Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Am…ona Hernanira begira, etxeko kanporaketa irabazi ostean

Ataria 2017ko otsailaren 21a

Villabonako gaztetxean egin zen saioa afalostean, giro paregabean; Amasa-Villabonako bertsolariek Arnope izan zuten arerio, lehen itzulian.

Am…ona taldeak etxean hasi du Gipuzkoako Herriarteko txapelketa, Villabonako gaztetxean. Saioa afalostean izan arren, bi taldeek elkarrekin afaltzea erabaki zuten eta beraz, bapo afaldu eta elkar hobeto ezagututa igo ziren oholtzara. 

Gaztetxera iristean oso giro goxoa aurkitu zuten, gazte asanbladako kideek arretaz prestatutako oholtza eta 100 entzuleren berotasuna medio. Bertsolariek eskertuta ekin zieten lanei, saio on bat egiteko baldintzak aurkitu baitzituzten. Agur umoretsu batekin abiatu zuten saioa etxekoek, urpekariz mozorrotuta. Orduantxe igarri zen jendea ondo pasatzeko gogoz gerturatu zela eta saioari berotzea kosta zitzaion arren, erdialdetik aurrera gora egin zuen.

Aipatzeko moduko saioa osatu zuten bi taldeek puntu erantzunetan, errimak elkarri emanez, bakarka eta kopletan egindako lanekin (azken honetan, umore printzek giroa piztu zuten). Bertaratutako askorentzat, harrigarria izan zen Arnopeko kideek eta Ander Goikoetxeak egin zuten lana, jendaurrean abesten ohituta egon ez arren sekulako tenplea eta maila erakutsi zutelako.

Azkenik, 16/8 ebatzi zuten epaileek, Am…ona-ren alde. Oraindik itzuliko saioak falta dira eta Hernanin izango dute hurrengo hitzordua Amasa-Villabonakoek. Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkio Onddo Gazte Asanbladari laguntza guztiagatik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!