Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Artolak ez du finala jokatuko

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 16a, 14:01

Duen lesioarekin arrisku handia hartzea litzatekeela finala jokatzea eta sendagilearekin eta enpresarekin batera hartu duela erabakia esan du alegiarrak.

Azkenean, espero zen bidetik, Iñaki Artolak ez du Banakako Pilota Txapelketako finala jokatuko. Azken egunetan jokatzeko gai izango ez zenaren ideia zabaldu da gehien, eta Artolak berak baieztatu du ez duela finala jokatzerik izango. Iñigo Simon Baiko enpresako medikuarekin egon da gaur alegiarra, osasun probak egiten, eta horien emaitzak eskuetan erabaki dute finalari uko egitea. Artolak berak, kontsultatik irtetean esan du medikuak eman dion mezua argia dela: "arriskutsua da, eta ezin dut jokatu".

Beñat Rezustaren aurka jokatutako finalerdian lesionatu zen alegiarra, neurketaren azken tantoetan. Lesio muskularra izan zuen dortsal zabalean eskuin sorbaldaren atzealdean, baina partida bukatu ahal izan zuen, neurketa irabaziz eta finalerako txartela lortuz. Ondoren, ordea, Baiko enpresak azaldu zuen Artola lesionatuta zegoela eta finalaren atzerapena eskatu zuela. Txapelketaren epaile bakarrak baiezkoa erabaki zuen, eta ekainaren 13an izan behar zuen finala astebete atzeratu zen, ekainaren 20ra arte. Artolak, baina, ezin izan du finalerako behar bezala errekuperatu eta uko egin behar izan dio Jokin Altunaren aurkako partida jokatzeari.

Igande honetan, beraz, Rezusta izango du aurkari Altunak. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan Rezustak Zabaletari irabazi zion, eta, bide batez, Artolaren ordezko izatea ere bereganatu zuen. Buruz buruko lehen finala izango da Rezustarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!