Emakumeen behar eta interesak erdigunean jarri dituzte

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 2a, 11:59

Apirialren 22an egin zuten diagnostikoaren aurkezpena Anoetako udaletxeko batzar aretoan.

Parekidetasun diagnostikoa egin du udalak, Farapi kooperatibaren laguntzaz Anoetan. Joan den astean ondorioak aurkeztu zituzten.

Anoetako Udalak Farapi kooperatibarekin, herriko eragile eta hainbat emakumerekin batera parekidetasun diagnostikoa egin du. Herriko emakumeen beharrak eta interesak aztertu dituzte eta horrekin guztiarekin etorkizunerako lan lerroak zehaztu. Oinarri horiekin, legealdi honetarako konpromiso politiko batzuk hartu ditu udalak, diagnostikoaren aurkezpen ekitaldian zehaztutakoak. Transbertsalitatez landu nahi dute udal barruan genero ikuspuntua; herriko emakumeekin adostu nahi dituzte ikasturtean landuko dituzten gaiak, haien interesetan oinarrituta; eta komunikazio kanal bat zabaldu nahi dute, zuzenean, herritarren, eta bereziki, emakumeen beharrak jasotzeko.

Amaia Urkola Arozena Berdintasun zinegotziaren hitzetan, orain Anoetako Udalak egin duen lanketa ez da hutsetik abiatu. Udal ordezkariak 2013tik ari dira Berdinbidearen aholkularitza programan parte hartzen. Azken urteetan jai batzordean irizpide berdinzaleak ezarri dituzte eta herriko festen inguruan indarkeria matxista kasuetarako protokoloa zehaztu dute. Protokolo hori herrira zabaldu zuten 2019an eta indarkeria kasuei aurre egiteko Adi eta So taldea sortu zuten, non herriko erakunde eta eragileek parte hartzen duten. Gainera indarkeriaren prebentzioari begira Anoetako herri ikastolarekin Berdinola programa jarri dute martxan azken urteetan.

Saiatu dira azken urteetan genero ikuspegia lantzeko era guztietako jarduera sozio-kulturalak antolatzen, hala nola, zine emanaldiak, antzerki lanak, bertso saioak edota erakusketak. Jabekuntza Eskola ere indartu dute urte hauetan eta emakumeentzako ahalduntze ikastaroak eskaini dituzte. Urkolaren esanetan, ordea, azkenaldian beherakada sumatu dute Jabekuntza Eskolaren izen emateetan eta aurreko legealditik datorren kezkari heldu nahi izan diote orain: «Ikusten dugu ez dugula erabat asmatzen proposamenetan. Inpresio hori lehenagotik dator, eta azterketa bat egin beharra ikusi zuten aurreko legealdiko Berdintasun zinegotzi Saioa Tolosak eta Tere Soto teknikariak. Haiek hasitako bidea jarraitu dugu guk».


Farapiko kideak eta udal ordezkari eta teknikaria aurkezpenean.

PROZESU PARTE HARTZAILEA

Farapi kooperatiba arduratu da prozesua dinamizatzeaz eta herriko eragile eta elkarteek parte hartu dute bileretan. «Eskertuta» agertu da horregatik Urkola, herriko emakumeek agertu duten prestutasunagatik. Emakundek zehazten dituen lau esparru nagusiak hartu dituzte kontuan prozesuan: gobernantza, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta indarkeria.

Errealitatearen azterketa egiteko udaleko ordezkari politiko eta teknikarien artean galdetegiak luzatu dituzte eta elkarrizketak egin dizkiete udalean lanean ari direnei eta baita ikastolan edota kiroldegian aritzen diren arduradunei ere. Lan saioak egin dituzte, bestalde, herriko eragileekin. «Esparruka atera ditugu ondorioak, eta gobernantzari dagokionez, eragileek esan digute gertuko erreferente bezala ikusten dutela udala. Gardentasuna eta partaidetza bezalako baloreak ardatz hartu eta ikusten dute oinarri garrantzitsu bat finkatuta dutela», dio Leire Kortajarena Farapiko kideak.

Arlo honi dagokionez, udal langileen mugikortasuna eta egonkortasun eza ikusten dute parekidetasunarekin loturiko irizpideak ezartzeko eragozpen gisa. Horregatik, legealdi honetako helburuen artean jarri du Urkolak udal barruko lanketa: «Uste dugu udal barruan zeharkakotasunez landu beharrekoa dela genero ikuspegia, eta jakin arren ez dela egun batetik bestera lortuko, lanketa abiatuko dugu orain. Udal taldetik konpromiso hori hartua dugu». Udal ordezkariek, maiatzaren 6an, esate baterako gaiaren inguruko formazioa jasoko dute Berdinbideanetik.

Ez da Anoetako Udalak hartu duen konpromiso bakarra. Joan den azaroko grebaren ondoren, mugimendu feministaren eskaerari erantzunez herriko zaintza sistemaren inguruko azterketa egiteko asmoa dute. Errealitatearen azterketa egiterako orduan, ekonomiarekin lotutako esparruan atera diren zenbait aspektuk zuzenean dute zerikusia zaintza sistemarekin, Kortajarenaren iritzian.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, Anoetan bide bat egina dutenez, bide horretan sakontzeko asmoa agertu dute prozesuan parte hartu duten norbanako eta eragileek. Aldiz, emakumeen ahalduntzearekin lotuta, oraindik ere urrats sendoagoak egin beharra ikusten dute. Horregatik Farapi kooperatibak lanketa berezia egin du emakumeen behar eta interesak zeintzuk diren jakiteko. Esparru ezberdinetako emakumeekin lan saio batzuk egin eta bertaratu ez diren emakumeen errealitatea jasotzeko, galdetegiak zabaldu dituzte herrian. «Ondorio nagusia da emakumeek badutela gai hauetan interesa. Proposatu dituzte zein gairen inguruan jaso nahi duten ezagutza zabalagoa, baina adierazi dute, baita ere, zer nolako dinamikak landu nahi dituzten. Ikastaroak zein formatutan jaso nahi dituzten azaldu dute, besteak beste», esan du Kortajarenak.

Alde horretatik, udalak datorren ikasturtetik aurrera, emakumeekin adostuko du ikasturtean zehar landuko diren ekintza sozio-kulturalak. Hori da Berdintasun zinegotziak hartu duen bigarren konpromisoa. «Behin kurtsoa amaituta, maiatzean, balorazio bat egin eta hurrengo ikasturterako gaiak adostuko ditugu».

Emakumeek euren behar eta interesak zeintzuk diren adierazteko komunikazio kanal berriak zabaltzeko asmoa ere badu udalak legealdi honetan. «Eraginkorra» den bide bat topatu nahi dutela dio Urkolak. Kortajarenak gaineratu du, prozesuan Anoetako emakumeek adierazi dutela biltzeko eta elkar ezagutzeko beharra dutela. «Talde iraunkorrago bat eta elkartzeko toki bat aipatu dituzte herriko emakumeek bileretan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!