Euskaltzaleak Asteasun bildu dira gaur

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 8a, 18:39

Euskaltzaleen Biltzarra elkarteko zuzendaritzak urtean behin Hego Euskal Herriko herriren batean egin ohi duen bisita egin zuten atzo Asteasun.

Gaur Euskaltzaleen Biltzarreko kideak gure eskualdean izan ziren. Villabonan, Subijana etxea bisitatu dute aurrena eta Mintzola Fundazioan, Bertsozale Elkartean eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan egiten duten lana gertutik ezagutu dute. Segidan, Asteasura gerturatu eta Pili Legarra alkatearen agurra jaso ondoren, udaletxeko areto nagusian egin dute bilera. Bazkalaurretik, Muskerraren bidea jarraituz bisitatu dute biltzarreko kideek Asteasu eta Iturri-Ondon egindako otorduarekin borobildu dute eguna.

Gidari ezin hobea izan dute horretarako. Euskaltzaleen Biltzarreko kide da Gillermo Etxeberria asteasuarra eta bera arduratzen da, urtean behin gutxienez, Hegoaldean zehar egiten dituzten bisitak antolatzeaz. Aurten bere sorterrira ekarri nahi izan ditu zuzendaritzako kideak: «Ezin da esan Hegoaldean Euskaltzaleen Biltzarra oso ezaguna denik. Bi ekitaldi izaten ditugu urtero, zuzendaritzakoak talde txikian ibiltzen gara irteera horietako batean –gaurkoa adibidez– eta bestean, bazkideekin autobus bat osatu eta tokiak bisitatzen ditugu». Lehenengoetariko irteeretako bat Azkoitira egin zuten eta iaz, adibidez, Pasaian izan ziren. «Hegoaldeko kultura hau iparraldekoek ere ezagutu dezaten antolatzen ditugu bidaiak. Batzuetan, agian pixka bat triste egon daitezke eta hemengo kultur mugimendua ikusita ea animatzen diren», dio Etxeberriak.

Historia luzeko elkartea

Bistan da irteerak antolatzea ez dela Euskaltzaleen Biltzarraren egiteko bakarra, duela 116 urte sortu zenean bezala, «gaur egun ere, euskararen alde lan egiteko asmotan dihardu». 1901eko irailean Euskal Herri osoko euskaltzaleak bildu ziren Hendaian elkartea sortzeko. Zaldubi idazleak zuzendu zuen lehen bilera eta hastapenetan jardun zuen, esaterako, Arturo Kanpionek.

Hasierako batasun giroak ez zuen luzaz iraun, I. Mundu Gerraren ostean elkartea zatitu eta Hegoaldeko euskaltzaleak baztertu zituztelako biltzarretik. Hori horrela gertatu zen 1960an Mixel Labegerik buruzagitza hartu zuen arte. Aro berrian, Ikas zentro pedagogikoa sortu zuen haurrentzako ikasmateriala euskaraz ateratzeko.

Azken aldian, hainbat libururen argitaratzea bideratu du elkarteak Piarres Aintziart 2013ra artek lehendakariak azaldu duenez: «Urtero omenaldiren bat egiten dugu eta horren karian liburuak argitaratzen ditugu. 2003an Heletan, adibidez, Etienne Salaberry omendu genuen eta 2006an Jean Etchepare medikua Alduden. Guzti horien inguruko liburuak argitara eman ditugu elkartearen eskutik».

Aurten Maiatz aldizkaria omenduko dute eta horren inguruko ekitaldiak ere iragarri ditu Mizel Jorajuria egungo lehendakariak. «Euskal Biltzarrekoek pazko astelehenean Saran egingo den liburu azokan parte hartuko dugu eta Maiatz aldizkariaren inguruan atera dugun argitalpena aurkeztuko dugu».

Gaur Asteasun egin duten bileran aurrera begira ere jarri ziren Euskaltzaleen Biltzarra elkarteko kideak eta besteren artean, zendu berri den Marijane Minaberriren lan bilketa bat egiteko aukera aztertu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!