Lehenengoan Pello Ramirez musikariak emanaldirako espresuki egindako abestiak izango dira entzungai. Bigarrenean, aldiz, uztailean Tolosako Leidor aretoan Oinkari dantza taldeak eta HIKA Teatroak estreinatu zuten emanaldia oso-osorik ikusteko aukera izango da.
Ikuskizun honek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bildu dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi sareetan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz.