Belabietako batailaren memoria bizirik dirau Amasan

Leyre Carrasco 2023ko abe. 13a, 15:00

Gertakari hura ikertu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, eta horren nondik norakoak azaldu zituen atzo Karlos Almorza elkarteko kideak Amasako Kultur Etxean eskaini zuen hitzaldian.

Belabietako batailaren 150. urteurrena ari dira ospatzen Amasa-Villabonan. 1873. urteko abenduaren 9an izan ziren borroka latzenak Belabieta inguruan, karlista eta liberalen artean. Amasa-Villabonako Udalaren enkarguz gertakizun historiko hura ikertzen aritu da Aranzadi Zientzia Elkartea azken hiru urteetan eta asteartean horren nondik norakoak kontatu zituen Karlos Almorza elkarteko kideak, Zer gertatu zen Belabietako batailan? izenpean.

«Badakigu batailaren zati handiena Amasamendin izan zela, hain zuzen, Meakako gurutzean, Amasatik Villabonara jaisteko bidean», esan du Almorzak. Bataila hartatik 150 urte bete ziren pasaden ostiralean, eta gertakari hura oroitzeko lore eskaintza egin zuen Villabonako Udalak Meakako gurutzean.

Datorren urtean, Amasa-Villabonako eta Tolosako Udalekin hitzartu bezala, Belabietako zonalde guztitik drone-a pasatzeko asmoa dutela jakinarazi du Almorzak. Izan ere, Belabieta ingurua tropa karlisten eta liberalen arteko talka zuzenaren lekuko izan zen. Horregatik, zonalde horretako 100 hektareatan zehar pasako dute, «lurrean agertzen diren estrukturak zerutik aztertzeko». Horrela, bertan aurkitzen diren harriz egindako estrukturak irakurtzeko aukera izango dituzte.

Hiru urteko ikerketa

Bataila egunean gertatutakoa ez ezik, hiru hilabeteetan gertatutakoa jaso du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Horretarako, Lizarraga jeneral Karlistaren eta Moriones jeneral Liberalaren testigantzak bildu dituzte. «Garai hartan Lizarraga jeneral Karlistak guztiz blokeatuta zuen Tolosako herria, eta setio hura apurtzeko helburua zuen Moriones jeneral Liberalak», kontatu du Almorzak. «Dokumentuetan, nora eta noiz joan ziren, nora eta noiz etorri ziren edota zenbat soldadu ziren agertzen da, besteak beste, baita egunean zenbat zauritu eta hildako izan ziren ere. Hala ere, bi jeneralen testigantza horiek neurrira ulertu behar ditugu» gehitu du.

2021. urtean dokumentazioa jasotzeari ekin zioten, Amasa-Villabonako, Andoaingo, Tolosako, Berastegiko, Hernaniko, Elduaingo, Lekunberriko, Olaberriako eta Leitzako udal artxiboetan. Herrietako hildakoen liburuak, eta Donostiako Gotzaindegiko eta Elizbarrutiko Artxibo Historikoak ere miatu dituzte.

Orduko artxiboetan 4.105 dokumentu eskuratu dituzte denera. Horrela jakin dute Amasan 1873ko abenduaren 9an, 14.000 soldadu inguru aritu zirela borrokan, eta 600 baja inguru izan zirela. Batailak egun bakar bat iraun bazuen ere, armada Karlistako 3.000 soldadu inguru hiru hilabetez Amasan egon zirela ere jakin dute. Iaz, berriz, Amasa eta Belabietako mendiak miatu eta jasotako dokumentuetan azaltzen diren leku guztiak aztertu zituzten. «Hori ikertzen, liberalek Amasa Etxeberri baserriari su eman ziotela jakin genuen», aipatu du Almorzak.

Ikerketa honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide diren Jexux Bidaola eta Jose Luis Iraola izan ditu bidelagun Almorzak. Hiruok ikerketarekin jarraitzeko asmoarekin badaude ere, Almorzaren hitzetan, «interesgarria izango zen herri bezala beste norbaitek ere bukaera on bat ematea gertakari honi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!