Altuna III _ Binakako Finala 2022

«Hain ondo ez geundenean ere, gora egiten jakin dugula erakutsi dugu»

Imanol Garcia Landa 2022ko api. 4a, 20:52

Julen Martija eta Jokin Altuna, Etxeberrin, garaikurra eta txapelak eskuetan dituztela.

Meritu handia eman dio Jokin Altunak binakako txapelketaren finalean bere atzelari Martijak egindako lanari: «Igandean Julenek tira zuen gehiago». Hiru txapela nagusiak lortu izana «sekulakoa» dela dio.

Jokin Altuna amezketarrak eta Julen Martija etxeberritarrak Binakako Pilota Txapelketa irabazi dute. Altuna III.ak bere seigarren txapela jantzi du, eta hiru txapel nagusiak eskuratu ditu 26 urte bete berritan; buruz buru bi ditu eta lau eta erdikoan beste hiru. Martijak bere bigarrena lortu du, biak binakakoan.

Nola ospatu duzue lortutako garaipena?

Julenek Etxarrin ospatu du, eta nik, berriz, Amezketan. Berandu etorri ginen frontoitik, 23:30ak aldera, baina, ospatu genuen.

Aspaldian ez bezala, gainera, frontoia beteta zegoen, eta aspaldi ezin zela modu horretan ospatu.

Pertsonalki, poz handia ematen dit pilotalekua beteta ikusteak. Oso polita da. Amezketan ere frontoian 250 herritar inguru elkartu ginen afaltzeko. Oso gustura nago, eta eskertuta jende guztiari azaldutako babesagatik. Azkenean, horrelako uneekin geratzen zara.

Partidari begiratuz, gogorra izan zela argi dago, bai fisikoki bai eta mentalki ere. Agian, Jokin zu izan zinen fisikoari dagokionean eutsi ahal izan ziona.

Gogorra izan zen. Nire kasuan ez nuen arazo muskularrik izan, baina, oso nekatuta amaitu nuen. Tentsioak asko eragiten du horrelako finaletan, asko baitago jokoan. Final oso garrantzitsua zen, eta ez dakizu horrelako beste zenbat aukera izango dituzun, eta horrek tentsioa areagotzen du. Irabazi dudan finaletatik irabaztetik urrutien egon naizena da.

Partidaren hasierako zatian zer gertatu zen?

Hasieran ez nintzen eroso sentitu, ez nintzen oso erasokor hasi, oso geldirik nengoen. Ni zalantzakor hasi nintzen, eta Julen, berriz, oso ondo. Une batzuetan zail ikusten nuen irabaztea, eta Julenek esaten zidan partidan sartu egin behar genuela. Bigarren zatian, berriz, pilota aldatzean, gehiago sartu nintzen eta min handiagoa egiten hasi ginen. Berriro ni neroni sentitu nintzen, eta orduan aurkariak ere pixka bat atera egin ziren partidatik. Une batzuetan batek eta beste batzuetan besteak tira behar izaten du. Igandean, Julenek tira zuen gehiago.

Buelta ematea lortu zenuten.

Uneren batean partida zail ikusi bagenuen ere, ez genuen etsi, eta irabazi ahal genuela pentsatuz jokatu genuen, une oro batak besteari animatuz. Esperientziarekin ikasten duzu une txar horietan indarrei eta animoei eusten. Txapelketa oso gogorrak jokatzea tokatu zait, eta prestatuta egon behar duzu. Edozein partidetan zailtasunak izan ditzakezu. Pilota aldatzean, itxaropena berreskuratu genuen, eta maila onean jokatu genuen.

Martijak mina hartu zueneko unea nola bizitu zenuten?

Berarekin hitz egin nuen, eta banekien osatu egingo zela. Markagailuak 20-17 adierazten zuenean esan nion hortxe genuela finala, eta azkenean eutsi ahal izan genion, irabazi arte. Tanto zailak izan ziren. Gertu ikusten genuen, eta azkar egin nahi genuen azken tantoa.

Txapelketa bera ere gogorra izan da. Zer balantze egiten duzu?

Gogorra eta luzea izan da. Hasieratik maila ona eman dugula nabarmenduko nuke. Erakutsi duguna da, hain ondo ez geundenean gora egiten jakin dugula. Une txarrak alde batera uzten jakin dugu.

Zer esanahi du binakako txapelak? Gainera, lehenengo finala jokatu eta irabaztea lortu duzu.

Horrela egokitu da, bai, eta oso pozik nago. Egia esan, txapelak hain gazte irabazi ditudala ikusita, pentsatzekoa zen lehenago jokatzea binakako txapelketako finala. Zazpi urte behar izan ditut binakako finalerako, eta esanahi handia zuen niretzat. Oso pozik nago, txapelak irabaztea asko kostatzen baita.

26 urte bete berri dituzu, eta dagoeneko hiru txapela nagusiak eskuratuta.

Sekulakoa da. Azkenean, horrek betetzen zaitu, asko saiatu eta prestatu osteko emaitza baita.

Laster txapelak gordetzeko lekua beharko duzu.

[Kar, kar] Gurasoek koadroetan jartzen dituzte txapelak. Oraingoz sei ditut eta espero dut gehiago ere lortzea.

Urte berean hiru txapelak irabaztea falta zaizu agian.

Horretarako, beste bi txapelketa ere irabazi beharko. Zaila ikusten dut. Egunen batean hori pasa beharko bada pasako da, baina, faktore asko betetzea behar da horretarako. Dena den, ez da hori nire helburua.

Binakakoaren ostean banakakoa dator. Nola egingo diozu aurre?

Igandekoaz osatu eta helburu berriak jartzeko unea da. Pilotan atseden gutxi izaten dugu, eta ia ez da aukerarik izaten garaipenarekin gozatu eta lorpena baloratzeko. Deskantsatu egingo dugu, beraz, aste honetan, banakakoa txapelketa luzea baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!