Villabonako kultur programazioa herriko hiru lekutan egongo da aurrerantzean

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 28a, 15:28

Villabonako Udaleko Kultura sailak programazioa eta bestelako oharrak zabaltzerakoan bide berriak erabiliko ditu herria kartelekin ez betetzeko helburuz.

Villabonako Kultura sailak antolatutako ekitaldien eta bestelako oharrak herritarrei helarazteko bide berriak erabiliko ditu aurrerantzean. Helburua kaleak kartelekin ez betetzea da eta horretarako batetik, herriko hiru lekutan jarriko dute informazioa, eta bestetik, posta elektronikoz eta telefono mugikor bidez zabalduko dute.

Informazioa jarteko Gurea zinemako eta liburutegiko paretetan, eta kiroldegiko sarreran panel bana jarri dituzte. Eta posta zein telefono mugikorrei dagokienez, informazioa horrela jaso nahi dutenei kultura@villabona.net helbidera idazteko eskatu diete.

Era berean, Aljibean, Aljibe Gauak izenpean, formatu txikiko emanaldiak antolatzen hasiko dira, eta horretarako herriko elkarte eta eragileak hartuko dituzte kontuan. Emanaldietako irabaziak elkarteren batentzat izango dira.

 

 
 

Otsaileko programazioa

  • Otsailak 2: Hansel eta Gretel, Gurea antzokian, 17:00etan. Sarrera: 5 euro.
  • Otsailak 9: Soinu Zahar Txapelketa, Gurea antzokian, 11:00etan. Sarrera doan.
  • Otsailak 21: Aljibe Gauak ekimenaren barruan, Jon Plazaolaren bakarrizketa eta Pettiren bakarkako emanaldia, Aljibean, 22:30ean.
  • Otsailak 27 (Ostegun Gizen): Amasa-Villabonako ikastetxeetako haurrek prestatuko dantzak, eta kalejira, Iraunkorrak txarangarekin, 15:00etan, kiroldegian. 17:00etan Marmaduke filma Gurean, doan.
  • Otsailak 19 eta 26: Basque Culinary Centerreko Villabonako ikasle diren Javi Rivero eta Eneko Amondarainek ogitarteko ikastaroa eskainiko dute 19:00etatik 21:00etara. 10 euro balio du ikastaroak eta otsailaren 3tik 14ra eman behar da izena 943 69 16 55 telefono zenbakira edo kultura@villabona.net helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!