Pilota elkarte baten webgunea baino gehiago

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 19a, 11:29

Behar Zana pilota elkarteak Beharzana.eus webgunea aurkeztu du. Elkartearen jardueraz gain, pilotari buruzko informazioa biltzen du.

Gurea aretoan egindako aurkezpenean, Nahikari Iturbe Behar Zana elkarteko lehendakaria, Iñaki Lizaso pilota sailaren arduraduna eta Jon Ander Artola webgunearen diseinatzailea izan dira. Iturbek azaldu duenez, webguneak «hutsune bat betetzen du», elkartearen jardueraren berri sarean erakutsiz, eta erreboteak duen lekua nabarmendu du. Biga estudioko Jon Ander Artola Behar Zana elkarteko errebote jokalaria izan da, eta diseinua egitea berarentzako berezia izan dela esan du. Webguneak diseinu sinplea duela azaldu du, eta elkartearen kolore gorri eta urdinak erabiliz osatu dela.

Iñaki Lizasok gaineratu duenez, webgune berria «erakusleiho garrantzitsua» da elkartearentzako, eta eremu zabalago bat hartzen duela ere ikusten du: «Erreboteari bultzada bat emateko modu bat da, euskal pilotari bultzada emateko modu bat dela pentsatzen dugu. Hor dagoen eduki asko interes orokorrekoak dira». Adibide moduan, besteak beste, euskal pilotaren bilakaerari buruzko informazioa, eduki didaktikoen atala eta erreboteari buruzko informazio mamitsua aipatu ditu.

Erreboteak bere atal berezia du webgunean. Izan ere, Behar Zana pilota elkartea Villabonan errebotea mantentzeko sortu zen 1946an. Elkartea Errebotea.eus domeinuaren jabe da, eta hor sartuta webgunearen erreboteari buruzko atalera joaten da zuzenean. Beste hainbat atal ditu ere Behar Zanaren atari berriak: pilota taldea, elkartea, ekintzak, euskal pilotaren bilakaera eta denda ere bai, elkartearen produktuak eskuratu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!