Ez gaixotasuna, ezta aukera ere; errealitatea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko ots. 4a, 09:30

Chrysallis Euskal Herria elkarteko gurasoek, arazo bat baino gehiago izan dituzte seme-alaba transexualen egoera ezagutarazteko kanpaina abian jarri zutenetik; Agus Arandia asteasuarra bertako kideetako bat da.

Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Mezu hori erabili du Chrysallis Euskal Herriak seme-alaba transexualen egoera ezagutarazteko helburuarekin abiarazi duen kanpainan. Elkarte horretako kideetako bat da Agus Arandia asteasuarra, alaba transexualaren aita.

Gaur egun, laurehun familia inguruk osatzen dute estatu mailan Chrysallis elkartea. Horren azpitik, antolakuntza ereduengatik, komunitate erkidego bakoitzean, beste bat dago. Euskal Herrian, 40 familia inguru dabiltza lanean, eta denbora gutxian, gaia gizarteratzearen ondorioz, kopurua gehitzen joan da, sortu zutenean, hamabi familia inguru baitziren. Azken datuen arabera, Euskal Herrian, 1.500 pertsonetatik bat transexualismo egoeran dago; zehatzago esanda, 300 haurretatik bat. «Garbi daukagu, esatera ausartzen ez direnen kasu gehiago daudela», aipatzen du. Horrelakorik gerta ez dadin, zenbat eta toki gehiagotara zabaldu nahi dute informazioa, ahalik eta jende gehiagorengana iritsiz.

Kanpaina «nahiko ondo» joan dela adierazi du Arandiak. Hastapenetan, garbi zuten, haurren egoera ahalik eta samurrena izateko, beharrezkoa zela gizarteak errealitate hau ezagutzea. Orduan, beraien ideia, sentsibilizazio plan bat egitea zen; orain, «ekonomikoki guztia aurrera eramateko kapazak garela ohartu gara, eta lanean jarraitzen dugu buru belarri», gehitu du.

Gorabeherak eta babesak

Hala ere, guztia ez da zuri kolorekoa Chrysallis elkartearentzat, batez ere, bai sare sozialetan, baita Euskal Herriko lau hiriburutan gertatutako ezbeharren ondorioz. Arandiaren esanetan, «arazo ugari izan dituzte». Kanpainarekin hasi aurretik, sare sozialetan lehen kartelak ipini bezain laster, kendu egin zizkieten. Beraien politikarengatik, irudietan, genitalak edota bestelako gorputz zatiak agertu ezin direlako. Beraien kartelaren kasuan, lau ume agertzen dira biluzik, baina eduki berezirik gabeko marrazki batean. «Zentsuratu egin zuten, eta handik gutxira, barkamena eskatuz, akats bat izan zela esan, eta berriro jartzen utzi ziguten».

Lehen esan bezala, arazoak ez dira sare sozialetan bakarrik gertatu. Lau hiriburu nagusietako kaleetan jarritako kartel fisikoekin ere izan dituzte gorabehera bat baino gehiago. Iruñean esaterako, kartelak margotuta eta apurtuta agertu ziren, eta Gasteizen, berriz, kartel bat puskatu zuten. «Kanpaina bat kaleratzean, errealitate bat aurkeztu eta publiko egiten duzu; beraz, edozein motatako iritziak jasotzera irekita zaude».

Horregatik, edonoren erantzuna jaso eta informazioa emateko prest daude, nahiz eta batzuentzat egoera arraroa izan. Askotan, jendeak izaten duen erreakzioa, desinformazio baten ondorioa da, eta ez gogo txarrez egindako zerbait. Baina, Arandiak ohartarazten du, «gauza bat informatu nahi izatea da, eta bestea, horren aurrean izaten duzun lekuz kanpoko jarrera». Hain zuzen, jarrera horien erantzuleen inguruan, Arandiak adierazi du «eskuin muturrekoek beregain hartu zituztela, beraien betiko baloreak babestuz», eta jarraitzen du, «badaude betiko bidetik ateratzen diren gauzei kontra egiten dieten taldeak».

Bestalde, ezbehar horien ondoren, erantzunak ere jaso dituzte. Lehenak, gizarteak emandako babes mezuak izan ziren, «garrantzitsuak eta errespetu handikoak». Hori bakarrik ez, eta babes instituzionalak ere izan dira. «PP eta UPN kenduta, besteak beste, EH Bildu, EAJ eta PSE alderdi politikoek eman diguten babesa eskertzekoa da», azpimarratu du Arandiak.

Gorputza beti egokia da

Behin eta berriz diote, egoera hau errealitate bat dela, giza dibertsitatearen eredu bat. Mezuak zabaltzeko garaian, hitz egokiak aukeratzea oso zaila dela nabarmentzen dute. Horri dagokionez, «gorputz oker batean jaio zen» bezalako iruzkinak, askotan entzuten direla dio Arandiak. Beraiek, ordea, horrela ulertzen dute: gorputza, edozein modutan, zakila duen neska baten kasuan ere, egokia da.

Horrelako kasuetan, haurrek ez dute arazorik izaten, nahiz eta kanpotik ikustean, asko harritu egiten diren, «ez delako zerbait ohikoa; baina inolaz ere, ez da akats bat». Transexualismoa, ez da gaixotasun edo trastorno egoera bat. «Ez da inongo aukera bat ere; egoera erreal bat da, beste asko dauden moduan».Aldiz, egoera hau, beste normaltasun batean tratatu behar da, benetan existitzen delako.

Zerbitzu hobe baten beharra

Hasieran aipatu moduan, elkartea osatzen duten 40 gurasoetako bat da Arandia. Beraien kasuan, etxeko alaba da transexuala. Honek, orain arte, arazo gutxi eman ditu, bai familia mailan (maitasuna dagoen bitartean, guztiek egoera ulertzen dutelako), bai herri mailan, bai ikastetxe mailan, baita medikuntza mailan ere. «Beti dago jendea ikasteko gogoekin, eta laguntzeko prest», azpimarratzen du aitak.

Laguntza horren barruan, elkarteak, bolondreski egin du lan azken urteetan, eta horrela jarraituko dute, jendea ezagutuz, arazoei buruz galdetuz, eta horrelako kasu batean aurkitzen den edo aurki daitekeela pentsatzen duen oro, beraiengana joan daitezela animatuz. Horretarako baina, «behin eta berriz, gobernuak jarritako zerbitzu bat eskatzen ari gara». Zerbitzu hori, edonork dituen zalantzak argitzeko edota informazioa jasotzeko egokia behar duela iruditzen zaie, telefono bat adibidez, «elkarteko telefono pribatura deitu behar ez izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!