Gehigarria: IX. Pello Mari OtaƱo bertso-paper lehiaketa

Jaitz bertsoak

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 21a, 16:00

Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketan gazteen mailako lehen saria eskuratu du Beñat Zeberio Mateos asteasuarrak.

  • Gazteen maila-lehen saria
  • Beñat Zeberio Mateos (Asteasu, 2005)
  • Doinua: Bakardadeak (Jon Martin)


1.
Nahiz agian zuk ez uste, 
pertsona batzuen grinek 
diotezen hitz arinek 
gehiago pisatzen dute. 
Nahiz haiek sakatu mute, 
egingo diete, klaro,
haiei jaramon gehiago. 
Zergatik entzuten bide
dira_haien xuxurlak nire 
oihuak baino_ozenago?

2.
Nahiz katez lotua libre 
den nire_ahots oparoa, 
hitzero estutzen doa
ta oihu guztiak nire 
ahots korden amilbide, 
eztarriaren kaltea;
ezin askatu katea.
Dena handia den mundu 
honetan hain zaila dugu 
infrasoinu izatea.

3.
Nire_ahotsaren joera
ezin da erraz aldatu: 
belarri batetik sartu
eta bestetik atera.
Ta deus hobetze aldera
in ezin dezakedala, 
umeldu zait betazala.
Gor mundu batean legez, 
oihukatu dut "mesedez, 
norbaitek entzun nazala!"

4. 
Begiratuz albotara, 
nabaritu ditut di-da
bi begi niri begira
ta, magnetismoa traba, 
ezin nire begirada
bi begi haietatik ken.
Begi haiek bazekiten
ni nola_utzi hitzik gabe,
ixiltasunaren jabe, 
hitzik gabe hitz egiten.

5.
Eta inpaktu zuzenez
zidan azala zulatu
eta bihotzean sartu.
Bere begiratu emez
aski jarraitzen zuenez
nire bihotza betetzen, 
jarraitu zuen gailentzen 
bion hitz egin ezinak,
 sentimendu_haren uhinak 
deuseztatu ez zitezen.

6.
Ahoan ze paralisi! 
Lehenengo momentutik 
argi utzi dit zergatik,
 behintzat hala dut iritzi, 
ez nintzen inoiz iritsi 
inorekin oraindaino 
hitzak erabiltzeraino: 
begiradaz argiago 
transmititzea baitago 
hitzak erabiliz baino.


7.
Irribarre bat pausatu 
zitzaigun ezpain ertzetan, 
uzkurdurak masailetan
 hala baitzuen kausatu. 
Indarren batek bultzatu 
ninduen aurrea_hartzera. 
Zaila da azaltzen, zera,
ni zerk bultzatu ninduen 
biok babesten gintuen 
isiltasuna haustera.

8.
Eta "gustatzen zatzaizkit" 
esan nion maiteminez, 
malkoak eutsi ezinez, 
baiezkoaren aurretik. 
Bolumen kontuengatik 
ez gara ibiltzen larri,
 antzina_egin gisa sarri; 
bi infrasoinuren talka, 
belarrira xuxurlaka 
mintzatzen gara elkarri. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!