Erreportajea

Hondoratu zen altxorra, eskuz egina

R. Calvo / J. Artutxa 2023ko aza. 29a, 08:00

1903ko azaroaren 29an hondoratu zen 'Joven Julian' itsasontziaren erreplika egin du Iñaki Mezquita alegiarrak; abenduaren 15ean ikusi ahal izango da Alegiako kultur etxean.

Ehun eta hogei urte betetzen dira gaur Joven Julian itsasontzia Kantauri Itsasoan hondoratu zela. 1903ko azaroaren 29a zen. Pasaiako portuan sartzera zihoala, Monpas parean, Donostiako Ulia mendi inguruan, ekaitzaren ondorioz, ezin izan zuen nabigatzen jarraitu. Hamabi marinel zihoazen eta bi txalupatan bizirik ateratzea lortu zuten. Galdu zen bakarra txakur bat izan zen. Ezbeharraz jabetuta, marinelak bere bila itzuli ziren, baina ez zuten aurkitu.

Kabotaje-ontzia zen Joven Julian; itsasontzi handia. Penintsula osoari buelta eman eta Herrialde Katalanetaraino joaten zen. Handik salerosgaiak ekarri ohi zituen bueltan Pasaiara. Goleta-brigantin belaontzia zen. Hiru masta edo gehiago izan ohi zituzten ontzi mota hauek, baina honek bi masta zituen; goletan zuen bestea. XIX. mendearen amaieran bizi izan zuten bere urrezko aroa; hain justu, 1888. urtean egin zuten Orion. Ondoren, 15 urtez aritu zen lanean. Bada, hondoratu eta 120 urtera, Joven Julian itsasontziko kapitainaren birbilobak eskatuta, barkuaren erreplika egin du Iñaki Mezquita Aranburu alegiarrak. «Ilusio handia zuela eta, niri eskatu zidan».

33 urte dira Mezquita itsasontzien egurrezko maketak egiten hasi zela, eta eskaera komertzialak nahiz enkargu pertsonalak tartekatu izan ditu; esaterako, Donostiako zenbait dendatan salgai daude bere itsasontziak. «Guztira, 60tik gora egingo nituen». Hala ere, eskaera komertzialek eta enkargu pertsonalek elkarren artean zerikusirik ez dutela aitortu du. «Denda baterako maketa bat egitea edo norbaitek ilusio handiz eskatuta egitea oso desberdina da. Emozio handiko prozesua izan da; uneoro egon gara harremanetan».

Historiaren garrantzia

Maketa egiten hasi aurreko prozesuari buruz galdetuta, Mezquitak esan du birbilobak itsasontziaren izena esan ziola, besterik ez. «Egingo nuela hitzeman baino lehen, ea dokumentatzea posible izango nuen kontsultatzen aritu nintzen. Gipuzkoako Ozeanografia Elkartean bazeuden itsasontziaren planoak; ez oso onak, baina bai baliagarriak. Horrez gain, garai hartako itsasontzien irudiekin eta liburuetako datuekin aritu naiz informazioa eta xehetasunak biltzen». Izan ere, maketen kasuan, eskulanaz gain, garrantzi handia du historiak. «Xehetasun guztiak oso ondo zaindu behar dira. Itsasontzi hau egiteko, Ingalaterratik eskatu nituen liburuak», nabarmendu du.

Itsasontzien planoetatik eskalak ateratzen dituzte maketagileek, benetan zein neurri zituen aztertu eta gero. «Joven Julian ontziak 26 metroko luzera zuen, eta enkargua egin zidan birbilobak neurrira egindako maketa nahi zuen, 104 zentimetro neurtzen zituena. Hortaz, metro pasatxora egokitu behar izan ditut itsasontziaren neurriak».

Gaur egun, Alegian bizi da Mezquita, eta bertako kultur etxean jarriko du ikusgai maketa, abenduaren 15ean 18:00etan hasita egingo duten ekitaldian. Bertan barkuaren historia ezagutzeko aukera egongo da.

Hondoratzen ari den ofizioa

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen bitartez hasi zen maketak egiten maketagile tolosarra. Jesus Mari Perona maisuarekin ikasi zuen. «Estimu handia diot. Hasi nintzenean oso gaztea nintzen, 30 urte inguru nituen, eta ordutik bere magalean hartu nau», adierazi du.

Urte hauetan guztietan, lan potoloak egin izan dituela aitortu du Mezquitak; besteak beste, Donostiako Londres hoteleko maketak berritu izan ditu, eta Loiolako San Inazio etxeko itsasontzia ere berak egina da. Berak gogobetetasuna, poza eta ilusioa sentitzen du lanean ari den bakoitzean. «Horrelako maketa bat entregatzen dudanean, eta nolako aurpegiak jartzen dituzten ikusten dudanean, gozatu egiten dut». Hala ere, zaletasun txikia dagoela esan du, batez ere, lan hauek egiteak duen kostu ekonomikoagatik. «Gainera, maketak egitea ez da ospea ematen duen zeregin bat».

Mezquitarekin batera, 40 lagun inguru aritzen ziren jo eta su maketak egiten. Donostiako Aquariumeko eredugileak ziren, bertako Itsas Historia eta Modelismo Saileko kideak. «Bi urtez behin erakusketa egiten genuen Donostiako Boulevard Zumardian, Kutxa Fundazioak zuen egoitzan. Ehun maketa inguru eramaten genituen». Gaur egun, baina, 40 horietatik 6-8 gelditzen dira, eta erreleborako ez du aukera handirik ikusten tolosarrak: «Lasaitasun handia behar da eta gaur egungo gazteek ez dute pazientziarik horrelako lanetarako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!