«Hiriekin alderatuta Baliarrainen dagoen lasaitasuna gustatzen zait»

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 10a, 10:28

Ez da geldirik egotekoa Eneko Garmendia (Baliarrain, 1981), baina garbi du bere jaioterrian bizi nahi duela. Masajista da ofizioz, kirolaria afizioz. Futbolean aritzen da Alegiako Intxurre taldean, eta hainbat txapelketa irabazi ditu lokotx biltzen; azkena, aurtengo Gipuzkoakoa.

Nola deskribatuko zenuke Baliarrain?

Gipuzkoa barnealdean naturaz inguratuta dagoen herri txiki polit bat.

Gauza asko aldatu dira txikia zinenetik?

Aldaketa handia izan du ni txikia nintzenetik. Herriko plaza aldatuta dago erabat gu gazte ginenetik. Lehen, plaza erditik pasatzen zen errepidea, eta gora eta behera ibiltzen ziren autoak. Orain, plaza berria egin denetik, oinezkoentzat bakarrik da. Aldaketa handia eta aldekoa izan da. Etxebizitzen aldetik ere aldatu da. Lehen, herrigunearen inguruan hiruzpalau baserri zeuden, eta orain herri ingurunea etxe berriz osatuta dago.

Eta giro aldetik aldatu da?

Egia esan, giro aldetik berdintsu mantentzen da, ez da aldaketa handirik sumatzen. Etorri den jende gehienak lotura bat badu herriarekin, aita edo ama dela.

Agian, orain bizitza gehiago egiten da plaza inguruan?

Egia esan, orain askoz ume gehiago dago, gure gazte garaiarekin alderatuta. Biztanleria handitu denez, askoz ume gehiago dago, eta antzematen da plaza inguruan-eta bizi gehiago dagoela.

Baliarrainen jaio zinen, eta han jarraitzen duzu. Ez duzu inoiz pentsatu beste herri edo hiri batera joatea?

Ez zait inoiz burutik pasatu herri handiago batera bizitzera joatea. Asteburu batean edo bestean joaten gara lekuren batera, baina gero gure herrira gustura etortzen gara.

Zer txoko gustatzen zaizu gehien Baliarraindik?

Bada herritik pare bat kilometrotara, bideari segituta, hori bukatzen den lekuan, atsedenleku bat, San Juan Iturri izenekoa. Leku lasaia da, eta ikuspegia ere oso polita du, Txindoki eta Aralar guztia ikusten direla. Udan, eguraldi ona dagoenean, oso polita da, eta, neguan, hotza eta fresko egin arren, gustuko tokia da.

Eta bizimodutik?

Gehienbat, hemen dagoen lasaitasuna, hiriekin edo herri handiekin alderatuta.

Horregatik, agian, ez zinen joango hiri batera bizitzera, demagun, Donostiara?

Noizbait joan izan garenean, pentsatu dugu Donostian baino Baliarrainen hobeto bizitzen dela.

Garairen bat nabarmenduko zenuke herrira joateko?

Urte guztian, garai bakoitzak baditu bere gauza onak. Agian, festetan, abuztuan, baina ez nuke garai bat bereziki nabarmenduko.

Norbait egun-pasa bat egitera gonbidatuz gero, zer plan proposatuko zenioke?

Kontuan hartuta ingurune guztian mendia dugula, eta Ibiur urtegia ere badugula, Ibiurtik buelta bat ematea proposatuko nuke, gero jarraitu San Juan Iturrira, eta Gaintza eta Altzagarate inguruan buelta bat eman. Bukatutakoan, herriko ostatuan bazkari on bat egingo genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!