Belabietako batailaren azken aztarnak

Leyre Carrasco 2023ko abe. 13a, 18:00

Batailaren inguruko objektu eta argazkiak igandea arte izango dira ikusgai Amasako Kultur Etxean, goizean eta arratsaldean; Manolo Arroyo Montilla bildumagileak 25 urteetan zehar jaso du materiala.

25 urteetan Belabietako batailaren materiala bildu du Manolo Arroyo Montillak. Hernialdera bizitzera joan zenean Santa Kruz apaizaren berri izan zuen. «Gerrillaria zela kontatu zidaten eta istorio hark harrapatu egin ninduen, beraz, nire kabuz ikertzen hasi nintzen», gehitu du.

Dokumentuez gain, liburuak, armak, banderak eta batailan erabilitako objektu eta aztarna ugari bildu ditu Arroyok, eta igandera arte horiek ikusteko aukera izango da Amasako Kultur Etxean; bihar arte 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik Kultur Etxea, eta asteburuan, berriz, 10:30etatik 12:30etara.

Erakusketan, gainera, soldaduen jantziak ez ezik, garai haietako argazkiak ere ikusi daitezke. Bertan, batailan garrantzia berezia izan zuten soldadu eta boluntarioak agertzen dira; besteak beste, Lorenzo Higes sarjentua; J.Garnica kapitaina; Juan Bautista Pildain eta Anton Iraola soldadu tolosarrak; Marcos Alconero soldadua; edota Jose Antonio Odriozola, Jose Ignacio Zapirain eta Francisco Elizondo boluntarioak.

Erakusketako lehen eguna izan zuten atzo. Eskualdeko herritar ugarik bete zuten Amasako Kultur Etxeko erakusketa gela, 1873. urtea oroituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!