Altuna III _ Binakako Finala 2022

Bi partidak irabazi arren, oraindik finalerako txartela ez da ziurra

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 14a, 19:55

Binakako Pilota Txapelketaren finala zeinek jokatuko duten asteburu honetan erabakiko da, finalerdien hirugarren jardunaldian. Altunak III.ak eta Martijak orain arteko bi partidak irabazi dituzte, baina finaletik kanpo geratu daitezke.

Finalerdi oso lehiatu eta biziak izaten ari dira. Larunbatean Altuna III.ak eta Martijak Irribarria eta Rezustaren aurka jokatutako partida maila handikoa eta emozioz beterikoa izan zen. Amezketarrak eta bere bikoteak 22-21 irabazi zieten, eta bigarren puntua lortu arren, oraindik hirugarren jardunaldian gertatuko denaren zain geratu behar dira finalera igaroko diren jakiteko. Hori bai, bere esku dute finalera iristea, baina beste bi bikote ere egoera horretan daude. Lasok eta Imazek 18-22 irabazi zieten Elezkano II-Zabaleta bikoteari atzo, eta horrek aukera guztiak zabalik utzi dute.

Izan ere, lau bikoteek aukera dute finalera pasatzeko. Zailena iazko txapeldunek dute, Elezkano II-Zabaletak, hirugarren jardunaldiko partida irabazteaz gain, Altuna III.ak eta Martijak irabazi egin behar dutelako. Beste hiru bikoteek euren esku dute finalera pasatzea. Igandean irabaziz gero, Altunak eta Martijak finalerako txartela lortuko dute zuzenean. Larunbatean Elezkanok eta Zabaletak irabazten badute, finalean izango dira Altuna eta Martija, beraien partida galtzen badute ere. Baina Irribarriak eta Rezustak larunbateko partida irabaziz gero, amezketarrak eta Martijak gutxienez 21 tanto egin behar dituzte finalera igarotzeko.

Larunbateko partidan, Labriten Elezkano II eta Zabaleta bikoak Irribarria eta Rezustaren aurka jokatuko dutenean, gauza bat baino gehiago erabakita geratu daitezke. Igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, Altuna III-Martija eta Laso-Imaz izango dira aurrez aurre. Emozio handiko asteburua, beraz, binakakoak emango duena finalerdietako hirugarren eta azken jardunaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!