Alkizako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen Begiratokiaren ibilbidea atontzeko. Gauzak horrela, Fagus-Alkiza egitasmoaren barruan zeuden ibilbideak egokitu eta ibilbide zirkularra osatu dute. Bost kilometro pasatxoko zirkuitu laburra da, eta herrian dagoen ondare etnografiko-arkeologikoa eta balio paisajistikoa erakusteko balio du.
Besteak beste, herritarrak eta bisitariak hartzeko informazio gunea egokitu dute hilerri ondoko aparkalekuan, eta Jakisu enpresaren barbakoa elektriko berritzaile bat eta mahai batzuk ere kokatu dituzte bertan. Gaur egin dute ibilbidearen inaugurazio ekitaldia, eta bertaratu direnek, ibilbidearen berri izateaz gain, garaiko eta kalitatezko produktuak dastatzeko aukera izan dute, zuzeneko sukaldaritza saioa izan baita, Basque Culinary Centerreko ikasle baten eskutik. Aurrerantzean, herritarrek nahiz bertaratzen direnek ere, otorduak egin ahal izateko, barbakoa erabiltzeko aukera izango dute.