Urtekaria 2023

75 urte Gurea aretoko pantaila handiaren bueltan

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 2a, 07:59

Aurten 75 urte bete dira Amasa-Villabonako Gurea aretoa aurrenekoz zabaldu zenetik; uda aurretik abiatu zuten aretoaren urtemugaren ospakizuna, eta ekitaldi ugari antolatu dituzte, garai zaharrak oroituz.

Ospakizun urtea izan den honetan, festak ez du hutsik egin eskualdean. Urteurren ospakizun ugari izan dira, tartean zaharrena Amasa-Villabonako Gurea aretoarena izan da. Hain zuzen, 1948an hasi zuen ibilbidea antzokiak. Lehen hamarkadetan zinema areto soila izan bazen ere, 1991n eraikinaren jabea dena elizarekin hitzarmena sinatu eta aretoa egokitu zuen, filmetatik harago mota guztietako emanaldi artistikoak eskaini ahal izateko. Geroztik, ikus-entzunezkoekin eta arte eszenikoen munduarekin lotutako emanaldi asko eskaintzen dira antzokian.

Azken hilabeteetan, Amasa-Villabonako hainbat herritarrek aretoaren inguruan dituzten oroitzapenak bildu ditu udalak. Elkarrizketak egin eta Ereiten elkarteak prestatu duen ordu erdi eskaseko ikus-entzunezkoan jaso ditu, eta testigantza horiek ikusteko aukera izan da abenduan Gurea zinema aretoan bertan egin duten ekitaldian, Gurea zinemaren garai zaharrak gogoratuz izenpean.

Urte osoko ospakizuna
Uda aurretik abiatu zuten Gurea zinema aretoaren urtemugaren ospakizuna. Amasa-Villabonako ikastetxeetako ikasleek aretoa bisitatu ahal izan zuten, eta besteak beste, zinema emanaldietarako proiektoreen funtzionamenduaz gehiago jakiteko aukera izan zuten. Slow motion izeneko teknikaren inguruko tailerra ere jaso zuten ikasleek eta maiatzean, berriz, Amestutako filmak izenburuarekin zinearen hizkuntzaren inguruko saio didaktikoa eskaini zuen Koldo Almandoz zinegileak. Azaroaren 7an, berriz, Pello Lizarralderen Argiantza eleberriaren inguruan hitz egiteko solasaldia antolatu zuten Subijana etxean.

Altzoko Imaz Bertsolari Eskolaren 25. urteurrena

Duela 25 urte, 1998ko irailaren 9an, berriro zabaldu zituen bere ateak Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolak zortzi urteko itxialdiaren ondoren. Urrian asteburu borobila izan zuten Altzon, 25. urteurrena ospatuz. Esaterako, urriaren 22an, igandean, Imazen pagopean antzerki herrikoi eta ibiltaria burutu zuten. Eta, Aurreko egunean, larunbatean, Altzoko Eskolaren urtebetetzea ospatzeko ekitaldiari. Ekitaldi xumea baina hunkigarria izan zen. Bertan elkartu ziren 25 urte hauetan eskolatik igarotako ikasle gehienak, irakasleak -lehen zuzendari Elena Arrizabalaga, Jaione Munduate, Mila Etxeberria, Josebe Rezola, Arantxa Menendez eta egungoak- , eskola komunitateko gurasoak -egungoak eta ohiak-, udal langileak, udalkideak eta herritar asko.

Loatzo Musika Eskolaren 20. urteurrena

Loatzo Musika eskolak 20 urte bete ditu aurten. Eskualdeko zortzi herrik osatzen dute musika eskolako mankomunitatea; hain zuzen, Zizurkil, Anoeta, Ibarra, Alegia, Amasa-Villabona, Irura, Aduna eta Altzok. Une honetan, 2023/2024 ikasturtean, 400 ikasle daude matrikulatuta eta 18 irakasle eta administrari batek osatzen dute langile taldea. 20 urteotan hamaika bizipen izan direla azpimarratu dute musika eskolako arduradunek, eta ospakizunarekin bat eginez, 8 herri, 20 urte, 11 bizipen lelopean festa handia egin zuten denek batera ekainean, Zizurkilgo Herrigunean. Trikitilariek eta dultzaineroek kalejira egin zuten Zizurkilgo erraldoiekin batera, eta iluntzean, kontzertua eskaini zuten musika eskolako ikasleek eta gonbidatuek.

Aitortza beroa

Hodeiertz abesbatzak aitortza beroa jaso zuen bere 40. urteurrenean eskainitako kontzertu berezian. San Frantzisko eliza ikuslez bete zen, urrian egin zuten saio hunkigarrian. Abesbatzak laguntzaile ugari izan zituen kontzertuan zehar, tartean, koruko kide ohiak, eta besteak beste, Tolosako Udalaren omenaldia jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!