Altuna III _ Binakako Finala 2022

“Juleni esan diot, 20. tantoan, txapela emango ziguna harrapatu duela txokoan”

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 3a, 21:18

Sufrituta irabazi dute Jokin Altunak eta Julen Martijak binakako txapela. Aurkariek pilota lehor batekin egindako mina nabarmendu du amezketarrak.

Finala “oso gogorra” izan dela adierazi du Jokin Altuna amezketarrak partida amaitzean. “Une batez trapuak bezala ibili gaituzte”, esan du eta aurkariek zeukaten pilota lehor bat nabarmendu du: “Nik uste dut garbi ikusi dela, beraiek aukeraketan kexatu arren, pilota lehorrena beraientzat onena zela. Tartea atera digutenean oso pilota lehorrarekin, guk ezin genuen minik egin. Nik beti esaten dut, kolpez gehiena dena, pilota lehorrarekin alde gehiago markatzen dituela. Pilota hori Unaik [Laso] mugitzen zuen. Gu ezinean geunden eta Ander [Imaz] erosoago sentitzen zen”. Ondoren, bere pilotarekin hobetu ari direla gaineratu du: “Gero garbi ikusi da pilota berri bat atera dugunean, guk min gehiago egiten genuela, eta tanto asko egin ditugu jarraian”.

 

Aurreko finaletatik ikasitakoarengatik, burua hotz izan behar dela esan du amezketarrak, eta horretan saiatu direla. “Momentu oso zailak bizitu ditugu, baina hala ere jarraitu egin dugu partidan. Beraiek opari batzuk egin dizkigute, baina oso harro eta kontentu lortutako txapelarekin”. Fisikoki sekulako jipoia hartu dutela gaineratu du.

 

Garaipena lortzeko partidako tanto dramatikoenak izan duen eragina nabarmendu du Altunak. Martijari bikiak igo zaizkio, pilota bat harrapatzeko lurrera salto egin eta gero. “Juleni esan diot, 20. tantoan, txapela emango ziguna harrapatu duela txokoan. Seguru nengoen, eta halaxe izan da. Bukaeran, uste dut berriz ere partida geratu eta beste bost minutu geldirik egongo ginela, baina ez da horrela izan. Irabazi egin dugu, eta ikaragarri gustura”, esan du amezketarrak.

 

Hiru txapel nagusiak lortzea “sekulakoa” dela esan du Altunak: “Ikaragarri kontentu nago. Lan asko egin dut hau lortzeko. Urte guztian zehar nahiko ondo sentitu izan naiz binaka jokatzen, baina gauza batengatik edo beste batengatik, tartean bikote ikaragarriak daudelako, oraindik ez nintzen finalera iritsi eta ezta irabaztea lortu ere. Gaur irabazi dugu eta oso kontentu nago egindakoarekin”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!