Aurelio Castillo Guinea, frontearen lubakietatik barna ihesean

Aritza Kultur Elkartea 2014ko mai. 23a, 16:57

1902ko abenduaren 2an Villalba de Riojan (Errioxa, Espainia) jaio zen Aurelio Castillo Guinea. 1994ko urtarrilaren 21ean hil zen, 92 urterekin. Bere hilotza Tolosan lurperatua dago, bere seme Narcisoren jabetzakoa den panteoian. Prudencia Ayala Victoriarekin ezkondu zen eta 3 seme izan zituzten: Paulino, Narciso eta Carlos. Aurelio errepublikanoa zen. Papergintzan jardun zuen hasiera batean eta ondoren Villabonan ikazkina izan zen.

Ihesaldiaren hasiera, lehen geldialdia Deban
Francoren helburua Gipuzkoa bere mendean hartzea izanik, Aureliok, egoeraren larritasunaz ohartua, bere familia babestea erabaki zuen. Prudencia eta hiru semeek ihesari ekin zioten babes bila, eta euren sorterria, Villabona, utzita, Donostiara joan ziren; Aurelio Villabonan geratu zen.

Francoren armada dagoeneko Belabietan zegoela eta egokiena alde egitea izango zela pentsatu zuen Aureliok. Bere asmoen berri eman zion ezkonanaiari eta biek ihes egitea erabaki zuten. Handik, denak, Aureliok barne, errefuxiatu kondizioan Debako etxe batean harrera jaso zuten.

Bilbora joan ziren, Begoñara hain zuzen ere. Han, Aureliok senide batzuk zituen. Bilbon ere Francoren tropak sartzen hasi ziren eta Aureliok Santurtzira joatea erabaki zuen (han ere senideak zituzten). Egoera ez zen han ere samurra: metraila hotsak eta ihes egin behar, Prudencia eta bi seme gordeleku batera sartu ziren, sirena hotsak nonahi, bonbardaketa gupidagabeak noranahi. Aurelioren seme txikiena, ordea, gaixotu egin zen eta aitak bertan geratzea erabaki zuen, seme gazteena ohetik mugitu ezinik zegoelako.

Beste bi semeak ezkutalekura, babes hartzera bidali zituen, amarekin. Aita, semea zapi batean bilduta zuela haiengana itzuli zen. Bonbardaketaren ondoren ezkutalekutik atera ziren, etxera itzultzeko. Ez zieten etxera itzultzen utzi, baina euren begiekin ikusi ahal izan zuten jaurti zituzten bonba ugari haietako batek etxearen ondoan lur hartu eta dena txikituta utzi zuela; Aurelioren seme gazteena eri egon zen ohea bera, metrailaz txikitutako horma zatiez beteta aurkitu zuten; Aureliok zuhur jokatu zuen eta ordurako ihes egina zen etxe hartatik bere semea besoetan hartuta.

«Aita, llévame a Rusia»
Aureliok eta bere seme zein emazteak, Santurtzin zirela, Tolosako bi ezagunekin egin zuten topo. Haiek, Zamorano bezala ezaguna zen errepublikazale baten berri eman zieten, zaurituta zegoela jakinaraziz. Aureliok ospitalera joatea erabaki zuen bisitan. Aurelioren seme Paulinok (Aritza Kultur Elkarteak ari esker egin ahal izan du kontakizun hau) gogoan du aitarekin han zirela, ospitalea eta guzti mugitzen zela, bonbardaketa izugarrien ondorioz. Beldurrez dardarka gogoratzen ditu egun haiek. Eta negar egiten zuela etengabe. Urteak beranduago aitak gogorarazi zion zer-nolako lotsak pasarazi zizkion, etengabe «llévame a Rusia» esanaz, apaiz batzuen aurrean, negar eta garrasika.

Aureliok frontera borrokara joatea erabakitzen du
Santurtziko udaletxean eman zuen izena Aureliok frontera joateko. Izena ematen ari zen unean ere bonbardaketak gertatzen ari ziren. Aureliok borroka hastearekin bat, bere senideen sufrikarioak beste jauzi bat eman zuen. Paulinok gogoan du nola gizarte egoitzetara joaten ziren jan bila. Halako batean, hango langile batek uko egin zien santurtziarrak ez zirela argudiatuz. Amak, Prudenciak: «Niri ez eman baina behintzat haurrei emaiezu jatekoa». Paulinok kontatzen du nola ama gizarte jantokiko zerbitzariarekin eztabaidan zegoela aita agertu zen, erretiran, militarrez jantzita; aitak: «Pruden, zer gertatzen da?», eta amak: «Ez digula janaririk eman nahi».

Aita ikusi zutenean, ordea, berehalakoan eman zieten janaria. Paulino ziur da aita ez balitz agertu, jan gabe geratuko ziratekeela.

