«Ez dago aitzakiarik geltokian segurtasun neurriak ez jartzeko»

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 19a, 11:09
Pertsona bat Alegiako geltokian trenbide gaineko pasabidea igarotzen.

Bi herritar sinadurak biltzen ari dira Alegiako tren geltokian segurtasuna bermatzeko.

Alegiar bat hil zen trenak harrapatuta pasa den urrian, eta gertaerarekin hunkituta Marijo Murillo eta Enkarna Mejia herritarrak zerbait egin behar zela pentsatu zuten. «Geltokia bihurgune batean dago, eta nasa batetik bestera pasatzeko, ez bazaude oso adi, bai ikusiz bai entzunez, trena gainera etortzen zaizu», esan du Murillok. Mejiak gaineratu duenez, «oso arriskutsua da pasabidea, eta ez dago aitzakiarik segurtasun neurriak ez jartzeko».

Aldiriko tren gehienak geratzen dira Alegian, baina badira horietako batzuk ez dutenak geldialdia egiten geltokian, eta bestetik, distantzia luzeko trenak daude. Azken bi hauek abiadura handian igarotzen dira geltokitik. «Megafonoetatik abisua ematerakoan, ez du beti bat egiten etortzen den trenarekin», esan du Murillok. «Megafonoetatik esaten dute ez igarotzeko trenbidea, tren bat datorrela-eta. Baina ez du esaten zer tren mota den, nondik datorren edo zenbat denbora behar duen iristeko. Eta gertatu izan da zuk hartu behar duzun trena izatea, eta ez baduzu pasatzen trenbidea, galdu egin dezakezu. Gainera, ez dakigu benetan megafonoek Alegiako geltokiaren abisuak ematen dituzten, edo Tolosakoak diren, ez dago garbi». Mejiak gogora ekarri du haurren kotxearekin igarotzen dela jendea pasabide horretatik edota adinekoak ere bai.

Segurtasun neurriak hartu behar direla diote. «Adibidez, argidun seinaleren bat jarri dezakete, hesi batekin, jendea une horretan ez pasatzeko», esan du Murillok. «Agian, obra bat egitea trenbide azpitik pasabidea egiteko lan handia da edota ezinezkoa, baina bai posible dela semaforo bat jartzea, seinale akustiko batekin, eta hesi bat. Ikaztegietarako bidean kotxeentzako jarrita dago horrelako bat», zehaztu du Mejiak, eta gaineratu: «Milioiak eta milioiak gastatzen ari dira Abiadura Handiko Trenean, eta gero, eskatzen ari garen oinarrizko neurriak ez dira hartzen».

Segurtasun neurriak eskatzeko, sinadura bilketa jarri dute abian. Dagoeneko 450 sinadura inguru jasota dituzte, baina oraindik denbora pixka bat gehiago iraungo du bilketak. Hainbat denda eta tabernetan jarri dituzte orriak sinadurak biltzeko, eta oraindik egin ez dutenei eskatu diete sinadura emateko. Jasotakoak udaletxera eramango dituzte, gero bertatik bideratzeko.

EGUNERO 400 ERABILTZAILE

Unai Iraola alkateak azaldu duenez, gaia ez da berria: «Tren geltokiak bilakaera bat izan du erabilera ahalmenaren inguruan, eta azken urteetan egin diren berrikuntzak zerbitzu batzuk automatizatzea izan da. Baina geltokiaren gabezia handienak, bai segurtasunaren aldetik eta bai irisgarritasunaren aldetik, mantendu egiten dira». Irisgarritasunari dagokionez, gurpildun aulkiekin trenera igotzea «ezinezkoa» dela dio Iraolak. Segurtasunari dagokionez, herritarrek azaldutakoarekin bat egiten dute udaletik, eta Iraolak dio «XXI. mendeko tren geltoki batek eduki behar lituzkeen segurtasun baldintzak» ez dituela betetzen.

Herritarrak hainbatetan kexatu egin direla dio Iraolak, eta pasabidea igarotzeak ematen dien beldurra adierazi dutela. «Ulertzekoa da beldur hori, egoera ez baita erosoa», gaineratu du.

Egunero 400 erabiltzaile inguru ditu Alegiako tren geltokiak, beraz, herriarentzat garrantzia duen garraioa dela esan du Iraolak. «Arrisku handia dago ezbeharrak gertatzeko. Gertatu diren azkenak ez dituzte istripu bezala hartu erantzukizuna dutenek. Bizkaian orain gutxi gertatutako ezbeharra istripu bezala jaso dute, eta orduan hasi dira neurriak hartzen. Guk prebentzioaren aldekoak gara, eta beste ezbeharrik gertatu aurretik neurriak hartzea eskatzen diegu», azaldu du Iraolak.

Hain justu, Renfe eta Adif erakundeekin hainbat bilera egin dituztela azaldu du Iraolak. «Renfetik esaten digute Adif dela horrelako inbertsioak egiteko arduraduna, eta Adif-etik esaten dute beraien lehentasunen artean Alegia oraindik ez dela sartu, eta ez zaiela iristen aurrekontua Alegian hobekuntzak egiteko», esan du alkateak.

Iraolak eskertu du bi herritarrek abiatu duten sinadura bilketa. «Gure asmoa herritarren kexa hori dagokion erakunde arduradunei igortzea da, eta berriro ere presioa egitea esanez ez dela soilik udalaren eskaera, herritarrek egunerokotasunean bizi duten behar baten erakusgarri dela baizik», azaldu du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!