Jende ugari Santamañako Jaietan

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 18a, 15:04

Asteasuko auzoan giro paregabean ospatzen ari dira jaiak. Goizean jende ugari elkartu da, gainera. Meza, hamaiketakoa, trikitilariak eta herri kirolak izan dituzte. Afal aurretik kalejira egingo dute eta egunari trikitilariekin emango diete amaiera.

Autoa uzteko eta hamaiketakoa egiteko txoko guztiak lepo bete dira Santamañan. Ermita barruan ere mahaiak jarri behar izan dituzte. Kanpoan, trikitilarien doinu alaiak entzuten ziren. Ondoren, Peñagarikano eta Irazu bertsolarien txanda izan da. Hauek sortutako barre artean itzuli dira trikitilariak oholtzara. Bertsolariak ere dantzan jarri dituzte.

Herri kiroletan Asteasuko gazteen arteko desafioa ikusi da. Harri jasotzen, lokotx biltzen, zaku lasterketan eta korrika ibili dira. Berdinketarekin amaitu denez lehia, sokatiran erabaki nahi zuten irabazlea. Baina ez da posible izan, hemen ere tiraldi bana irabazita geratu baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!