Auzo konposta egiteko aukera izango dute alegiarrek

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 16a, 11:09

Erbeta parkearen inguruan, frontoiaren ondoan dago guneetako bat.

Hiru gune jarri dira herrian bilketa mota horrentzat. Datorren urtearen hasieran jakinaraziko du udalak nola izango den funtzionamendua.

Alegiako Udalak auzo konposta egiteko aukera emango die herritarrei. Herrian zehar hiru gune kokatu dira eta hala nahi duten herritarrek hondakin organikoak puntu horietan bota ahal izango dituzte.

Auzo konposta egiteko gune horietako bat Erbeta parkearen inguruan izango da. Bigarrena Don Pio Montoya plazan jarriko da eta hirugarrena Larraitz auzoko mendebaldean egongo da. Auzo horretako 4 eta 8 zenbakien atzeko aldea eta Galarreta baserrira joateko bidearen azpiko tartean, hain justu. Gune horiek egurrezko egitura batzuk dira eta herritarrek kanpotik bota ahal izango dituzte hondakinak.

Dagoeneko lanak amaituta daude, eta udalak sistema horrek izango duen funtzionamenduaren berri emango die herritarrei eta ondoren auzo konposta egin nahi dutenek izena emateko aukera izango dute. Sistemaren funtzionamenduari buruzko informazioa noiz banatuko den oraindik zehazteke dago, baina datorren urtearen hasieran izango dela aurreikusten dute udaletik. Behin pauso hori eman ondoren zehaztuko dira izena emateko epeak, lekuak eta horrekin loturiko guztia. Udalak herritarrak auzo konposta egitera animatu nahi ditu, hondakinak berrerabiltzeko modu bat delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!