Altuna III _ Binakako Finala 2022

«Espero dut final ona eta gogorra izatea, jendeak gozatzeko»

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 23a, 07:59

Jokin Altuna eta Julen Martija, Amezketako plazako frontoian.

Binakako Pilota Txapelketako finalean aurkari izango dituzten Unai Laso eta Ander Imaz pilotarien maila nabarmendu du amezketarrak. Finalari begira, bera eta Martija «oso ondo eta lasai» daudela dio.

Lehen finala izango du Jokin Altunak (Amezketa, 1996) Binakako Pilota Txapelketan, eta hamargarrena lehen mailan. Julen Martijarekin batera, Unai Laso eta Ander Imaz bikotearen aurka jokatuko du finala, apirilaren 3an, Bilboko Bizkaia frontoian.

Beste final batera iritsi zara. Oraingoan bereziagoa al da binakako txapelketaren finalera iristen zaren lehen aldia delako?

Beno, berezia... ilusio handiarekin gaude. Azkenean beste final bat da, eta finala izanagatik ere, partida berdin-berdin prestatzen ari gara. Txapelketa ederra izan da guretzako eta orain beste aukera polit bat dugu. Partida gogorra dugu, baina finalera iritsita edozeinen aurka beti izaten da gogorra partida. Dena ematen saiatuko gara eta ea lortzen dugun irabaztea.

Oraindik aste eta erdi falta da finalerako, baina zer moduz zaude partida horri begira?

Oso ondo eta lasai gaude. Gure lanak ondo egin behar ditugu orain, eta hortik aurrera gehiegi ez pentsatzea da kontua. Eguna etorriko da, partida prestatzen eta ahalik eta maila onena ematen saiatuko gara. Lasai gaude oraindik, eta gustura.

Zure kasuan dagoeneko hamargarren finala izango da lehen mailan, eta hirugarrena jarraian, buruz burukoa eta lau eta erdikoa kontuan izanik. Zenbakiak gora doaz.

Kontentu nago oso; hasterakoan ez nuen pentsatzen inoiz kopuru horietara iritsiko nintzenik, eta nahiko gazte ailegatu naiz. Kontentu nago, baina ez zenbakiengatik, kantxan sentitzen ari naizen bezala sentitzen naizelako baizik. Urte guztian zehar gustura ari naiz, disfrutatzen ari naiz, eta ondo sentitzen naiz. Fisikoki ere ondo nago, minik gabe, eta alde horretatik zortea izaten ari naiz. Ea horrela jarraitzen dugun urte askoan.

Igandean jokatu zenuten finalean aurkari izango dituzuenen aurka. Partida horrek ez du zerikusirik izango finalarekin, ezta?

Partida guztiak dira ezberdinak. Beraien kontra beste bi partida jokatu genituen, eta igandekoak haien antzik ez zuen izan. Espero dugu finalak igandekoaren antzik ez izatea. Bi astetara jokatzen dugu finala, eta inongo momentutan ez dugu hori buruan izango. Badakigu beraiek nolako bikotea osatzen duten. Badakigu Unai [Laso] astero zenbat ari den jokatzen, eta Ander [Imaz] sekulako txapelketa egiten ari da. Partida zaila dugu aurretik, baina guk gure jokoa egiten badugu, kontziente gara gure aukerak izango ditugula. Saiatu behar dugu partida guztian zehar kontzentrazioa ez galtzen, neurketa osoa egiteko.

Igandean zer gertatu zen horrelako emaitza izateko? Beraiek motibatuagoak izatea?

Beraiek hobeto sartu ziren partidan, eta gero batzuetan gertatzen da nahi eta ezin izaten dela. Tanto batzuetan mina egitea lortzen genuen, baina ez genuen bukatzen asmatzen. Partida arraroa izan zen, baina horri buelta gehiegi ematea ez da tokatzen. Hamazazpi partida jokatu ditugu txapelketa guztian; onak asko esango nuke, txarrak oso gutxi; bestela, ez ginateke finalean izango; eta baita ez onak eta ez txarrak ere. Orain, final bat jokatzeko garaian, ez dira kontuan hartzen, pasatako gauzak dira. Beste partida bat dugu orain, eta buru-belarri partida horretan arreta jarrita egon behar dugu.

