Ikasitakoa erakusten

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 13a, 12:45

Alegiako Erretirodunen tabernan ikusgai dago Arantza Zubeldia eta Nekane Saralegi amezketarren erakusketa.

Arantza Zubeldia eta Nekane Saralegi amezketarren margolanak ikusgai daude Alegiako Erretirodunen tabernan. Hil honen bukaera arte egongo dira bertan. «Lehenengo aldia da horrelako erakusketa bat jartzen duguna», esan du Zubeldiak. «Orain hiru urte hasi ginen ikasten Tolosako kultur etxean, eta gure asmoa ez zen jartzea, baina gonbidapena egin ziguten, eta azkenean animatu egin gara jartzera». Amezketan azoka egin izan denean, erakutsi izan dituzte ere, eta jendeari gustatzen zaizkiela esan du.

Olioz egindako margolanak daude. «Bakoitzak dugu gure estiloa», esan du Zubeldiak. «Nekanerena zehaztuagoa da, eta nireak ez dira abstraktuak baina esan daiteke solteago margotzen dudala. Koloreak ere asko erabiltzen ditut». Aurrena Zubeldia hasi zen ikasten eta ondoren gehitu zitzaion Saralegi. Autoa elkarbanatzen dute Tolosara joateko, eta bertan erabiltzen dituzten margo eta materialak ere bai. «Ez gara denbora asko egoten bertan, baina oso gustura aritzen gara».

Marraztea beti gustatu izan zaiola esan du Zubeldiak, baina ezin izan duela orain arte hori landu. «Hasieran beldurra eta dena ematen dizu hastea ere, ez dakizulako nola hasi. Baina pixkana-pixkana ikasten joaten zara, eta hasieran egindako koadroak ikusi eta orain egindakoak eta aldea dago. Oraindik ikasteko pila bat dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!