Jokin Irastortzarentzat Azpeitirako txartela

Jexux Murua 2017ko mar. 11a, 12:45

Xabier Irastortza bertsolari oiartzuarrak lortu zituen puntu gehien atzo Altzoko Elordi Elkartean egin zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako sailkatze saioan, eta berak eskuratu zuen apirilaren 2an Azpeitian ospatuko den finalean sartzeko jokoan zegoen txartela. Elordi Elkarteko jangela bete-bete egin zen eta giro beroa izan zuten bertsolariek.

Hede motzean daude lotuak Xabier Amuriza eta bertso-eskolak, eta luzapenez gaurko bertsolari gazteak eta Amurizaren bertsolariak hezteko proposamena.

Joan den urteko apirilaren 29an Xabier Amurizak bere bat-bateko azken saioa egin zuen mahai berean aritu ziren atzo, hamabost eta hemezortzi urte bitarteko Gipuzkoako herri desberdinetako sei bertsolari gazte, Altzoko Elordi Elkartean. Hark hunkitu gintuen bere agurrarekin eta hauek bertsolaritzaren etorkizuna bermatua dagoela erakutsi digutenean. Luzatu da hedea, eta ez du etenik.

Xabier Agirre oñatiarra, Imanol Albizu "Erdoizta" azpeitiarra, Jokin Irastortza oiartzuarra, Aner Peritz "Euskitze" zarauztarra, Ane Beloki legazpiarra eta Haizea Arana eskoriatzarra aritu zien Imanol Artola "Felix"en anparoan eta esanetara, 70 bat zaleren aurrean; afaltzera bildutako 60 ingururi besta hainbat bildu baitzitzaizkien afalostean saioa entzutera.

Afaldu eta bederatziak pasata ekin zioten bertso saioari. Ane Beloki eta Jokin Irastortza dira eskarmentu gehien pilatua dutenak, eta igarri zen beren bertsotako tenplean; gehiago antzeman zitzaien urduritasuna beren mahaikideei.

Agirreri egokitu zitzaion saioari hasiera ematea. Irastortzak saio oso erregularra egin zuen, goitik beti, eta epaile kontuan hartu beharrik ez zuten agurreko bertsoan ibili zen estuen. Ane Belokik bakarkako lanean egin zuen bere laprast bakanetakoa, bestela ez zuten lan erraza izango epaileek. Erdoiztak eta Aranak sena eta bizitasun handiko bertsolariak direla erakutsi zuten; badago gaia hor. Euskitzek lehen agurretik erakutsi zuen hizkuntza eta esaldi landuen aldeko hautu zaila, bide estuegitara eraman zuena sarri.

Esan bezala, Irastortza izan zen epaileen punturik gehien bildu eta Azpeitian, apirilaren 2an , igandea, jokatuko den finalerako txartela lortu zuen bertsolaria. Beste bost lagunen puntuazioak ez ziren jakinarazi, eta zori hori izango duten jakin-minarekin egon  beharko dute sailkatze saio guztiak amaitu arte, orduan emango baitute antolatzaileek, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea,  finalista guztien zerrenda.

Kopletako saioan Maider Agirre eta Garazi Astrain trikitilari altzotar gazteen laguntza izan zuten. Elordi Elkarteko zuzendaritzako kideek afari goxoa eskaini zieten bilduei eta hala aitortu zien bertsolariek. Gau borobila.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!