Herriko adinekoek udalaren bigarren deia jaso dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 12:32

Adinekoen egoera eta beharrak ezagutzea eta haiei gizarte zerbitzuen berri ematea du helburu dinamikak; 75 urtetik gorako 132 lagunekin hitz egin du bigarrengoz Gizarte Zerbitzuen sailak.

Anoetako 75 urtetik gorako 132 lagunekin bigarrenez hitz egin du Anoetako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak. Lehen itzulian datu eta ondorio esanguratsuak jaso zituztenez, bigarren deia egitea erabaki zuten eta bete dituzte aurretik zehaztutako hainbat helburu. “Dei-zerbitzua jaso duten ia guztiek nabarmendu dute oso eroso sentitu direla eta asko eskertu dutela”, horrela hitz egin du deien inguruan Amaia Beloki Gizarte Zerbitzuetako langileak. Azaldu duenez, elkarrizketak “askoz luzeagoak eta sakonagoak” izan dira; antza, bigarren deia izateak galdera pertsonalagoak egitea erraztu du, erabiltzaileen eskariak zehatzagoak izan dira eta hizketan ere lasaiago aritu dira.  

Emaitzak kontuan hartuta, zahartzaro aktiboa sustatu behar dela uste du Pello Estanga Anoetako alkateak: “Ezinbestean zaindu behar dira osasunaren arlo ezberdinak: bai osasun emozionala, eta baita fisikoa ere”. Deien dinamikari esker adinekoen beharrak eta errealitatea hobeto ezagutzen dituztela ere gehitu du, eta horrela errazagoa dela horien araberako proposamenak lantzea.

Telefono deien dinamika duela hilabete batzuk jarri zuen martxan Anoetako Udalak, eta hainbat helburu zituen: herriko adinekoen egoera gertutik ezagutzea, pertsona horiei udaleko gizarte-zerbitzuen berri ematea eta, behin haien beharrak ezagututa, horiek asetzeko proposamenak egitea. Bigarren deiarekin egiaztatu dute lehen itzulian bi helburu lortu zirela: batetik, adinekoen egoera eta beharrak ezagutu zituen udalak haiei zuzenean galdetuta; eta, bestetik, gizarte zerbitzuen berri eman zitzaien adinekoei.

Beharrei erantzuteko irtenbideei dagokienez, udalaren esanetan bigarren itzulia lehena bezain "aberasgarria" izan da, erantzun zehatzek erraztu egin baitute behar horiei erantzuteko egitasmoak lantzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!