Urtekaria 2023

Kultur etxeak Pernando Amezketarra izena hartu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 2a, 07:58

Pernando Eguna baliatu zuten herriko kultur etxeari izena emateko. NAIARA ROLDAN DE ARANGUIZ

Uztailean bigarren mendea bete da Pernando Amezketarra hil zela, eta bere memorian, herriko kultur etxea bere izenez bataiatu dute.

Fernando Bengoetxea Altuna, ezizenez Pernando Amezketarra, 1764ko urriaren 10ean jaio zen Amezketan. Bertsolaria eta plazagizona izan zen. Bere ateraldi umoretsuengatik, bizitasunagatik eta argitasunagatik oso ezaguna izan zen Gipuzkoan, eta 1990eko hamarkadan argitaratutako marrazki bizidunen bitartez gaur egungo euskaldunen artean ere ospetsua da. Oso bertsolari eta gizon berezia izan zen. Haren bitxikeriak eta ateraldi xelebreak Gregorio Mujikak jaso zituen behin eta berriro berrargitaratu den Pernando Amezketarra izeneko liburuan.

Uztailaren 9an, 200 urte bete ziren Pernando Amezketarra hil zela, baina herrian oraindik orain oso presente dute. Izan ere, Udazken Kulturalarekin bat eginez, Amezketako Udalak, Zumadi Eskolak, Akelok Guraso Elkarteak, Amezketako Antzerki Taldeak eta Bertsozale Elkarteak antolatuta, Pernando Amezketarren eguna antolatu zuten abenduaren 2an. Honela, goiz osoko ospakizunari ekin zioten.

Ospakizun eguna
Pernadoren ibilbidea egin zuten, eta ibilbidean zehar antzerki esketxak, bertsoak eta azalpenak izan ziren. Pernandori egotzi izandako alproja izaeraren gainetik, askoz ere gehiago izan zela aldarrikatu zuten: «Bertsolaritzan aitzindaria eta gizon zinez azkarra».

Garaiko erretorea Juan Inazio Urretabizkaia, eta meza-laguntzailea izan ziren, azken egunetan, kultur etxean zintzilik egondako pankarta kentzeko ardura izan zutenak. Aurrerantzean, amezketarrak biltzeko eta kulturaz gozatzeko guneak izen berria izango du: Pernando Amezketarra Kultur Etxea. Honela, bertsolaria zendu zela bigarren mendeurrena gogoratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!