Tolosaldeko Giltzarria

Galdeketa eta festa, martxoaren 19an Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 10a, 18:26

Tolosaldeko Giltzarriak martxoaren 19an galdeketa egingo du Tolosaldeko 28 herrietan. Horren harira, Amasa-Villabonan egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte.

Goizeko 09:00etan hautetsontzien irekiera ekitaldia burutuko da eta herriko musikariek alaitutako diana joko da. Pilotari kaleko bigarren zenbakian, herriko plazan zabalduko da hautetsontzia.

Goizean zehar ekimen ugari izango dira: erraldoi, buruhandi eta ipotxak irtengo dira 11:00etan eta barirkotea egingo da 12:30ean. PIntxoak, edariak eta musika egongo da eta bazkaldu bitarteko tartea kantu-jirak alaituko du.

Arratsaldez, 16:00etan OInkari dantza taldearen emanaldia izango da, 16:30ean Bihozkada taldeak kontzertua eskainiko du eta 18:00etan Gatxek MJaren eskutik musika izango da. Ekitaldi guztiak herriko plazan egingo dira.

Galdeketan parte hartzeko oharrak

Amasa-Villabonako Gure Esku Dagok zenbait ohar garrantzitsu azpimarratu ditu, ariketa demokratiko hau gauzatu nahi duten herritar guztiek aukera izan dezaten galdeketan parte hartzeko.

Aipatu dutenez, 16 urte edo gehiago duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute galdeketan. Bozkatu ahal izateko, NAN edo pasaportea aurkeztu beharko da eta bertan, helbidea Villabonan duela azaldu beharko du. Helbidea beste herri batean duela agertzen bada, bozketa aurreko egunetan, udalean errolda agiria eskatu beharko da. Errolda agiria eskatzeko, Amasa-Villabonako udalera jo beharko da (norbaitek ezin badu joan, beste pertsona batek eska dezake bere ordez, baina honek interesatuaren NAN fotokoa eta idatzizko baimen bat sinatuta eraman beharko ditu). Errolda agiria eskatzen den unean bertan ematen dute. NAN edo pasaportea iraungita egonez gero, derrigorrez, errolda agiria aurkeztu beharko da bozketa egunean.

EHNArekin bozkatu nahi izanez gero, derrigorrez, errolda agiria aurkeztu beharko da bozketa egunean. Etorkinek bere herrialdeko nortasun edo bizileku txartelaz gain, errolda agiria aurkeztu beharko dute bozketa egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!