Altuna III.ak bere esku du finalerdietan izatea

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 29a, 17:00

Zabaletari 6-22 irabazi dio amezketarrak eta ligaxkako hirugarren partidan Dariori irabaziz gero, finalerdietan izango da.

Buruz Buruko Pilota Txapelketaren final-laurdenetako ligaxka dago jokoan, eta atzo Jokin Altunak Zabaletaren aurkako partida jokatu zuen Eibarko Astelena pilotalekuan. Amezketarra nagusi izan zen eta 6-22 irabazi zion Zabaletari. Aurreko asteburuan Lasoren aurka «egurra» jaso ondoren, Altunak ligaxkako bigarren partidari nola aurre egingo zion ikusgai zegoen. Eta beste behin amezketarrak erakutsi du lehiatzen badakiela, eta Zabaletari nola jokatu behar zaion uneoro jakin zuen. 3-0 galtzen joan bazen ere, pixkana nagusitzen joan zen Altuna, eta neurketa bereganatu zuen. Altunak guztira 14 tanto egin eta 3 galdu zituen, eta Zabaletak 3 egin eta 8 galdu.

Bere multzoko beste partidan, Lasok 11-22 irabazi zion Dariori, eta dagoeneko finalerdietan dago. Altunaren eta Darioaren arteko partida irabazten duenak lortuko du finalerdietarako beste txartela. Beraz, bere esku du amezketarrak txapelketan aurrera egitea. Partida hori maiatzaren 12an jokatuko da, Eibarko Astelena pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!