Kultur etxe berriaren inguruko parte hartze prozesua abiatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 12a, 19:00

Apirilaren 24an, maiatzaren 14an eta ekainaren 5ean, 19:00etan udaletxean egingo dira bilerak.

Asteasuko Udalak 2021ean  erabaki zuen Kabela Berri eraikina eta bere orubea erostea, bertan kultur etxe berri bat egiteko. Ordutik hona, kontratazio espedientea tramitatu eta planeamenduan beharrezko aldaketak egin dituzte eta iazko uztailean dagoeneko udalak sinatu zuen eremu horren jabetza eskritura. Orain, herritarrekin batera kultur etxe berria izango denaren erabilpena nolakoa izango den eta zein behar ase behar dituen erabakitzeko parte hartze prozesua jarri du martxan. Apirilaren 24an, maiatzaren 14an eta ekainaren 5ean egingo dira bilerak eta herritar guztiak daude bertan parte hartzera deituak. 19:00etan izango dira hitzordu guztiak, udaletxean.

Asteasun kultur jarduera ugari antolatzen dira eta udal ordezkarien ustetan 2004an eraiki zen kultur etxeak ez du gaitasun nahikorik antolatzen diren jarduera guztiak hartzeko. Udaletik egiten den eskaintza zabala gauzatzeko, beste hainbat udal eraikin erabiltzen dituzte: eskola zaharrak, kiroldegia, Lizardi etxea edota udaletxea, esate baterako. «Elkarrengandik sakabanatuta daude eta nahasmena dakarkie familia askori. Gainera, udalari gastu handiagoa dakarkio eraikin bat baino gehiago aldi berean irekita mantentzeak; gastu ekonomikoa eta energetikoa biderkatu egiten da». Udal baliabideak eraginkorragoak izan daitezen Iraunkortasun Legeak dioenari kasu egin eta horregatik erabaki du udalak herritarrei eskaintzen zaizkien jarduera guztiak eraikin bakar batean, kultur etxe batean zentralizatzea. 

Udalak herriko plazaren inguruko kokapena nahi zuen kultur eraikin berrirako, herriko plazaren inguruan baitaude herriko zerbitzu nagusiak. Horregatik, eta udaletxetik 100 metro ingurura egon daitezkeen orubeak eta eraikinak aztertu ondoren, erabaki zuten egokiena Kabela Berriko orubea zela. Une honetan, egikaritze proiektua idazten ari da udala. «Dokumentu teknikoa da, eta obra bat eraikitzeko behar diren planoak, zehaztapenak eta eraikuntza xehetasunak zehazten ditu». Aurtengo urte amaierarako bukatuta egotea espero dute udal ordezkariek.

Herritarrei parte hartzeko mezua

Asteasuko Udalak beharrezkoa ikusten du kultur etxe berriaren diseinuan herritarrak parte hartzea. «Ez da etxe soil bat izango, gure herriko kultur bizitza jasoko duen kokalekua izango da. Bestelako kultur etxe bat sortzeko aukera izango dugu orain, irekia eta erabilgarria, herritarren bilgune izango dena, adin eta ezaugarri ezberdinetako herritarrek erabili ahal izango dutena, elkarrekin sortzeko, gozatzeko eta amesteko». Kultur etxe berria herritarrentzat aterpe eta topagune izatea nahi luke udalak.

Kultur etxe eta liburutegia izateaz gain, udalaren beste hainbat zerbitzu ere jasoko ditu eraikin berriak, hala nola, ludoteka, haur txokoa, ikasgela edota Gaztelekua. Udal ordezkarientzat plaza inguruaren egokitzapena borobiltzera dator kultur etxe berriaren proiektua. «Beraz, guztiok dugu gure beharrak, nahiak eta ametsak partekatzeko aukera prozesu honetan. Denon ekarpenak izango dira baliagarriak eta denen ideiak izango dira ondo jasoak».

Apirilaren 24an, maiatzaren 14an eta ekainaren 5ean izango da horretarako aukera. «Herri bizitza herritarrekin eraiki behar da eta horretarako denon presentzia beharrezkoa da», esan dute udal ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!