineko asko daude postuetan, eta Ordiziakoa astearen erdian dago; Tolosakoa larunbatetan izaten da. Lehen etxekoandrea arduratzen zen erosketak egiteaz, eta gaur egun bikoteetan biek etxetik kanpo lana egiten dute, eta normala da horiek ez joatea, askok ezin dutelako. Beste asko, ordea, zentro handi horietara joaten dira, eta han dena izaten dute, eta agian egun guztia bertan pasako dute. Erosotasuna bilatzen dute. Eta beste batzuk, berriz, estimatzen dutenak garaiko jeneroa eta hemengoa, horiek azoketan erosiko dute. Orain hasi da gazte jende gehiago sanoago jaten, baina gero hori prestatu egin behar da, eta denbora izan behar da horretarako. Gaur egun ez da horrenbeste denbora pasatzen sukaldean.

Eta baratzezaintzaren etorkizuna?

Iruditzen zait gero eta jende gutxiago ari dela horretan. Gazte batzuk hasi dira, eta poza ematen du, baina oraindik gutxiegi iruditzen zait. Orain zerotik hastea oso gogorra dela iruditzen zait; aurretik zerbait duenak aukera gehiago izango du, baina etorkizuna beltza ikusten dut.


Edurne Jauregi Baliarrainen, bere baratzean, artxiboko irudian. J. OZAITA


Etxean ikasiko zenuen baratzezaintza, ezta?

Bai, baina behin ere ez da ondo ikasten, beti ezberdin ateratzen da. Sukaldaritzan berdina gertatzen da, behin ere ez duzu ondo ikasten. Nik besteengandik ikasi dut, eta beti ilargiaren arabera egiten saiatzen nintzen, baina hala ere ezberdin ateratzen zen; eguraldiak beti eragiten du eta baita lurra nola dagoen ere, hezetasun handiarekin edo lehorrago dagoen. Ni gustura joango nintzatekeen ikastaroren bat egitera, baina denbora eskatzen zuen, eta ez nuen horretarako aukerarik. Lehen gauza asko etxean egiten genituen, letxuga haziak-eta landatu, adibidez. Lanagatik bidaiatzen zuen anai batek ekartzen zizkidan hazi berriak, eta barietatea ere handitzen joan zen.

Lan hori naturarekin erabat lotuta dago.

Bai, hala da. Ikusten duzunean ondo hazten ari direla, beste sentsazio bat da. Beti ere horretan zaude; barazkiak ederrak daudela ikusten duzu, eta zuk ere disfrutatu egiten duzu. Jenero ona ateratzen denean eta jendeari hori eskaintzen diozunean gauza ona da hori.

 

«Jenero ona ateratzen denean, eta jendeari hori eskaintzen diozunean, gauza ona da hori»



Nolako lana da baratzean aritzea?

Lotua da eta gogorra ere bai, baina gustatu egin behar zaizu. Neguan bai da gogorra; esaten zidaten neguan postuan egotean hotz handia pasako nuela, baina hori ez zen ezer guretzako, baserrian aritzen ginenean gauzak preparatzen okerragoa izaten zen, euria egiten bazuen goitik behera bustita aritzen ginelako.

Baratzearekin jarraitzeko asmoa duzu?

Etxerako-eta pixka bat egingo dut, familiarentzat. Lasaiago arituko naiz orain, baina erabat ez dut utziko.

 

MOTZEAN

Gehien gustatzen zaizun barazkia?

Entsalada zalea naiz: letxuga eta tomatea.

Lan gutxien ematen duen barazkia?

Letxuga eta lutxarbitxoak, horiek etortzen dira azkarren.

Eta zailena edo lan gehien ematen duena?

Porrua, baratxuria eta patata, horiek denbora askoan egon behar dute, eta lan gehiago behar dute.

Zer barazki eskatu dizute gehien?

Letxuga, porrua, azenarioa, tipula... Horiek dira gehien saltzen direnak.

Eta gutxien eskatzen zizutena?

Oraingo berri horiek, errukulak eta horrelakoak, gutxiago eskatzen dituzte.

Sukalde batean zein dira izan beharreko barazkiak?

Baratxuria, tipula eta porrua; eta patata ere gehituko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!