Azoka egun arrakastatsua

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 12a, 14:21

Altzoko plaza postuz eta jendez bete da gaur. Azoka eguna dute eta Tolosaldeko Ezti Txapelketa izan dute ere. Ikaztegietako Mattin Jauregik irabazi du.

Giro aparta izaten ari dira gaur, Altzon. Azoka eguna dute eta azken egunetako euri jasak bukatuta plazan jarri ahal izan dituzte postu guztiak. Tolosaldeko Ezti Lehiaketa egin dute ere. Lehen aldiz egin dute Altzon. Orain arte urrian egiten zuten, Ibarrako azokan. Gipuzkoako Erlezain elkarteko zuzendaritzako kide den Jon Etxeberria izan da epaimahaikideetako bat, eta esan du aurkeztutako ezti guztiek eman dutela maila txukuna. Guztira bost izan dira aurkeztu diren eztiak, beste urteetan baina gutxiago. "Iaz pandemia dela eta etenaldia izan zuten batzuk eta izan du eraginik, nik uste. Bost aurkeztu dira azkenean eta oso maila txukuna eman dute".

Lau izaten dira kontuan hartzen dituzten ezaugarriak; aurkezpena, eztiaren egoera eta subjektiboak diren beste bi, zaporea eta usaina. "Xehetasunak hartu behar izan ditugu kontuan, oso ezti onak aurkeztu baitituzte guztiek. Lehen ez zen horrela izaten, baina orain badakite lehiaketa batera aurkezten ari direla, eta oso maila txukuna izaten dute orain", gaineratu du Etxeberriak.

Azkenean, Ikaztegietako Mattin Jauregiren eztia izan da lehena 36 punturekin, Hernialdeko Patxi Imazek 35,1 puntu jaso ditu eta Berrobiko Iñigo Erauskinek 35 puntu. Martxoan Zegaman egin ohi den Gipuzkoako Ezti Lehiaketan hartuko dute parte eskualdeko ezti ekoizleek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!