Behar Zana Pilota Elkarteko pilotari gaztetxoen finalak, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 20a, 15:54
Nora Martinez eta Jone Zumeta txapeldun izan ziren Arrasaten.

Eskuz Binakako Gipuzkoako eta Udaberri Sariko zazpi finaletan ariko dira Villabonako pilotariak, eta partida gehienak eskualdean izango dira.

Ostiral honetan, Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko pilotari gaztetxoek zazpi final jokatuko dituzte. Gipuzkoako eta Udaberri Sariko finalak izango dira; ia denek, eskualdeko pilotalekuetan jokatuko dute.

  • Gipuzkoako Txapelketa:

Errendimenduko infantilen lehen mailan, Zufiria-Caballero bikoteak Hernaniko Ormazabal-Arsuaga bikotearen aurka jokatuko du. Amezketako Larrunarri frontoian izango da finala; 19:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

Errendimenduko infantilen lehen mailan, Barriolak eta Artolak Alegiako Intxurre elkarteko Luluaga eta Mugikaren aurka jokatuko dute. 19:30ean hasiko da finala, Alegiako Elorri frontoian.

  • Udaberri Saria:

Jubenilen lehen mailan, Madina-Otaegi bikoteak Oiarpe Pilota Elkarteko Goñi-Lasa bikotearen aurka jokatuko du. Alegiako Elorri pilotalekuan izango da finala; 19:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

Kadeteen hirugarren mailan, Amilibia-Lacarra bikoteak Abantzuko Mayo-Zabala bikotearen aurka jokatuko du. Lizartzako Aztinondo pilotalekuan izango da finala; 19:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

Kadeteen lehen mailan, Zufiriak eta Cestauk, Tolosako Caminosen eta Carreraren aurka jokatuko dute, 19:00etan hasita, Lizartzako Aztinondo pilotalekuan.

Kadeteen hirugarren mailan, Aizpuruk eta Olasagastik Oiarpeko Galardi-Larralde bikotearen aurka jokatuko dute, Lizartzako Aztinondo pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Infantilen bigarren mailan, Dieguez-Elola bikoteak Gaztelupeko Eizagirre eta Lezearen aurka jokatuko dute, Zaldibiko Resti pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Txapeldun gehiago

Itsaso Erasunek berriki irabazi duen Emakume Master Cup Txapelketaren barruan, Hastapeneko Txapelketako finala jokatu zuten Arrasaten, pilota goxuarekin. Behar Zanako Nora Martinez eta Jone Zumeta izan ziren txapeldun, Gil-Rodriguez bikoteari 18-8 irabazi ondoren.

Bestetik, Aratz eta Alain Luixak Igeldoko Paleta Txapelketa irabazi zuten asteburuan, Jon Aldazabal eta Odei Arregi tolosarren aurka finalean garaipena lortu ondoren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!