Elordi jubilatuen elkartea sortu dute Amezketan, bertako kideen hitzetan, «aurrerapausotxo bat gehiago» herritarren «antolaketan eta saretze prozesuan». Udaleko idazkariak lagundu die estatutuak Eusko Jaurlaritzara bidaltzen eta, dagoeneko, jaso dute oniritzia.
Orain aurtengo ikasturtea antolatzea dagokie, eta elkarteari «bizia ematea». Horretarako elkartean parte hartzeko deia egin dute: «Bazkide kopuru polita elkartu gara, baina herrian askoz gehiago garenez, izena ematera animatu nahi zaituztegu, denon artean guztiontzat interesgarriak diren ekintzak antolatzeko».