Emakumeen Nazioarteko Eguna 2017

Aitortzak eta aldarrikapenak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 8a, 20:30

Ekitaldi instituzionala egin du Anoetako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Josune Eizmendi Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, "Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta bildu gara Anoetako udaletxe aurrean. Egun honetan ezin dugu ahaztu nondik gatozen… Emakumeok adimen urriko eta eskubide gutxiagokoak jotzen gintuzten jendarte patriarkal batetik". Eizmendik gaineratu duenez, errealitatea aldatzeko «borrokan aritu diren munduko emakume guztien lekukoa hartu, eta, ari gara eta jarraituko dugu emakumeen soldata duinak eskatzen, zaintza lanak justuago banatzeko eskatzen, mikromatxismo egoerak salatzen, indarkeria matxista desagertu dadin bitartekoak jartzen eta, laburbilduz, jendarte berdinago eta parekideago baten alde borrokatzen… Baita Anoetako Udaletik ere».

Ekitaldian Anoetako emakumeak  zoriondu dituzte, eta, bereziki, kirol jardueretan aritzen direnak hartu dituzte gogoan. Horien guztien ordezkari bezala igandean esku pilotako Master Cup-aren finala jokatu zuten Maider Mendizabal eta Nagore Arozena, eta Lilatoian parte hartu zuten hainbat emakume hartu zituzten, eta beraiei aitortza egin zieten. Horrez gain, Anoetako Udalak Ateaga elkartea zoriondu du estatutuak aldatzeko erabakia hartu duelako, emakumeak bazkide izatea onartuz. Aipamen berezia egin diote Maria Luisa Bermejori, Ateaga elkartean bazkide izateko eskaria egin duelako. Kukuak Kantu taldeak parte hartu du ekitaldian eta ondoren kantu jira egin dute.

Aurretik, arratsaldearen hasieran, Josebe Iturriozekin solasaldia egin dute hainbat emakumek liburutegian. Lana eta sexuaren arteko loturak izan zituzten hizpide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!