Aguazila izango du Asteasuk aurrerantzean

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 19a, 17:13

Urtarrilaren 9an hasi zen Carlos Narro lanean, eta nagusiki, trafikoa zaintzea eta hondakinak behar bezala botatzen direla kontrolatzea da bere lana.

Orain arte ohitura desegokiak izan dituzte Asteasun trafikoarekin: autoa edozein lekutan utzi eta aparkalekuak ez dituzte errespetatzen; oinezkoentzako guneetan sartzen dira ibilgailuak eta arrisku uneak sortzen dituzte. Batez ere, herriko gurasoek agertzen duten kezkari erantzunez, Asteasuko Udalak parte hartze prozesua jarri zuen martxan 2016an.

Prometea elkarteak gauzatu zuen prozesua, eta orotara, sei bilera ireki egin ziren, herriko eskolan eta udaletxean. Pili Legarra alkateak eman du prozesuaren emaitzen berri: «Argi adierazi zuen jendeak trafikoarekin genituen arazoak ez genituela konponduko baldin eta udaltzain edo aguazil figura bat jartzen ez bagenuen. Beharra garbi adierazi zuten bileretan eta aguazilarena ez zen udalaren proposamena izan, herritarrena baizik». Ondorioak eskutan hartu eta uda aurretik neurri batzuk hartu zituzten seinalizazioa hobetu eta eguneratzeko eta irailean ekin zioten Asteasun aguazil berri bat kontratatzeari.

Eusko Jaurlaritzako koordinazio zerbitzuan jakinarazi zieten Asteasu bezalako udalerri bati udaltzaingoa ez, baizik eta aguazilaren figura zegokiola. Printzipioz udalak hiru urteetarako programa bat osatu du eta programa horretarako lanean jardungo duen aguazila kontratatu du. «Pentsatu genuen ez zuela merezi azterketa eta aukeraketak egiten hastea, ikusita beren aukeraketa prozesuak pasa ondoren, beste udalerritan osatuak zeudela lan poltsak», esan du Legarrak. Ondorioz, Hernaniko poltsara joan eta han lanerako prestutasuna zuen Carlos Narrorekin egin zuten topo. Berak jardungo du Asteasuko aguazil bezala datozen hiru urteetan.

TRAFIKO ERREGULAZIOA

Asteasuko Udalak osatutako programa horretan zehazten dira aguazilaren eskumenak zeintzuk diren. Alkatearen esanetan «udaltzaingoak dituen berdinak izango dira, segurtasun arlokoak izan ezik».

Herrian dituzten ohitura desegokiak aldatzen egin nahi dute ahalegin berezia eta beraz, aguazilak trafiko arloan dituen eskumen guztiak baliatuko ditu kontrolerako. «Gaizki aparkatutako autoak eta eskolako irteera-sarreretako segurtasuna kontrolatuko ditut, baina horrekin batera ibilgailuen dokumentazioa indarrean dagoen edo umeak kotxean ondo doazen ere begiratu ahal izango dut», esan du Narrok.

Eta gaizki egiten duenak isuna izango du. Otsaila bitartean aguazilak ohartarazpenak egingo ditu, baina martxotik aurrera isunak jartzen hasiko da. Legarrak aipatu duenez «Asteasun ez dugu gaitasunik isun horien kudeaketa egiteko, baliabide asko eskatzen baititu, kobratzeak, errekurtsoak ebazteak eta isunen exekuzioa gauzatzeak. Beraz, Jaurlaritzaren esku geratuko da dirua kobratzea».

Oraingoz, eta herriko trafiko ordenantza baten faltan, isunen zenbatekoa ere lege orokorraren arabera zehaztuko da. «Aguazila lanean ez dagoen orduetan, Ertzaintzak izango du trafiko eskumena eta arau hauste bat ikusten duenean isuna jartzeko aukera izango du egoki iruditzen bazaio», esan du alkateak. Narrok 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era egingo du lan, astelehenetik ostiralera.

HONDAKINEN KUDEAKETA

Udalak arreta jarri nahi duen beste puntuetako bat hondakinen kudeaketarena da. Legarraren iritziz jendeak hondakinak gaizki uzten ditu Asteasun, «edukiontzira bota beharrean lurrean utzi eta bilketarako egunak errespetatu gabe, edozein garaitan ateratzen dituzte hondakinak kalera». Jarrera hauekin bukatzeko, aguazilak isunak jarriko dizkie hondakinak gaizki uzten harrapatzen dituen herritarrei.

Baina egiteko gehiago ere izango ditu Narrok aguazil gisa: herrian bandoak banatu eta jakinarazpen ofizialak etxeetara eraman beharko ditu, besteak beste. Animalien kontrola ere bere gain hartuko du. Narroren esanetan, «segurtasunarekin lotutako eskumen horiek alde batera utzita beste mila gauza izango ditut egiteko, baina jendeak jakin behar du, batez ere, laguntzeko nagoela». Udaletxearen beheko solairuan bulegoa izango du hemendik gutxira, herritarren kezkak argitzeko.

Esperientzia berria da hernaniarrarentzat aguazil izatearena. «Zazpi urte daramatzat mundu honetan eta Hernanin, Astigarragan, Errenterian eta Andoainen aritu naiz udaltzain. 80 lankideko talde batean lan egitetik, bakarrik aritzera pasako naiz. Neronek antolatu beharko dut nire lana». Gertutasunean irabaziko duela aitortu du Narrok baina bere lanpostuak beharrezko duen distantziarekin. Horretarako, bi tresna erabiliko ditu: soinean eramango duen uniformea eta ezpainetan ibiliko duen txilibitua. «Berehala jabetuko dira asteasuarrak non nabilen».

Erlazionatuak

AGUAZILAREN IBILGAILUA, ELEKTRIKOA

Tolosaldeko Ataria 2017 urt 19 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!