Nerea Sancho: "Gure aniztasuna ezagutu eta onartzea da sexualitatearen hezkuntzaren helburua"

IƱigo Terradillos 2014ko urt. 26a, 18:06

Sexologo altzotarra Ibarran izango da gaur, haurren sexualitatearen esku hartzeaz solasean

Sexualitatea txikitatik lantzeak garrantzi handia du, «aniztasunean hezi eta garatzeko». Hutsune handia nabari da, baina, hezkuntzan. Gurasoen aldetik ezjakintasuna eta segurtasun eza dago, eta ikastetxeetan ere ez da behar adina eta behar bezala garatzen gaia. Nerea Sancho sexologoa gaur izango da Ibarran, Uzturpe ikastolak antolaturiko hitzaldian, kultur etxean, 18:00etan. 2 eta 7 urte bitarteko haurren gurasoei sexualitatearen arloan segurtasunez esku harzeko irizpide «errazak» emango dizkie altzotarrak.

Gurasoek sexualitate arloan aritzeko segurtasun eza izaten al dute?
Bai. Hitzaldiaren helburua da gurasoek beraien seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egiten dutenean edo haien jarrerak transmititzeko orduan, ziurtasunez egin dezatela. Horren oztopo nagusia norberaren segurtasun falta izaten da, eta irizpide sinple batzuk emanda edozein gurasok oso ondo egin dezake esku hartze hori. Hala, interbentzio hori sortzen denean, guraso edo hezitzaile bezala gai izango dira sexualitate arloko gaietan parte hartzeko.

Noiz hasi behar dute gurasoek gai hori lantzen haurrekin?
Jaiotzetik egiten dugu sexu hezkuntza. Sexu hezkuntza ez da soilik ikastetxe batean edo liburu baten bidez landu daitekeena. Sexuaren arloari buruzko zalantzak, sentimenduak, maitasunari buruzko hitzak... hori guztia jaiotzetik landu behar da. Hori ikustaraztea da nire zereginetako bat. Izan ere, jende askok uste du sexualitatea pubertarotik aurrerakoa dela, eta genitalei eta sarketari lotutako zerbait dela. Ikuspuntu hori okerra da. Guraso bezala 12 urtetik aurrera hasten bagara sexualitateari buruz parte hartzen, oso berandu ari gara.

Zein da sexu hezkuntzaren helburua?
Sex hitzak banatu, desberdindu esan nahi du. Gizakiak jaiotzen garenetik norbanakotzen joaten gara, berezi egiten, bakar. Sexuen hezkuntza da desberdin garen hori heztea, gizon eta emakume bezala eraikitzea. Gure aniztasuna ezagutu eta onartzea da sexuen hezkuntzaren helburua. Neska eta mutil bezala, gure bertsio onena eraikitzea, ezaugarri maskulino eta femeninoak ezagutu eta onartzea, hauek heztea eta garatzea. Errepikaezinak gara, ez dago inor munduko historian gure berdina denik eta ez da egongo ere. Hori da sexualitatearen ezaugarri nagusia eta ondorio nagusia, anitzak garela.

Nola landu behar da heziketa haurrekin?
Gurasoek haurrek dituzten joera maskulino eta femeninoak ikusteko gaitasuna izan behar dute, eta aukera eman haurra den bezala ezagutu eta onartzeko. 0 eta 2 urtetan lotura afektiboak du garrantzia, hau da, gai izatea haurrari begiratzeko, laztantzeko... eta lan hori ondo egiten bada, etorkizunerako oinarri batzuk ezarriko dira. Hala, haur hori heldu egiten denean, gai izango da harreman erotikoetan eramaten uzteko edo positiboki bizitzeko eta zailtasun gutxiago izango ditu.

Eta ondorengo etapan?
2 eta 6 urte bitartean rolak ezartzen joaten dira. Askotan, nahigabe joaten gara haurren rolak eta identitateak zehazten, koloreen bidez, esaterako, mutiletan urdina eta nesketan arrosa erabiliz. Hori ekidin egin beharko litzateke.  

