A30 Greba Feminista Orokorra

Pikete informatiboak eta elkarretaratzea egin dituzte Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 30a, 13:53

Eskualdeko hainbat tokitan jarduerak egin dituzte goizean zehar. 

Goizean goiz hasi dira pikete informatiboak greba orokorra aldarrikatzen. 5:30ak aldera Tolosako Apatta industriagunean egin dituzte lehenak: biribilgunea moztu dute ordu erdi inguruz, eta esku-orriak banatzen aritu dira; jarraian, Usabal industrialdera joan dira eta bertan ere esku-orriak banatzen aritu dira zabalik zeuden lantegietan; Irurako industriagunera joan dira gero; eta azkenik, kotxe karabana egin dute Adunan eta Villabonan. 

Villabonan 10:00etan abiatu da bigarren pikete informatiboa, eta gutxieneko zerbitzuetan lanean ari diren zenbait lantokitan egin dituzte geldialdiak, besteak beste, osasun zentroan, adinekoen egoitzan eta ikastetxeetan. 

Geroago, berriz, 12:00etan batu da jendea Malkar plazan elkarretaratzea egiteko, eta zenbait minutuz errepidea ere moztu dute. Jende andana elkartu da, eta jarduera guztietan gogorarazi dute arratsaldean Tolosan egingo dela eskualdeko mobilizazioa.

Deialdiaren jarraipena
Sindikatuen arabera 30 eta 40 pertsona inguru bildu dira goizean goizeko piketeetan: «Ez da erraza izaten ordu horietan jendea elkartzea. Momentuz nahiko ondo doaz jarduerak, eta aurreikusten dugu arratsaldeko mobilizazioak jendetsuak izango direla». 

Eskualdeko lantegi batzuk eta Udalek bat egin dute grebarekin eta itxita egongo dira egun guztian zehar. Villabonan taberna, kafetegi eta denda batzuk irekita daude, eta hainbat eta hainbat saltokik itxi egin dute greba dela-eta; beste hainbatek, berriz, zenbait ordutako lanuzteak egin dituzte.

Sindikatuek nabarmendu dute lehen greba orokor feminista dela, eta «eredugarriak» direla gaurko mobilizazioak: «Milaka pertsona ari dira mobilizatzen Euskal Herriko hainbat tokitan. Aurrera begira prozesu garrantzitsu bat irekiko du gaurkoak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!