Lore eskaintza egin du udalak Meakako gurutzean

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 9a, 14:52

Belabietako batailaren 150. urteurrena ospatzen da gaur. Bataila hura oroitzen duen Meakako gurutzean egin du Amasa-Villabonako Udalak lore eskaintza.

1873. urteko abenduaren 9an izan ziren borroka latzenak Belabieta inguruan, karlista eta liberalen artean. Amasa-Villabonako Udalaren enkarguz gertakizun historiko hura ikertzen aritu da Aranzadi zientzia elkartea azken hiru urteetan. Gaur, Belabietako batailaren 150. urteurrenean lore eskaintza egin dute borrokaldi hura gogoratzeko eraikitako Meakako gurutzean.

"Egun tragiko hartan hildako mutil gazteak gogora ekarri nahi izan ditugu. Horietako gehienak nafarrak eta gipuzkoarrak ziren. Gure lurrak ez daitezela berriro horrelako sarraski anker baten testigu izan", esan dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek. Aranzadik egindako ikerketaren arabera, duela 150 urteko abenduaren 9an, 600 baja zenbatu ziren Belabieta inguruan.

Amasa-Villabonako Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin batera bataila hura gogoratzeko ekitaldiak antolatu ditu datozen egunotarako. Gaurko lore eskaintza izan da lehendabizikoa. Hurrengo egunetan ekimen gehiago izango dira:

  • Abenduak 12tik 17ra
      • Erakusketa Amasako kultur etxean
    • 18:00 - 20:00. Abenduaren 12tik 15era.
    • 10:30 - 12:30. Abenduaren 16an eta 17an .
  • Abenduak 12, asteartea
    • 19:00. Amasako kultur etxean Zer izan zen Belabietako bataila? hitzaldia, Aranzadi zientzia elkarteko kideen eskutik.
  • Abenduak 16, larunbata
    • 10:00. Amasako plazatik Belabietara mendi ibilaldi gidatua eta hamaiketakoa Meakako gurutzean.
  • Abenduak 17, igandea
    • 12:00. Ekitaldi nagusia Amasako plazan. Dantzariak, bertsolariak, pintxoak eta abar luze bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!