«Poza eta alaitasuna nagusi, jai jendetsu eta parte hartzaileetan»

Tolosaldeko Ataria 2023ko abu. 2a, 19:00

Amasa-Villabonako Udalak, igaro berri diren Santio Jaien lehen balorazioa «oso baikorra» egin du, eta eskerrak eman nahi dizkie jaietako ekintzetan parte hartu duten herritar guztiei. Era berean, udalak bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie Jai Batzordean parte hartuz, jaietan zehar ekintzak antolatu dituzten elkarte eta talde guztiei, «boluntario gisa egindako lan guzti hori gabe, Santio Jaiak ez lirateke posible izango».

«Mila esker eta aupa zuek!» esanaz zuzendu da herritarrengana Amasa-Villabonako Udala jaien ostean: «Auzolana eta herritarren parte hartze aktiboa dira jai hauen zutabe nagusia eta horrek harro sentiarazten gaitu, herri bizi-bizia garela adierazten baitu».

Aurtengo jaietan poza, algara, enpatia, errespetua eta giro atsegina nagusitu direla esan du udalak, ondorengoa gaineratzeko: «Badirudi, zorionez, ez dela intolerantziari edota indarkeria matxistari lotutako gertakari larri azpimarragarririk izan. Hau guztiz normala izan behar litzateke eta agian ez genuke aipatu ere egin behar, baina intolerantzia eta matxismoa zoritxarrez oraindik gure gizartean ditugun gaitzak dira eta kezka iturri izaten dira jaietan. Tamalez, gertakari ezatseginak eta jokabide kaskarren kasu puntualak izan dira, baina orokorrean jai hauetan jendeak izan duen portaera bikaina txalotu eta balioan jarri nahi dugu».

Bukatzeko, udalak argi utzi nahi izan du jaien balorazioa egitea Santio Jai Batzordeari dagokiola eta horregatik irailean jai batzordeak balorazio bilkura bat egingo duela. Bertan aztertuko dira jaietan zehar ondo eta gaizki egindakoak, beti ere 2024ko Santio Jaiei begira irakaspenak atera eta hobekuntzak proposatzeko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!