Saharako begiradak argazkitan

Jon Miranda Labaien 2016ko abe. 18a, 12:05

Maiatzak 20 elkarteak sei urte luze daramatza lanean. Saharako haur taldeak ekartzen dituzte Euskal Herrira udako oporraldia igarotzera. Ekimena aurrera ateratzeko gizarte osoaren konpromisoa eta laguntza behar dira. Oraingo honetan irudi bitartez dator elkartasuna.

Tumana, Buzeid Mohamed, Gleila, Saleh, Samira, Chej, Benda, Sidi, Dagna, Buzeid Hamada, Amma, Ahmadua eta Hanan. Hamahiru neska-mutil hauek uztaila eta abuztua pasa zituzten Amasako apaizetxean Maiatzak 20 elkartearen ekimenez.

Elkarteak egiten duen lana gizarteratzeko proiektua berria da amasahara, sahararrek bizi duten egoera partekatzeko balioko duena eta ekimen solidario hau sostengatzeko finantziazio iturri izango dena. Elixabet Eizagirre, Maiatzak 20 taldeko kideak aipatu duenez, «Tindufetik gertu dauden Aljeriako saharar iheslarien errefuxiatu kanpalekutik haur talde bat ekarri ahal izatea jende askoren laguntzari esker gauzatzen da eta oraingo honetan Nora Urbizu, Ander Ortiz de Murua eta Beatriz Medrano billabonatarrek euren ekarpena egin nahi izan dute. Elkarteak gauzatzen duen Oporrak bakean programara bideratuko da jasotako diru guztia».

1975ean Espainiako estatuak Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritaniaren esku utzi ondoren, okupaziotik ihesi Aljeriako basamortura egin behar izan zuten milaka sahararrek. «Lehenengo uda hartan ehunka haur hil ziren beroagatik eta pentsatu zuten zerbait egin beharra zegoela saharar gizartearekin ez akabatzeko», esan du Eizagirrek. Hurrengo urtean bertan, Aljeriako gobernuak haur talde bat hartu zuen eta 1979an, lehen aldiz, Saharako 100 haur bidali zituzten Espainiako estatura. Gipuzkoara, 1986an iritsi zen lehen taldea. 50 haurrek Donostiako aterpetxe batean hilabetez hartu zuten ostatu.

Pixkanaka gorpuzten joan zen egitasmoa Oporrak bakean izena hartu arte: «Ez dakigu zehatz esaten noiz, baina geroz eta jende gehiagoren kolaborazioarekin, aterpetxeetatik harrera familietara egin zen salto eta hilabete bat pasatzetik bi hilabetera zabaldu zen oporraldia». Uztaila eta abuztua pasatzen dituzte gure artean, errefuxiatu kanpalekuetatik etortzen diren 10 eta 12 urte arteko gaztetxoek.

Arnasa hartzeko beta

Duela 37 urte, Oporrak bakean proiektua abiatu zenetik kalkulatzen dute %40 jaitsi dela haurren hiltze indizea errefuxiatu gunean. Lehenengo betebeharra haurrak berotik babestea da. Eizagirrek nabarmendu duenez, udan 60 gradutik gorako tenperatura egon daitekeelako desertuan. «Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte jasangaitza da beroa eta ez da inor kalera ateratzen ezin delako arnasarik hartu. Helduek ulertzen dute, baino nola eutsi 10 urte inguruko ume bati haima barruan beroak jan ez dezan?». Eguzki plakak iritsi direnetik, klimatizazio sistemak dauzkate kanpalekuetan, baina bateriak agortzen zaizkienean berriz ere aurre egin behar izaten diete bero sapari.

Baliabide faltan jarri dute arreta Maiatzak 20 elkarteko kideek. «%100 alfabetatuta dagoen herria da, unibertsitatera joaten dira sahararrak eta mediku oso onak dauzkate, baina gero baliabideak falta zaizkie. Hemen, oftalmologo edo otorrino batek momentu batean konpondu dezakeen gauza, errefuxiatu kanpalekuetan ezinezkoa da». Horregatik, Saharako haurrek Euskal Herrian pasatzen dituzten bi hilabeteak osasun azterketak egiteko baliatzen dituzte. «Betaurrekoak behar dituenari jarri egiten zaizkio edo ebakuntza txikiak egiten dira, gehienetan basamortuko klimarekin zerikusia duten gaitzak artatzen ditugu hemen», azpimarratu du Eizagirrek.

Gure artean uda pasatzen duten haurrek, gainera, enbaxadore lana egiten dute. Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera politikoaren lekukotasuna ematen dute dauden tokian daudela. «Tristea da pentsatzea 40 urte pasa direla soluziorik gabe. Lurralde bat daukate eta handik ihes egin behar izan dute. Maiz esaten dute sahararrek munduak ahaztuta dauzkala eta egia da: Mendebaldeko Sahararen historia interes guztien kontra doan historia da».

Geroz eta gehiago, hobeto

Baina baikor hitz egiten du Eizagirrek: «Seguru gaude Dakhlako hondartzetan emango diogula bukaera amasahara proiektuari». Baina bien bitartean jarraituko du jendearen elkartasunak beharrezko izaten.

