'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua' liburua, euskara batuan

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 8a, 10:29

Mikela Elizegi, Pello Errotaren alabak, Antonio Zavalari kontatu zizkion pasarteekin osatu zuen liburua eta Auspoa bilduman jaso 1963an. Orain Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Hauspoa bilduman ikusi du argia hirugarren argitalpenak, Asun Garikano tolosarrak euskara batura moldatua eta Bernardo Atxagaren hitzaurrearekin.

Mikela Elizegi (Asteasu, 1869 – Donostia, 1967) Pello Errota bertsolariaren zortzi seme-alabetan laugarrena izan zen; bera ere, aita bezala, bertsotan egiten zekiena.

Antonio Zavalak, guztira, 303 obra argitaratu zituen; horietako 276, Auspoa bilduma hirukoitzean: bilduma arruntean 259, ertainean 5 eta Auspoaren Sail nagusian 13.

Horietatik guztietatik, Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua hauxe da Auspoako libururik harrigarrienetakoa. Emakume baten ahotsetik mundu zaharra bezain liluragarria azaltzen digu, bere garaiko ikuspegitik eta orduko moduan adierazita. Ahots honetan du euskal literaturak –eta ez soilik ahozkoak– ahotsik ederrenetako bat.

Hirugarren argitalpeneko hau Asun Garikanok ipini du euskara batuan, ahalik eta gehien errespetatuz jatorrizko idazkera eta zeuden-zeudenean utziz bertsoak. Alabaina, pasarte batzuk lekuz aldatu ditu, azken aldera eramanez, kontakizunaren mesedetan.

Hitzaurreei dagokienez bi ditu, lehena Bernardo Atxagak argitalpen honetarako bereziki idatzi duena, eta Antonio Zavalak 1963ko argitalpenerako egindakoa,  zegoen-zegoenean mantendu dena.

Liburua ilustrazioz hornitua dator, Hauspoa sail berriak hartu duen bideari jarraikiz, oraingo honetan Xabier Sagastak (Gasteiz, 1982) egin ditu marrazkiak.

Bernardo Atxagak honela dio hitzaurreko pasarte batean:

“Zenbat balio dute, poetikoki, Mikela Elizegik hurbileko heriotzen aurrean esandakoek? Zakur amorratuak hozka egindako neskatoaren pasarteak, kasu, edo hemeretzi urterekin hildako ahizparenak? Ezin da neurtu. Nire aldetik, ohar bakarra egin dezaket: halako inpresioa egin zidatela liburuko pasarte horiek non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan”.

Hauspoa bilduma

Hauspoa bildumaren bigarren zenbakia da hau. Bilduma honetan argitaratuko dira, euskara batuan, Antonio Zavalak Auspoan plazaratutako alerik esanguratsuenak. Hala, gazte eta gazteen eskuetan ere ipini nahi dira altxor bikain horretako bitxirik ederrenak.

Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin eleberriak estreinatu zuen Hauspoa bilduma berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!