Iruditzen zait Laso eta Imaz direla zuentzako egokienak finalerako, antzeko ezaugarriak dituzuelako.

Antzeko ezaugarriak dituen bikotea dela bai, baina adibidez txapelketan Elezkano eta Zabaletaren aurkako hiru partidak irabazi ditugu, eta Irribarriari eta Rezustari hirutik bi irabazi dizkiegu. Finalera iristen diren bikoteak txapelketan onenak izan direlako da. Hauek iritsi edo besteak iritsi, gure mailarik onena eman beharko genuke finalean edozeinen aurka aukerak izateko. Kasu honetan Unai eta Anderren aurka. Ikusi besterik ez dago nolako mailan dauden. Unairena ez da kasualitatea, denbora askoko kontua da; asko ari da jokatzen. Ander sekulako txapelketa egiten ari da lehenengo partidatik hasi eta bukaerara arte. Aurkari gogorrak izango dira.

Non ikusten duzu egon daitekeela finalaren gakoa?

Jende asko izango da, tentsio handia, eta hasiera garrantzitsua izango da, hau da, partidan nola sartzen garen. Espero dut final ona eta gogorra izatea, jendeak gozatzeko. Partidan zehar tantoz tanto egon behar duzu kontzentratuta. Markagailuari begira hasten bazara... Azkenean, gu hobeto ari garen uneak izango ditugu, eta beste batzuetan beraiek egongo dira hobeto; horietan sufritzen jakin beharko dugu eta partidatik ez ateratzen. Partida guztiek izaten dituzte bere momentuak, eta ikusten duzunean mina egiten ari zarela, aprobetxatu egin behar duzu ahal den errenta handiena ateratzeko. Ea hori lortzen dugun.

Formularik baduzue beraien aurka jokatzeko?

Formula berezirik ez dago. Ikusi egin behar da zeinek duen egun hobea eta zeinek agintzen duen gehiago. Iruditzen zait bi bikoteek ez dugula opari asko egingo, eta saiatu behar dugu partida guztian zehar lan asko egiten, bikote bezala ondo jokatzen. Bestalde, gutxi oparitzen baduzu, horrek tanto asko egitea ekarriko du. Finalak aurretik berdindua izango dela ematen du, baina jokoan asko dago, eta final guztiak ezberdinak izaten dira. Ez da erraza izaten final onak ateratzea eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Martijarekin batera finalerdietara iritsi zara aurretik. Orain beste pauso bat eman duzue.

Oso ondo sentitu gara, eta hasieran partida batzuk galdu arren, txapelketa oso osoa egin dugula iruditzen zait. Biok elkar oso ondo ulertu dugu, eta biok gure ezaugarriak zein diren oso garbi izan ditugu uneoro. Gutxi oparitu behar izan dugun bikotea gara, lan asko egitekoa, eta horrelaxe egin dugu. Esango nuke bigarren partean bolada oso ona hartu genuela eta horrek finalerdietara iritsi aurretik konfiantza asko eman zigula. Ondo iritsi gara bukaera honetara, minik ez dugu, eskuetatik ondo gaude, eta orain ondo entrenatzea tokatzen da. Egunean bertan jokatu behar da ondo eta horretarako mentalizatu behar dugu.

Zer egingo duzue finala iritsi bitarteko egunetan?

Asteburuan atseden hartuko dugu egun batez, igandean edo, eta bestela gaur [atzo] eta bihar [gaur] lan fisiko pixka bat egingo dugu. Ostegunean frontoian ariko gara, Bilbon, ostiralean fisiko pixka bat egingo dugu, eta datorren astean astelehenean eta ostegunean joango gara Bilbora entrenatzera. Ondo entrenatzen eta atsedena ondo hartzen saiatuko gara. Finala izateagatik ere ez dugu ezer ezberdina egiten hasi behar. Beste partida bat da, eta besteetan bezala maila ona eman beharko dugu irabazi nahi badugu. Finala izan arren, ez dugu ezer arrarorik egin behar. Gure entrenamenduak lasai egin, deskonektatzeko momentuak hartu eta lasaitasun guztiarekin hartu nahi ditugu egun hauek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!