Espaloiaren zoladura berritzeko lanak, abian

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 28a, 12:42

Beltzaren plaza inguratzen duen espaloian hasi dituzte lanak eta otsaila bitartean, biribilgunetik plazarako bidean, San Bartolome kaleko sarreran ere egingo dituzte obrak.

Amezketako San Bartolome kaleko 20 eta 27 zenbaki arteko eta Beltzaren plaza inguratzen duen espaloiaren zoladura berritzeko lanak hasi dituzte. Udalak lan hauen esleipena urrian egin zuen, 214.808,66 euroko aurrekontua daukate eta Apezetxea Anaiak SL enpresak eramango ditu aurrera.

Urbanizatze lanak abenduaren 15ean hasi ziren eta 2 hilabetetan zehar luzatuko dira, hain zuzen otsailaren amaiera arte. Ezinbestean lanak zatika hasi dira egiten, herritarrei ahal den eragozpenik txikienak sortzeko. Lanen lehen zatian Beltzaren plaza inguratzen duen espaloiaren zoladura berrituko dute, 3 edo 4 bat astez, eta jarduera honek trafikoan eragina izango du, Larraitz bidearen hasieran txandakako pasabidea emanez ibilgailuei.

San Bartolome kaleko biribilgunetik hasi eta ia Abotzenea eraikin berrira arte doan espaloia oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko egokitzea da lan hauen helburua. Asko irristatzen da gaur egun dagoen harrizko zoladura, eta hori ordezkatu eta espaloiaren zabalera murrizten duten zuhaitzak kenduko dira, oinezkoen igarobidea ahalik eta modu erosoenean eman dadin. Jarduera honen barnean sartzen dira, baita ere, jolastoki berriaren harrizko eskailera zaharra kentzeko eta belar eremu txikia zabaltzeko lanak.

Espaloiaren eremu honetan lanak aprobetxatuko dira, baita ere, jolastoki parean dagoen argindarraren zutabe eta kablea, airetik Beartzana jatetxearen ondora doana kentzeko eta lur azpitik pasatzeko. Horrela segurtasuna areagotzea lortuko da.

EGUBERRIETAKO ETENA

Urte berriaren lehen astean obrak etenda egongo dira eta urtarrilaren 9tik aurrera lanei berriro eutsita espaloia bukatuko da eta San Bartolome kaleko 20 eta 27 zenbakien arteko eremuaren urbanizatze berriari ekingo zaio. Lanak irauten duten bitartean ibilgailuentzako trafikoa 5 astez etengo da eta oinezkoak bakarrik pasa ahal izango dira kale honetatik. Urtarrilean Beltzaren plaza azpiko garajeko erabiltzaileekin sarrera irteerak nola kudeatuko diren koordinatu eta autobusa Auzoetxe ondoko geltokian bakarrik hartu ahal izango da.

Lan hauen helburua oinezkoen irisgarritasuna bermatzea da, araudiaren eskakizunekin bat eginez eta bertako zoladura berrituz. Horretarako espaloiak egokituko dira eta kale erdiko zoruaren tratamendua kultur etxetik kale bukaeraraino doan berdina izango da, hau da, brea inpresoa jarriko da. Jarduera honetan ere biribilgunea eta papertegiaren sarrera bitartean dauden argiteri publikoaren puntuak ordezkatu eta gehituko dira, zehazki 15 farola izatetik 21 farola izatera pasako da.

Amezketako Udaleko arduradunek deia egiten diete herritarrei pazientzia izan dezaten lan hauek irauten duten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!