Gurasoek zertan egin dezakete huts?
Esaterako, ikus ditzakegu 3 urteko mutiltxo eta neskatxo bat elkar besarkatzen, eta gurasoak banatzera joaten dira, agresibitatearekin. Heldu hori besarkada hori ikuspegi heldu batetik irudikatzen ari da, baina, txiki horien helburua ez da txortan egitea edo plazer konpartitua izatea. Esploratzen ari dira, afektiboki espresatzen, imitatzen edo jolasten, eta baimentzen badiegu euren modura jakinmina asetzen, oinarri oso sendoa sortuko dugu; sexualitate hori era aberats eta anitzean garatzeko heldu aroan.

Ezjakintasunagatik gerta daiteke hori.
Gurasoek oso borondate ona izaten dute, baina, askotan hanka sartzeko beldur dira. Ez dago sexualitatea asko landu duen belaunaldirik. Esaterako, hitzak falta zaizkigu, eta lehengo gauza egin behar duguna da jokaerei, sentimenduei, gorputzeko atalei... izenak jarri. Hori oinarrizkoa da. Heldu bati pitilina edo exzitatu edo orgasmo hitzak esatea beldurra ematen badio gainditu egin beharko du, bestela tabu hori seme-alabei transmititzen egongo gara berriro.

Nola erantzun ez dakiten uneren batean zer egin behar da?
Ez dugu haurrek galdetzen duten guztia jakin beharrik, eta kasu horietan galdetu egingo dugu, edo begiratu liburuetan, hiztegietan edo interneten elkarrekin. Bera jabetu dadila gaia garrantzitsua dela, eta erantzuna emango diogula bere zalantzari. Modu horretan arreta jasoko du seme-alabak. Aldiz, ez badugu erantzuten, paso egiten badugu, edo ez entzunarena, transmititzen ari garena da gai hori ez dela gurasoekin hitz egitekoa edota ez dela garrantzitsua. Orduan galdetzeari uzten diote, eta erantzunik gabe geratzen dira. Hori izango litzateke orain arte eman dena, eta gure helburua  ez errepikatzea da. Eraginkortasunaz ari gara hitz egiten. Modu eraginkorrean hezi nahi duzun, zure seme-alabak aske, konsziente eta modu librean aukerak egitea nahi duzun da kontua. Horregatik, hasieratik landu behar dugu, eta hasiera jaiotza da.

Honetan guztian laguntzeko zer topa daiteke?
Eskuliburuak, esaterako badaude. Nik lau kaleratu ditut, nire asmoa euskarri bat izatea ere bazelako. Une jakin batean lagundu dezake, haurrari azaldu beharrekoak bertan ikusi eta ikastea elkarrekin. Euskarriak ez daude soberan, eta gainera historikoki ez dira asko egon eta egon direnak agian bere garairako ondo zeuden, baina gaur egun gehiago eskatu behar zaie. Bestalde, haurrek galdetzen dutenez, edozein unetan burutik pasa zaien zerbait dela esan nahi du, eta agian ezin duzu erantzuna oso prestatuta eduki. Baina, ez dago horren beharrik. Nahikoa da galdetu dizuna identifikatzeko gai izatea,  eta badakizun edo ez dakizun, eta zer esango diozun pentsatzea. Horrekin bakarrik galdera ekidinez baino askoz gehiago egingo dugu.

Eta ikastetxeetan? Nola lantzen da sexualitatea?
Sexu hezkuntza derrigorrezko edukia da ikastetxeetan. Eusko Jaurlaritzatik horrela dago ezarrita, baina, ikerketen arabera, ez da egiten egin beharko litzatekeen moduan. Irakasle askok formazio eta irizpide faltagatik kurtso bukaerarako uzten dute, eta azkenean ez da denborarik izaten edo era oso sinplean ematen da. Ikastetxe batzuetan oso jakitun dira beharrezkoa dela eta sexologo bat kontratzen dute ordu batzuetarako hutsune hori betetzeko. Horiek ahal duten hoberena ematen dute ikuspegi integral batetik. Baina, ez da nahikoa, ezinezkoa baita 16 urtetan zehar ordu gutxi batzutan soilik emanda ondo ematea gaia. Beraz, momentuz ezin dugu erantzukizun hori ikastetxeen esku utzi, ez baitago sexualitatearen heziketa ziurtatuta. Hutsune hori aldarrikatzen denbora asko daramagu, eta jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!