«Umorea eta musika uztartuta, niretzat mundu zoragarri bat da»

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 16a, 09:05

Putinen guardasola antzezlana ikusi ahalko da Alegiako Elizpe zinema aretoan, bihar, otsailak 17, 22:00etan. Sarrerak bost euro balio ditu. 

Aurretik erosi daitezke kultur etxean, eta gaur da azken eguna horretarako. Musika eta umorea uztartzen ditu Asier Sotak zuzentzen duen obrak, eta Inazio Tolosa eta Ramon Agirre dira aktoreak. Azken hau elkarrizketatu dugu, antzezlana pixka bat gehiago ezagutzeko asmoz.

Nola ari da funtzionatzen orain arte antzezlana?

Oso ondo doa. Emanaldi mordoa egin dugu. Oso ondo funtzionatzen du emanaldiak, jendeak gustura pasatzen du.

Alegian izan zarete aurretik?

Oraintxe dudan nago. Inazio Tolosa eta biok elkarrekin egin dugun hirugarren lana da eta ez dakit akaso aurretik egon garen. Ni, egia esan, oso despistatua naiz.

Oraingo antzezlan honekin, Putinen guardasola, Euskal Herriko ereserkia sortu behar omen duzue.

Eusko Jaurlaritzatik etorri zitzaigun Iñigo Urkullu lehendakariaren ondoko bat, eta esan zigun kezkatuta zegoela lehendakaria, munduan zehar ereserkirik gabe ibiltzea ez zela serioa. Eta egia, ez da serioa horrela ibiltzea. Gu pixka bat harrituta gaude guri lan hori eskatu digutelako, baina hartu dugu erronka eta egin dugu lana. Eta orain zabaltzen ari gara Euskal Herrian zehar, eta jendea ikasten ari da. Nik uste dut sentsibilitate guztiak jasotzen dituen ereserki txukuna dela. Beno, Alegiako emanaldira joaten direnek ikusiko dute.

Hirugarren lana da batera egiten duzuena Tolosak eta zuk. Gustura aritzen zarete, beraz.

Istorioa aldatzen da batetik bestera, baina Ray eta Nik pertsonaiak mantentzen dira. Gure arteko konplizitatea ikaragarria da, eta edozein gauza gertatuz gero eta inprobisatu behar badugu, oso ondo ezagutzen dugu elkar, pertsonaiak ere bai, eta hortik abiatzen gara. Aldatzen dena da istorioa, abestiak eta ganberradak.

Umorea beharrezkoa da, ezta?

Dena umorez hartzen saiatzen naiz. Gauza serioak ere umorez hobeto eramaten dira.

Aktore bezala ere beharrezkoa duzue umorea?

Bai, eta gainera ikusita ikuslearekin sortzen dela horrelako enpatia handi bat. Azkenean festa bat bihurtzen da, denak barrez, eta denontzako izaten da terapia osasungarria.

Eta musikarekin zer moduz moldatzen zara?

Nik betidanik musikarekiko zaletasuna izan dut, eta ahal izan dudan guztietan kantatu eta gitarra pixka bat ere jotzen dut. Ausartzen naiz behintzat.

Umorea eta musika uztartzen dituen formulak funtzionatzen du.

Ikaragarri. Gauza guztiak bezala, erraza ez da ezer. Umorea eta musikaren uztarketa bonba bat da; hori ondo eginez gero, horren aukerak ikaragarriak dira. Ez da asko egiten, besteak beste, bai antzerkian eta baita musikan mailatxo bat eman behar duzulako, bestela ezin duzu gauza handirik egin. Biak uztartuta niretzat mundu zoragarria bat da, eta oraindik asko dago egiteko arlo horretan. 

Azken galdera: Euskal Herriko ereserkiari buruzko antzezlan batek zer lotura du Putinen guardasolarekin?

Hori jakin nahi duenak antzezlanera etorri beharko du. Hantxe argituko dugu misterio hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!