Euskal Herriko puntako txirrindulariak Asteasun ariko dira lehian

Asier Imaz 2013ko abe. 4a, 19:09

Iaz zerua urdin izan zuten txirrindulariek Asteasun. I. TERRADILLOS
Asteasuko XV. Ziklo Kros proba ostiralean jokatuko da; 150 txirrindulari baino gehiago egongo dira.

Abenduarekin batera Asteasuko ziklo kros proba iritsi ohi da. Aurten, XV. edizioa jokatuko da, eta punta-puntako euskal txirrindulariak bertan egongo dira. Horien artean, aurtengo denboraldian lasterketa gehienak irabazten ari den Aitor Hernandez. Iazko txapelduna, Egoitz Murgoitio zalantza da, Belgikan erorikoa izan ondoren lesioarekin baitago. Hala eta guztiz ere, Asteasuko proba ez du erabat baztertu Murgoitiok. Bi hauei hortzak erakustera etorriko dena Javier Ruiz de Larrinaga izango da. Asteasuko proba gustuko dute txirrindulariek, ibilbide ederraz gain, giro aparta egoten delako. Elite mailako proba 12:30ean hasiko da.

Punta-puntako txirrindulari hauekin batera, beste izen ugari izango dira Asteasun. Guztira 200 kirolari inguru espero dituzte antolatzaileek, maila desberdinetan banaturik. Ibilbidea urterokoa izango da, hau da, Elizmendi auzokoa. 2.650 metroko zirkuituan zati handiena landa eremuan egingo dute: 2.000 metro.

Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatzen du proba, eta ostiralean, 50 lagun inguru ariko dira lanean. Aurrez, 10 inguruk prestatzen dute lasterketa. Aurtengoan ere arazo ekonomikoek aurrera jarraitzen dute, eta nazioarteko izaera albo batera uztea erabaki dute, «tasetan bakarrik dirutza joaten baitzen» Estatu mailako izaera izango du, beraz, XV. edizioak. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie euren ekarpena egin duten guztiei.

Sarrerari dagokionez, sinbolikoa izango da, eta zirkuitura joaten diren guztien artean saski bat zozketatuko dute.

Asteasuko proba

Abenduak 6, ostirala

10:30. Kadeteak.

11:15. Juniorrak eta elite mailako emakumeak.

12:30. Elite mailako gizonezkoak eta 23 urte azpikoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!