Maiatzak 20 elkartean biltzen diren lagunak ere ez dira hutsetik abiatu eta aurrez beste taldeek egindako lanari segida eman diote. «Arrasate eta Aretxabaletan baziren Sahararen aldeko bi talde eta haiek harreman berezia zuten Martir Cherif izeneko zentroarekin. Rabouni administrazio gunean dago kokatuta zentroa eta gerraren biktimak eta minez zaurituta dagoen jendea zaintzen dute bertan. Normalean leku horietara joaten da bizitzera familia osoa eta umeek bazterketa bikoitza jasaten dute: errefuxiatu kanpaleku batean daude eta gainera gune berezi batean. Ume horiek laguntzeko, Oporrak bakean programan sartu eta 2008an lehen aldiz etorri ziren 15 neska-mutil Euskal Herrira Debagoienako elkarteei esker. Uda hura eta hurrengoa Lasturren pasa zituzten».

Bi urteetan bertara laguntza ematera gerturatutako jendeak osatu zuen gerora Maiatzak 20 elkartea. Tartean zen Elixabet Eizagirre: «Giro polita sumatu genuen eta iruditu zitzaigun udan basamortutik ahalik eta haur gehien ateratzeko guk ere egin genezakeela zerbait. Hurrengo urtean, 2010ean lehenengo haur taldea etorri zen gurera». Brinkolan eman zuten lehen uda eta baita ere hurrengoa. Hurrengo bi urteak Ibarran pasa zituzten eta azkeneko hirurak Amasako apaizetxean.

Bakea eta askatasuna desio dituzte Saharar herriarentzat eta nahiago lukete hurrengo urtean Oporrak bakean programa berritu beharko ez balitz. «Zoritxarrez errepikatu beharko balitz, ikusiko dugu Amasan egin ahal izango genukeen edo ez. Etxebizitza berriak eraiki behar dituzte han inguruan eta ez dakigu udan zein fasetan egongo diren lanak. Haurren segurtasuna bermatu behar dugu beste ezer baino gehiago».

Aterpetxearen martxa, auzolanean

Errefuxiatu kanpalekuetatik etorritako begirale batek, Euskal Herrian bizi diren Saharako beste hiruk eta Eizagirrek berak Amasako apaizetxean pasa zuten aurtengo uda. «Gau eta egun egoten gara haur taldearekin, baina zorionez laguntzaile asko gerturatzen zaizkigu». Izan ere, familia handi bat bezala funtzionatzen du aterpetxeak: «Egunean zehar sortzen diren ardurak denen artean banatzen ditugu: oheak egin, ontziak garbitu, bazkaria prestatu, garbiketa egin...».

Haur hauek sortzen duten elkartasun olatura jende asko batzen da udako bi hilabete horietan: «Pazientzia handia erakusten dute Amasan bertako bizilagunek eta asko laguntzen digute. Bestela, Gipuzkoako beste toki askotatik etortzen zaigu jendea, batek garbigailuak jartzen laguntzen digu, besteak arropa zabaltzen. Badira umeak hartu eta igerilekura eramaten dituztenak edo Donostiara paseo bat ematera joaten direnak. Umeekin egunero gauden begiraleoi arnasa hartzen laguntzen digute boluntario horiek».

Izan ere, herri ekimena dago Maiatzak 20 elkartearen oinarrian. Saharako haurren egonaldia finantzatzeko laguntza eskatzen dute udaletan eta «batzuk positiboki erantzuten dute eta beste batzuk berriz ez». Elkartasuna da, beraz, ekimena aurrera ateratzeko erabiltzen duten tresna: «Umeak etorri aurretik bilketa berezi bat egiten dugu. Behar izango dituzten janari eta higiene produktuen zerrenda luze bat egiten dugu eta erantzuna oso positiboa izaten da. Urtean zehar ere, etortzen diren umeentzako arropa behar ote dugun galdetzen digute eta haiek iristerako guztia prestatzen dute».

Laguntza guztia da beharrezkoa, bi hilabetez, dozena bat haurren hegazkin bidaiaz gain, elikadura, joan etorriak eta beste hainbat gastu ere ordaindu behar izaten baitira. Urtean zehar elkarte asko dira ekimenak antolatu eta bildutako dirua aterpetxera bideratzen dutenak. Maiatzak 20 elkarteak ere bigarren eskuko merkatua eta elkartasun merkatua antolatzen ditu urtero eta duela gutxi, Tenpora taldearen kontzertua prestatu zuen Villabonan. Jasotako diru guztia Saharako umeek bi hilabete gure artean pasa ditzaten erabili zuten.

Ahalegin kolektibo horretara batu da orain amasahara proiektua, gure artean izan ditugun haur horiek beraiek protagonistatzat hartuta. Haien begiradek erakusten dute askatasunean bizitzeko gogoa duen herri baten parte direla eta denboran iraun nahi dutela. Inoiz ezagutu ez duten lurralde batera itzuliko dira, berandu baino lehen.

Hitz jolasa proiektu berria izendatzeko

Proiektua izendatzeko aukeratu dute amasahara izena. Jolas bezala proposatu dute eta Saharar herriari egiten dio erreferentzia. Horrekin batera, azken hiru urteetan hango haurrak hartu dituen Amasa herriaren zati bat ere ageri da izenean.
Baina hasierako «ama» horretan jarri nahi izan du arreta Eizagirrek: «Guk hemen haur horiekin disfrutatu dezagun, ama sahararrek agur esan behar izaten diete beren seme-alabei, askotan jakin gabe nora doazen. Gugan jartzen duten konfiantza eskertzeko modua bat da amasahara egitasmoa».

Erlazionatuak

Amasahara: Erakusketa baino gehiago

Jon Miranda Labaien 2016 abe 18 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!