Ikus-entzunezko ondarea aztergai, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 2a, 18:32

Bideo grabazio zein edizio eta zabalkunderako azalpen praktikoez gain, ikus-entzunezko ondarearekin lanean diharduten ekimenen esperientziak entzun ahal izango dira. Maiatzaren 12an izango da hitzordua, Amasa-Villabonako Subijana etxean.

Tokiko Bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea izenburupean egingo dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Herrietako ezagutza bildu eta geroratzeko egitasmoek sortzen duten ikus-entzunezko ondarearen inguruan antolatu dira: zehazki, bideo grabazioen eta euskarri digitalen gaineko esperientziak partekatzeko.

 

Aniztasun handia dago herri bilketa sustatzen duten eragileen artean: herriko elkarteek, udalek, eta herri liburutegiek edo artxiboek sustatutako ekimenak izan ohi dira, tokiko bilduma aberaste aldera. Batetik, honelako grabazioak eta edizioak gauzatzen direnean aintzat hartu beharreko azalpen teknikoak, praktikoak, emango dira eta bestetik, herri eragileek bideoen tratamendu eta zaintzaren inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratuko dira. Parte hartzen izango dira Ttur Ttur euskaltzaleen bilgunetik Ane Lardi, Bertsoa.euseko Eneritz Urkola, Ahotsak.euseko Idoia Etxeberria eta Haizea Odria, Aldudarrak Batasuna elkartetik Ihintza Bidart, Ernest Lluch liburutegiko Larraitz Idarreta, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren izenean Nere Erkiaga eta Durango 1936 kultur elkartetik Unai Iturriaga eta Andoni Bareña.

 

Ikusgai duzue egitaraua.

 

Doakoa, baina izena eman behar da

 

Jardunaldi hau ikus-entzunezko ondarearen bilketa eta tratamenduan lan egiten duten eragile eta herritar guztientzat irekita dago, eta batez ere, bideo grabazioekin lanean hasi eta nola egin jakin nahi duten herrietako eragile, liburuzain, artxibozain eta langileei zuzenduta dago. Sarrera doakoa da baina aurrez izena eman behar da xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzita; maiatzaren 10era arte izango da horretarako aukera.

 

2017ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Euskal Herriko Ahotsak eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) eta Amasa-Villabonako Udal Liburutegiak lagundu dute jardunaldien berri zabaltzen.

 

Laugarren edizioa

 

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta bereziki Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren. 2014an egin zen lehena; antzerkiaren dokumentazioari loturikoa izan zen lehen edizio hura. Gerora, ipuingintzan eta kantagintzan jarri dute arreta jardunaldiek, eta aurtengoan, azaldu bezala, bideogintza izango dute ardatz.

 

Nere Erkiaga, Xenpelar Dokumentazio Zentroko arduradunak eman ditu azalpenak:

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!