Aitarekin, frontearen bidetik
Bilbo erori zenean, Francoren oldarraldiaren aurrean, errepublikar armada erretiratzen hasita zegoen jada. Jendea ihes egiten hasi zen Santander aldera (eta ahal zen tokietara), hartu traste guztiak eta ihesean berriro ere. Ihesean zihoazela aitaren ezkonanaiarekin topo egin zuten bidean (ihes egiteko erabakia elkarrekin hartu zuten, Paulino Urbina Guinea, heriotza zigorrera kondenatua izan zen billabonatar hau ere). Gernikatik zetorren hura beste alderako bidea egiten, Frantzia alderantz zihoazen, ihesean baita. Tarte batean osabarekin hizketan jardun zuten eta hark esan zien: «Ez joan Gernikara ze dena sutan dago».

Aitaren ibilbide bera egin zuten Castillotarrek. Lantzean behin aita bidera agertzen zen bere senideak agurtzera. Kamioi mordoa eta jendea ihesean gogoratzen ditu Paulinok. Aitak, militarrez jantzita, kamioi haietako bat geratu zuen eta semeak eta emaztea igo zituen. Aureliok, berriz, frontean aurrera jarraitu zuen. Helmuga Celis (Kantabria) zen; bertan iheslari moduan egon ziren. Gero, Santanderren tren bagoi batean sartu zituzten. Han pasa zuten gaua. Santander bonbardatzen ari zirela entzun zitekeen. Goizean, trenak martxa hartu eta Pesueserako bidea hartu zuten. Harrera etxe batean estalpe hartu zuten. Bertan zeudela bonbardaketak jarraitzen zuten.

Kartzela eta lan behartuak
1937ko abuztuaren 26an, Santanderren atxilotu zuten Aurelio, eta El Duesoko (Santoña) kartzelan sartu. Aitari jarraiki hasitako ihesak zentzua galdu zuen, honez gero. Traste denak gainean hartu eta Villabonara, sorlekura, itzuli ziren, oraingoan aitarik gabe. Amak lanean hasi behar izan zuen. Gogor, gainera.
Kartzelan zegoela epaiketa izan zuen Aureliok (1938ko uztailaren 14ean, Bilboko Epaitegi Militarraren eskutik), eta bere espetxe zigorra berretsi zuten. 1939ko maiatzaren 12an, Bilboko gerra auditoreak bere zigorra aztertu zuen eta libre geratu zen «al carecer de relevancia penal los hechos imputados». Etxera itzuli zen. Pulmoniarekin etorri zen etxera. Baina zigorra ez zen amaitu, ordea. Langile Batailoietara zigortu baitzuten.

Villabonan gauzak ez ziren errazak izan
Villabonako aguazila Amasako mutil batek lagunduta (ez dugu izenik aipatuko) agertu zen etxean, eta Aurelio ikusi nahi zutela-eta gelara sartu ziren eta aguazilak esan zion mutilari: «Hau al da?», eta hark: «Bai hau da». Ondoren Guardia Zibila etorri zen Aurelio atxilotzeko asmoz.

Familiako medikuak, Jesus Alustiza doktoreak, aurre egin zien: «NIre ardurapean gizon hau ez da hemendik aterako gaixo dago eta». Sendatu zenean, ordea, berriro itzuli ziren eta eraman zuten. Bere aurkako akusazioa hauxe zen: «Asesinar y detener personas de derechas».

Aurelioren senideek argi dute, lehen aldian Aurelio zigortzea lortu ez zutenez, gogoarekin geratu zirela eta gero Villabonan bertan eraiki zirela Aurelioren aurkako akusazioak, hura berriro ere espetxeratzeko.

Berriro atxilotuta: Langileen Batailoia
Bilboko espetxea (Eskolapioak) eta Langile Batailoiak egokitu ziren gero; osotara, Aureliok beste hiru urte eman zituen Villabonatik kanpo. Deustu eta Tuterako batailoiak ezagutu zituen.

Kartzelatik irten ostean Aurelio Villabonara itzuli zen. Lanean hasi behar izan zuen, ahal zuen moduan. Papergintzara itzultzen saiatu zen, baina ez zuen aukera izan (Francoren alde borrokatu zutenek omen zuten lehentasuna). Gerora lortu zuen aurreko lanbidera, papergintzara, itzultzea. Ikazkin ere jarraitu zuen.

Villabonan zela ere, bere aurkako atxilotze aginduak iritsi ziren Andoaingo Guardia Zibilaren komandantziatik. Subijana familiako kide bat izan omen zen, bereizi gabeko atxiloketa haiek amaitu beharra aldarrikatu zuena eta betearazi zuen. Gertukoa zuten frankistek.

Aurelio, askatasunaren aldeko borrokalari handi bat. In memoriam.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!