'Bibalabeerjen' berria prest

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 25a, 09:00
Alegiako Gaztetxeko kideak garagardoa egiten.

Alegiako Gaztetxean Zerbeza Ferie eta kontzertuak dituzte gaur; gaztetxeko kideek egindako garagardoa egongo da.

Urteurreneko egitarauarekin aurrera jarraitzen du Alegiako Gaztetxeak eta gaur beste hitzordu bat izango dute. Batetik, Zerbeza Ferie antolatu dute bigarren urtez, eta bestetik, Kulto Kultibo eta Revolutionary Brothers taldeen kontzertuak izango dira.

Garagardo festan, iaz bezala, berezitasun bat izango da: gaztetxeko zenbait kidek egindako garagardoa dastatu ahalko da. «Talde bat hasi ginen artisau garagardoa gure kontura egiten, eta hamar bat garagardo ezberdin egin ditugu. Eta garagardo festarako bat prestatu dugu», esan du Aitor Gutierrezek. «Probatzen joaten gara eta orain arte ezberdinak egin ditugu».

Gaztetxeko garagardo festarako ere ez dute aurreko urteko berdina egin. Iaz gorria edo txigortua egin zuten eta aurten gariarekin egindakoa prestatu dute. Hori bai, garagardoari izena berdina jarri diote. «Alegiako festetarako erabiltzen dugun bibalabirjen hartu eta jokoa egin dugu Bibalabeerjen jarriz, ingelesezko beer txertatuz», zehaztu du Gutierrezek. Etiketa Txarli Gesteira gaztetxeko kideak diseinatutakoa da. Iaz jendea gustura geratu zela dio Gutierrezek: «Hala esan ziguten behintzat, eta egia izango da, 80 botila inguru eraman eta denak bukatu baitziren».

Gutierrezekin batera Jon Ander Agirrezabala, Imanol Aranburu eta Garikoitz Iraola aritzen dira garagardoa egiten. «Garagardo komertzialetatik aparte, artisau garagardoak dastatzen hasi ginen, eta ikusi genuen gustatzen zitzaigula. Gero beste batzuekin hitz eginez, garagardoa egitea nahiko erraza zela zioten, eta azkenean animatu egin ginen». Pixkana tresnak hobetzen joan dira, eta «nahiko garagardo txukuna» egitea lortzen dutela dio Gutierrezek.

Osagarriak internetez lortzen dituzte, eta egin nahi duten garagardo motaren arabera egiten dute erosketa. 60 litro inguru egin ohi dituzte. Gaurkorako 100 botila inguru eramango dituzte. Beste garagardo batzuk ere izango dira, artisauak, baina garbi dago zein edari izango den gaueko protagonista. 21:00ak aldera hasiko dute garagardoz bustitako afaria eta 22:30ak aldera izango dira kontzertuak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!